Emonek bere soinua topatu du 'Konfeti kolore' lanean

Ska erritmoei eutsi arren, runba eta merengeari ere heldu dio taldeak bigarren diskoan

2013ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bergarako Emon taldeak Konfeti kolore bigarren diskoa kaleratu du; halere, ez dute hala ikusten eurek, Aritz Alustiza taldeko trikitilariak (Bergara, 1984) azaldu duenez: «Berbetan egon ginen, eta kasik lehenengo diskoa bezala ikusten dugu, aurrekoa maketa bezalakoa baitzen. Emonek bere soinua topatu du. Lehenengoan gehiago ibili ginen ska eta rock doinuekin, eta oraingoan proiektua aldatu nahi izan dugu». Doinu berriekin probatzen aritu dira, eta erritmo latinoak lantzeari ekin. Bizpahiru runba badaude diskoan, baita reggaea eta merengea ere, besteren artean. «Uste dut ez dela definitzen erraza gure proiektua, baina ez daukagu aurreiritzi askorik kantuak egiteko». Eraginez galdetuta, Joxe Ripiau eta La Pegatina aipatu ditu, besteren artean.

2007an sortu zuten taldea: «Esperientzia handirik barik, errazena egiten hasi ginen, bertsioak jotzen. Denborarekin, gure kantak eginez joan ginen, pare bat urteigaro eta gero. Ondo etorri zitzaigun, praktika hartzeko». Hasierako espirituarekin jarraitzen dutela nabarmendu du, halere, Alustizak: «Festarako musika da, dantzarako, tituluak esaten duen moduan». Abeslaria aldatu egin dute besteren artean; «helduagoa» deritzo lan honi trikitilariak. «Talde askorekin gertatzen den moduan, lehenengoa inprobisatuagoa izan zen, eta asko pentsatu gabe egiten duzu aurrera; disko hau gehiago mimatu dugu. Urtebeteko lan bat, detaile bakoitza zaindutakoa».

Dibertsioa eta konpromisoa

Jai girorako musika egiten badute ere, gai soziopolitikoei egiten diete erreferentzia hainbat abestiren hitzetan. «Proiektua prestatzen hasi ginenean, nahiko garbi geneukan mezu positiboak helarazi nahi genituela; negatiboak helarazteko hor daude komunikabide guztiak. Baina, noski, bizi garen herrian bizita, ez da erraza nolabaiteko protesta abestietatik aldentzea. Azken urteetan nahiko gertutik bizi izan dugun gauza bat izan da euskal gazteriak jasaten duen jazarpena». Horren adibide da Dagokizuna abestia: «Gazte baten ametsak/ justiziak lapurtua/ Herri baten ilusioak/ indarrez ixiltzen dira». Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea zenari ere eskaini diote beste bat, Amets fabrika: «Kukutza hustu zutenean —2011ko irailean ertzaintzak bortxaz hustu zuen— Erroman geunden jotzen. Handik ikusi genuen guztia, eta garbi geneukan abesti bat egin behar genuela».

Makina bat kolaborazio izan dute Konfeti kolore diskoan. La Pegatina taldeko Adria Sala gitarrista eta abeslariak parte hartu du Amets fabrika abestian, eta beste hainbat abestiren hitzetan Iñaki Gurrutxaga, Maialen Arzallus, Itxaso Paia, Miren Amuriza, Jokin Uranga eta Iratxe Ibarra bertsolarien laguntza jaso dute. «Egia esan, lagundu diguten batzuk ez genituen ezagutzen. Horretarako, Facebook kristoren erreminta da, hasi ginen lotsagabe-lotsagabe proposamenak egiten, eta oso-oso erantzun ona jaso dugu; haiek ere proiektuan sartu dira bete-betean». Taldekideek euren ideiak azaldu dizkiete, eta bertsolarienak ere jaso dituzte: «Egia da hitz batzuk egin ditugula, e!».

Orain buru-belarri dabiltza diskoa aurkezten. Lau kontzertu eman dituzte, eta apirilerako badauzkate beste bi behintzat hitzartuta. Apirilaren 6an Oiartzunen ariko dira, Bizardunak taldearekin batera, eta hilaren 11n Gasteizko gaztetxean joko dute, Vendettarekin. Udarako ere ari dira proposamenak jasotzen. Izan ere, giro hori da eurentzat aproposena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.