Emozioz beteriko tokia eta hobia

Etzi izango dira 30 urte GALek Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu zituela. Urteurren hori gogoan, 'Kareak erre ez duena' emanaldia gauzatu zuten herenegun Tolosan, kontakizuna, poesia, musika, bideoa eta dantza batuz.

Asier Zabaleta dantzaria aizkorarekin zoruan zuloa egin ondoren, desagertzeko eta bere koreografia bukatutzat emateko pronto. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Tolosa
2013ko urriaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inoiz argitaratu ez zen eleberri baterako dokumentazio lana egiteko bidaiatu zuten Jose Luis Otamendik eta Iñigo Aranbarrik Joxi Zabala eta Joxean Lasa ETAko ekintzaileen gorpuzkiak topatu zituzten lekuraino, Bussoteraino (Alacant, Herrialde Katalanak). 1996ko apirilaren 2a zen, eta goizeko bederatziak zirenean iritsi ziren hamabi urte lehenago GALek karea biziz estali baina jada hutsik zegoen hobiraino. Han, loreak utzi beharrean, liburuak utzi zituzten bi idazleek. Zuloak hitzez betetzeko, zauriak hitzez sendatzeko esperantzarekin.

Hain zuzen, etzi beteko dira 30 urte Lasa eta Zabala bahitu zituztela, eta urteurren hori baliatuz Kareak erre ez duena ikuskizuna gauzatu zuten herenegun iluntzean Tolosako Leidorren. Bidaiaren deskribapenak, haren irudiek, musikaren intentsitateak, eta, batez ere, errezitatuko poema eta testuen indarrak eta edertasunak sentipenei bidea ireki zieten, eta horiek antzokian hedatu ziren, ia hura bete zuten ikusleak hunkitzeraino. Eta, bide batez, hitzen emozioarekin bete zuten 30 urte atzerago GALek hildako bi gazte tolosarren hobia.

Zulo horren bila egindako bidaia izan zen ordubete pasatxoko emanaldia. Aranbarrik egin zuen kontaketa. Nola zeuden Teruelen, nola jotzen zuten hegoalderantz... Eta Benidorm atzean utzi eta gero, Bussoterantz, gorantz, egin zuten autoarekin.Orduan hasi ziren grabatuak zituzten bideoko irudiak antzokiko pantailan proiektatzen.

Jada oholtzan zeuden Karlos Osinaga Txap eta Javi Manterola Lisaboko kideak. Hasi ziren gitarra doinuak hedatzen —emanaldi osoan jarraitu zuten—, eta doinua gero eta biziago, irudi urduriak Lasa eta Zabalaren hobira hurbiltzen ari ziren neurrian... Eta Harkaitz Cano atera zen agertokira. Idazleak Twist (Susa, 2011) nobelako lehen kapituluko pasarte batzuk irakurri zituen. Honela hasten da Cambalache, 1983: «Gaua da kanpoan, gaua izatea merezi du. Lurraren erraietan beti da gaua, satorren ordua da satorraren domeinuetan. Axola dio ezer egun-argiak lurpean bizi denari? (...)». Eta honela bukatu: «Honetaz ez dago zalantzarik: zeure larruan zaude berriz. Eta gauak gau izatea merezi duen bezala, inork ez dizu hori ukatuko, itsasoak bere azula adina merezi duzu zuk zeure larrua».

Jada hobiaren parera enfokatzen ari zen kamera 1996ko apiril hartan. 09:09 dira. Han dago zuloa. Han utziko dituzte liburuak. Gitarra doinuen distortsioaren latzak berea lagundu zion uneari. Eta momentu hura gogoan, Jose Luis Otamendik Ostenduon mintzoa poema irakurri zuen herenegun, emanaldirako propio ondutakoa. Zera diote azken lerroek:

[...]

seguru asko desagertu dena izango da

desagertu dela ez dakien bakarra

seguru asko ezkutatu dena da

aro bat amaitu dela jabetzen azkena

zein gerlatan desagertu ziren

zein gelatan ostendu ginen gu...

Pili Zabalaren testua

Iristear zegoen gaueko momentu hunkigarriena. Otamendik bukatu zuen irakurketa, erakutsi zituzten beste irudi batzuk, eta azaldu zen oholtzara Pili Zabala, Joxi Zabalaren arreba. Kontatu zuen nolakoa zen bere anaia, errefuxiatu baino lehenago nola oparitu zion Joxik artilezko jertse bat... Eta horren bueltan egituratu zuen testua. «Pentsamenduak aztertuz, sentimenduak esploratuz, emozioei hitzak jarri nahian eman ditut urteak, baina horri [anaiaren bahiketa eta erailketa] buruz hitz egiteko ausardiarik gabe. Eta puntu berberera heltzen naiz: zer egin behar dut hau gainditzeko?».Hortaz, mina gainditzeko ahaleginean artilezko jantzien «produkzio frenetikoari» ekin ziola azaldu zuen. «Maitasunezko zenbat jertse, gorro eta bufanda... Eta egiteko geratzen zaizkidanak...». Zeharo hunkitu zen familiako kideak aipatuta, eta Leidorren bildutakoei soinean zeraman bufanda eskainiz agurtu zen: «Bitartean, sinbolikoki bada ere, har ezazue bufanda hau, zuena da eta».

Txalo zaparrada luze baten ondoren, bideoko irudi gehiago azaldu zituzten; Alacanteko hilerriarenak, Miguel Hernandezen hilobiarenak, esaterako. Eta Josu Landak poetaren Nanas de la Cebolla poema ezaguna — Josefina Manresa emazteak semea eta bera tipula eta ogiarekin besterik ez zirela elikatzen idatzi zion gutun batean, eta semeari eskainitako olerkia da. Joan Manuel Serratek musikatu zuen — euskaratu eta kantatu zuen lirismo handiz.

Landaren tokia Koldo Izagirrek hartu zuen Leidorreko agertokian, eta laster argitaratuko duen Parisen bizi naiz (besterik ezean) poema liburuaren Parke batean alea irakurri zuen, indartsu.

[...]

Horra francoren zakurrak

gorrotoz heze muturrak

maite zituen jabeak

[...]

horra francoren zakurrak

lan isileko maltzurrak

[...]



1936ko gerrak utzitako arrasto krudel eta gordin gehiago erakutsi zituzten jarraian bideoan, eta iritsi zen Asier Zabaletaren txanda. Dekonstruitutako aurresku bat dantzatu zuen, etaalde batera eta bestera ibili ondoren, aizkora bat hartu zuen, eta amorruz egin zulo bat oholtzako zoruan. Han sartu zen, pixkanaka, desagertu arte, bildutakoak zur eta lur utziz.

«Zorion blindatua»

Amaierara heltzen ari zen emanaldia, eta bukaerara iristen Otamendi eta Aranbarriren bidaia. Calatayuden sartzen ari zirela Guardia Zibilaren kontrol batekin topo egitean eten zen irudi jarioa Leidorren. Eta atera zen Cano Twist-ko beste pasarte bat irakurtzera; Sotok, Zeberiok eta Lazkanok Bidarteko hondartzan futbolean munduan beste ezer existituko ez balitz jokatzen dutenekoa kontatzera, hain zuzen. «(...) zorion blindatu batez egindako unea delako (...) Oraindik posible da jauzia. Eta jauzia posible bada, dena da posible oraindik». Hala amaitu zuen Canok, eta altxatu ziren ikusleak emanaldian parte hartu zutenei txalo zaparrada luze eta hunkigarria eskaintzera. Zorionak blindatutako lekuan, hunkidurak hartutako tokian, emozioz beteriko hobiak gogoan.

Aranbarriren, Anariren eta Otamendiren ideia batetik sortutako emanaldiaren errepikarik ez da egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.