Begiratu eta ezagutu, epaitu gabe. Emakumea da obraren oinarria; hauskor izateari utzi, eta bere garapen propioa bizitzen hasten den emakumea. Emozioak eta bizipenak islatzen ditu, eta gauza txikiei garrantzia ematen die. Salto egiten du sinpletasun figuratibotik sinbolismo surrealistara. Istorio pertsonal bat da. Arte tradizionalaren eta digitalaren arteko elkarrizketa du izena Silvia Sanchez artistak (Bilbo, 1970) Donostian jarri duen erakusketak. Abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, Okendo kultur etxeko areto zaharrean.
«Areto inperfektu bat, inperfektuak diren nire emakumeentzat», adierazi du, irribarrez, Sanchezek. 500 urte ditu eraikinak, eta zaharra denari «ukitu moderno bat» eman nahi dio. Lan fisikoak ikusteaz gain, lan horien animazioak bizi izateko aukera ere badago, errealitate birtualeko betaurreko batzuen bidez. Izan ere, ez da nahikoa esperientzia hori kontatzea: «bizi» egin behar da.
Emakumearen azterketa psikologiko bat egin du artistak. Haren margolanetan agertzen den emakumea bere buruaren irudikapen bat da.
Zazpi obra daude zintzilik aretoko paretetan. Sanchezek eskuz margotu ditu, tinta, akuarelak eta paperaren askotariko testurak erabiliz. Piezek «emozioen mundura» eraman nahi dituzte ikusleak, eta inperfektutasuna erakusten dute: «Mundu inperfektuaren mezua helarazi nahi dut, izaki inperfektuak garelako».
Haren proposamena zera da, kontatzea nola elkartzen diren artea irakasteko bi modu: artearekin interesa duen jendearena, eta, aldi berean, arteari beldur pixka batez begiratzen diotenena. Sanchezek uste du ez dagoela «borrokarik» digitalizazioaren eta arte tradizionalen artean: «Ez da bi arte motaren arteko lehia bat: elkarrekin bizi daitezke». Harentzat, biak dira «baliozkoak» mezua egoki helarazi ahal izateko.
Sanchezek hamabost urte baino gehiago daramatza artearen munduan. Zuzenbidea ikasteari utzi zion, artean aritzeko. Espainian, Portugalen, Suitzan, Mexikon eta Arabiar Emirerri Batuetan bizi izan da, bere lana erakusten.
Bidean aurkitu dituen kultura eta pertsona guztien emozioak ezagutu nahi zituen, baita bereak ere, inolako «epaiketarik» egin gabe. Horregatik dira inperfektuak haren lanetako emakumeak, «melankoliatsuak, baina itxaropenez eta indarrez beteak». Gauza txikiek egunerokotasunean duten garrantzia da haren lanaren muina. Sinpletasuna gustuko du, baita surrealismoa ere.
Erakusketaren proiektua «erabat berritzailea» da, eta momentu berezi batean iritsi da, gainera, aplikazio digitalak gero eta barneratuago daudelako artean.
Inperfekziotik eboluziora
Zazpi koadroez gain, artistak gehigarri bat ere prestatu du: obra horietako batean inspiratutako eskultura bat. Lehen aldiz aritu da zizelkari: «Artearena amaitzen ez den bide bat da. Gauza berriak ekarri dizkit eskultura egiteak, utziko ez dudan mundu zoragarri bat deskubritzen ari naiz».
Bestalde, errealitate birtualeko esperientzia bat sortu du artistak. Haren margolanetako emakumeak bizirik ageri dira hor, eta gertutik ikus daitezke, hiru dimentsiotan eta 360 gradutan. Hala, ikuslea «emakumeen emozioen munduan» murgilduko da, artistaren esanetan. «Emakumearen ahalduntzeari egindako oda bat da, beren alde guztien aberastasuna erakutsiz, inperfekzioan aurkitu daitekeen edertasunaren inguruko galderei erantzuna bilatuz, eta gauza txikiei garrantzia emanez, baita bizitzan aurrera egiteko ahulguneei eta indarguneei ere, bizitzaz gozatu ahal izateko». Animazioak Inperfekziotik eboluziora du izena, eta lau minutu eta erdi irauten du.
Obraren asmoa da gazteak erakartzea sorkuntzara eta artera, teknologiari eta ikus-entzunezko formatu berritzaileei esker. Astearteetan, artistak bisita gidatuak egingo ditu, 18:00etatik aurrera.
Emozioen errealitate birtuala
Silvia Sanchezek «arte tradizionalak eta birtualak» uztartu ditu Donostian ireki duen erakusketan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu