Hitz gutxitan deskribatzeko, emozioen eztanda handia izan zen kontzertua. Hunkigarria eta lazgarria, Tugan Sokhiev zuzendariak eraikitako emanaldiak zutik jarri zituen bertaratutako entzuleak, eta txalo zaparrada benetan eskuzabala izan zen. Ferruccio Furlanetto baritonoa (Sacile, Italia, 1949) izan zen gaueko izarra. Boris Godunoven pertsonaia modu ikaragarrian interpretatu zuen, jendearen «bravo!» oihuak eta txalo beroenak jasoz. Tolosako (Okzitania) Orkestra Sinfonikoak, gainontzeko hamahiru bakarlariek eta orfeoiak ere, entzuleen esker ona jaso zuten.
Errepikaezinak diren kontzertu horietako bat zela sentitu dute abeslariek. Ez daude operak prestatzera ohituta, eta are gutxiago errusieraz. Orfeoiak behin bakarrik egin du Boris Godunov opera, 1996an, eta herenegungoa izan zen Donostiatik kanpo interpretatu duten lehen aldia. Horren ondorioz, abeslari gehienek ez zuten opera ezagutzen. Musika aldetik segituan menderatu arren, errusieraz kantatzen ikasteko ordu dezente sartu dituzte. Orduak igaro dituzte ahoskera egokia bereganatzen eta azentuak behar diren tokian jartzen. Dena den, errusiera ahoskatzen ikastearekin batera, erronka handiena opera batek eskatzen duen dramatismoa eta antzezlan puntua aurkitzea izan da. Eskainitako bertsioa ez da antzeztua, baina entzuleek istorioa ulertu eta sentitu behar dute berdin-berdin. Horregatik, abestien atzean dagoen testua bereganatu dute pixkanaka. Izan ere, opera honek kontatzen duen istorioa erabat historikoa eta erreala da, eta errusiar gizartearen ezaugarri nabarmen guztiak biltzen ditu.
Hala eta guztiz ere, ikasteko orduan ez dira bakarrik egon. Ksenia Terebkova orfeoian sartu berri den sopranoak izugarri lagundu die hizkuntza menderatu eta testua ulertzerako orduan. Joan den astelehenekoa haren lehen kontzertua izan zen, eta hunkituta atera zen bertatik: «Obra hau oso berezia da niretzat, nire izena Ksenia printzesaren omenez jarri baitzidaten». Terebkovak bakarlariekin hitz egiteko aukera eduki zuen, eta adierazi zuen horiek harrituta zeudela abesbatzaren errusierarekin eta interpretatzeko orduan erakutsi zuten mailarekin: «Ez zuten espero halako profesionaltasunik. Ziur nago Errusian kontzertu arrakastatsua izango zela».
Errusieraz egoki kantatuta
Zorionez, zuzendaria ere konbentzitu zuten. Haren esanetan, errusiera egokia lortu dute: «Obra hau kantatzea zaila da, ez bakarrik kanpotarrentzat, errusiarrentzat ere bai. Antzinako hitzak dira, gaur egun erabiltzen ez direnak». Opera izateko, abesbatzak pasarte asko dauzka; ohi baino gehiago. Musorgskik Errusiako herriari ahotsa eman zion obra honetan, eta garai hartako gizarteak jasan zituen miseriak islatu zituen. Tolosan (Okzitania) egindako entseguetan, Sokhievek herritarren ahots hori ateratzera animatu zituen. «Obra honetan ez dute balio ahots zuriek eta melodia finek. Soinuak potoloa eta iluna behar du, gogoratu pobreak zaretela, herritar xeheak, Errusiako tsarrari ogi eske». Orfeoiko abeslariok ez daude horrela kantatzera ohituta, baina orkestraren indarrak eta bakarlarien lanak asko lagundu die, ia errusiar sentitzeraino.
Musorgskiren operak Errusiako gizartearen ezaugarriak deskribatzen ditu. Politika, boterea, erlijioa eta abertzaletasuna biltzen ditu obrak. Boris tsarrarekin batera, Errusian agindu zuten beste bi pertsonaia biltzen ditu istorioak, eta boterea lortzeko borrokak, azpilanak eta krimenak agerian uzten ditu. Operan jorratzen den gai garrantzitsuenetako bat boiardoen (errusiako nobleen) eta herriaren arteko harremana da. Horregatik, ahotsa da operako protagonista, eta bai abesbatzak eta bai bakarlariek ere etengabe parte hartzen dute obran. Errusiako tronua lortzeko, Borisek Ivan Beldurgarriaren azken seme Dmitri hil zuela uste da. Boris egindakoaz damutzen da operan, eta samin hori soilik heriotzak arinduko diola daki. Haren inguruan boterea eskuratzeko irrikaz dabiltza boiardoak eta printzeak, eta horien artean fraide gazte bat, Dmitri printzeaz mozorrotuko da, Borisen tronua bereganatzeko asmoz. Boterea lortzeko norgehiagoketatik kanpo, herritarrek miseriak, goseteak eta gerrateak jasaten dituzte.
Bi ordu eta erdiko ikuskizuna da; operaren erdia, hain zuzen ere. Obraren hasiera eta amaiera biltzen ditu kontzertuak, Borisen koroatzea eta beraren kontrako konspirazioak eta heriotza. Drama izan arren istorioaren ardatza, operak baditu hainbat eszena komiko. Nabarmenetako bat, taberna batean edanda dauden apaiz batzuen arteko kantua da. Beste pasarte esanguratsu bat inozoaren eta Borisen arteko elkarrizketa da. Bi une horiek seriotasuna arindu arren, istorioak ez du gordintasuna galtzen. Hamalau bakarlarik parte hartu dute. Furlanettorekin batera, Ain Anger baxuak (Pimen), Garry Magee baritonoak (Andre Txelkalov) eta Stanislav Mostovoi tenorrak (inozoa) arrakasta handia izan zuten Tolosako entzuleen artean. Anastasia Kalagina (Xenia), John Graham Hall (Xuiski printzea), Pavel Txervinski (Nikitx eta Mityukha), Alexander Teliga (Varlam), Marian Talaba (Grigori), Svetlana Lifar (Fiodor), Sarah Jouffroy (neskamea), Helene Delalande (tabernaria) eta Vladimir Kapshuk (boiardoa) dira gainontzeko bakarlariak.
Iluntasuna nabarmenduz
Antzeztu gabeko bertsioa izateak Musorgskiren opera hobeto ulertzeko modua ematen du, zuzendariaren esanetan: «Lan biluzia da, ez du jantzirik edo apaingarririk behar ulertzeko. Musikaren estilo sendo eta dramatikoa eta tsarraren izaeraren deskribapen biluzia eta gizatiarra dira opera honen ezaugarri ederrenak, eta antzezpenik gabeko bertsio honek obraren iluntasuna nabarmentzen du». Gaur Parisko Salle Pleyel aretoan egingo du orfeoiak bigarren emanaldia. Larunbatean Iruñean izango da kontzertua, eta astelehenean, berriz, Oviedon.
Emozioen olatu errusiarra
Donostiako Orfeoiak 'Boris Godunov' opera estreinatu zuen herenegun Tolosan (Okzitania), hango Orkestra Nazionalarekin. Horren berri barrutik eman dio BERRIAri Ane Urrutikoetxea kazetariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu