Enpatiaren deia, nostalgiaz

Merina Gris talde donostiarrak bere lehenbiziko diskoa kaleratu du: 'Zerua orain'. Zortzi kantuz osaturiko lanean «pop zakarra» jorratu dute. Gorrotoaren, nostalgiaren eta osasun mentalaren artean mugitu da taldea

Merina Gris taldea 2018an hasi zen proiektua lantzen, eta orain eman dute lehen diskoa argitara: Zerua orain. EKHI HONTECILAS.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Garai zahar eta berrien arteko nostalgia kontatu, eta sentimendu bera desmitifikatu. Hori du helburu Merina Gris taldearen Zerua orain estreinako diskoak. Hilaren 12an, Donostiako Dabadaba aretoan lehen kontzertua eman zuten Sarak, Paskalek eta Julenek. «Pozik, etxean egiteagatik». Leku gehiagoetatik ere igaro dira aurretik, diskoa ekoitzi eta grabatzeko: Haritz Harregiren Higain (Usurbil, Gipuzkoa) eta Bilboko El Tigre (Bilbo) estudioetatik.

2020ko urrian egin zuten debuta Besteek Zer lehen singlearekin, eta taldeko Julenek —ez dituzte abizenak erabiltzen— esan du ordutik hona harrera «espero baino hobeto» izaten ari dela.

Hark eta Paskalek ezagutu zuten aurrena elkar, musika munduan aritzen baitziren biak aurretik. Hala ere, bertze proiektuekin segitu arren, ikusi zuten ez zutela «%100» euren tokia topatzen haietan. «Guk ordezkatzen dugun espazio sozioartistiko bat behar genuen». Merina Gris proiektua 2018an loratu zen, atzera egin ezinik. Abestiak askoz geroago atera ziren, baina gogoa aspalditik zerabilten buruan. Sararekin batera, sinesten zutenari oinarri bat jarri zioten.

Etiketak gustuko ez badituzte ere, onartzen dute baliagarriak zaizkiela musika deskribatzeko. Eta taldearen musika definitzeko orduan, «pop zakarra» atera zaie, naturalki. «Azukre popa ere gustatzen zaigu, bai, baina tinbreari begira, guk behar dugun bortizkeria islatu behar genuen, ariketa polita iruditzen zaigulako». Hain zuzen ere, taldearen nortasuna adierazteko garaian, biolentzia tresnatzat dute mezua helarazteko. «Modurik eraginkorrena da entzulea mugitzeko». Bortizkeriaz badute zer errana.

Merina Grisek edan du askotariko artisten eraginetik. Musikalki, bai, baina batez ere komunikazio eta estetika aldetik. Julenek Spotifyn gehien entzundako artisten playlist-ean, bi musikari britainiar nabarmentzen dira: Charli XCX, poparen munduan «iraultza musikala eragin zuelako»; eta 25 urteko Mura Masa, «soinu organikoa eta metodo ez-ortodoxoak maneiatzeagatik».

Etorkizuna, baina nostalgia

Sormen prozesuan, estetikak berehala hartu zuen garrantzia. «Kantua bertze zerbait baino lehenago dator, eta arreta abestian jartzen dugu gehiago», aitortu du Julenek, nahiz eta taldearen bideoklipen unibertsoak ez duen inor hotz-hotz uzten. Izan ere, bideogintzan eta ekoizpenean ibilitakoak dira taldekideak, eta agerikoa da proposamen artistikoan: argi itsugarriak iluntasunean, kolore edulkoratuak eta plano iragankorrak.

Bertzalde, jakin-mina pizten duen bertze elementu bat ere menperatzen dute: identitatea. Edo, kasu honetan, anonimotasuna. «Badakigu zergatik ezkutatzen garen maskara atzean: edukia lehenetsi nahi dugu, eta igorleari protagonismo gutxiago eman, zer horrek zeinek baino garrantzi handiagoa izan dezan». Izan ere, testuingururik gabeko musika atera nahi dute oholtzara. «Paradoxikoki, aurpegia tapatzeak ere ematen dio diskurtso artistiko bat igorleari». Kontraesanak ere onartzen dituzte, era berean.

Sentsazio agonikoa sorrarazi dezakete kantuek, diskoa osatzen duten hitzek bai baitute zama bat. Gorrotoa, osasun mentala, itxurakeria. Enpatia ere bai. «Gustatzen zaigu gauzak argi idaztea, eraginkorra izateko, eta badakigu zaila dela, sarritan poesiaren eta metaforen bidez idazten baita».

Gorrotoaren inguruan egin du gogoeta taldeak, preseski, Euskal Herrian pairatzen den sare sozialetako gorrotoaz. Jardun ez-manikeo batean, enpatiaren aldeko dei bat zabaltzen dute. Milurteko belaunalditik milurteko belaunaldira. «Jaio ginen era oso organiko batean: gauza analogikoekin jokatzen genuen; bat-batean, Internet sortu zen, eta bizitza aldatu zigun». Etorkizunari eta garapenari uko egin gabe, nostalgian blaitzen dute entzulea. Bitartean, taldea gogotsu murgilduko da agertokiaren esperientzian, oraingoz sare sozialetan iragarririko data hauetan: Gasteizko Kubiken, apirilaren 13an; Arrasateko gaztetxean (Gipuzkoa), apirilaren 7an; Bilboko BBK aretoan, apirilaren 28an; eta Iruñeko Rockollection tabernan, apirilaren 29an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.