«Etorkizun handia duzula uste dut». Amaia Domingo Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoko zuzendariaren esaldi horrek bil dezake jaialdiak urtero banatzen duen Fantrobia sariaren espiritua. Generoaren barruan gorabidean doan sortzaile baten lana aitortzea da haren asmoa, eta aurtengoan Enrique Buleo zinemagile espainiarrari eman diote. Aurrez hainbat film labur eginak zituen, baina iaz estreinatu zuen bere lehen lan luzea, Bodegón con fantasmas, eta, besteak beste, Aby zineman eta Donostiako Fantasiazko Zinemaren Astean Kritikaren Saria jaso du hari esker. Filma proiektatzen eta saria jasotzen izan da Buleo bera Bilbon egunotan. Esker oneko azaldu da sariagatik, baina filma pantailaraino eraman ahal izateko zailtasunez ere aritu da hedabideen aurrean egindako agerraldian. «Ezin zailagoa da pelikula bat egitea», hasi du azalpena, «hamaika filtro pasatu behar dira, eta jende pilo bat konbentzitu behar duzu, baina, gainera, nire filma atalka antolatuta dago, eta aurkezten dudan lehen film luzea ere bada. Horregatik guztiagatik, oso zaila izan da burura eramatea, eta horregatik da garrantzitsua halako sari bat jasotzea. Egin dudanaz konbentzitzen nau».
Elkarrekin lotura zuzenik ez duten bost kontakizunek osatzen dute Buleoren filma, eta, hamaika gai lantzen direla onartu arren, zinemagilearen hitzetan, heriotza da sakon-sakoneko gai nagusia. «Heriotza desdramatizatzen saiatu naiz». Mantxako herri txiki batean kokatu ditu kontakizun guztiak, bertan elkarrekin «bizi» dira mamuak eta bizidunak, eta lanaren umore beltza eta kostunbrismo ukituak nabarmendu dituzte adituek. «Saiatu nintzen heriotzaren gaira gerturatzen, minik ez hartzeko moduan».
Beti izan ditu gustuko atalka antolatutako filmak, eta hasieratik izan zuen argi bere lehen film luzeak ere halakoa izan behar zuela. Kontatu duenez, ordea, arazo bat baino gehiago ekarri dizkio horrek. «Zenbait lekutan asko kostatu zaigu jendeari ulertaraztea filma atalka antolatuta egoteak ez zuela esan nahi lan zaila zenik. Atalka antolatutako hamaika filmek izan dute harrera bikaina». Egitura narratibo hori izate hutsagatik, ordea, «errezelo» eta «aurrejuzgu» asko jaso dituztela esan du. «Finantzaketa lortzen saiatzen ginenean, behin eta berriz egiten genuen topo horrekin, eta oso gogor egin behar izan dugu borroka horregatik».
«Filma atalka antolatuta dago, eta, harentzako finantzaketa lortzen saiatzen ginenean, behin eta berriz egiten genuen topo egitura narratibo horren aurkako errezeloekin»
ENRIQUE BULEOZinemagilea
Buleo 1979an jaio zen, Cuenca probintziako Villanueva de la Jara herrian —2.000 biztanle inguru ditu—, eta, iradoki duenez, garrantzitsua da datu hori bere ibilbidea ulertzeko. «Familia umila da nirea, nekazari familia bat, eta han zorakeria hutsa zen pentsatzea zinemagile izan zintezkeenik». Arte Ederretako ikasketak egin zituen unibertsitatean, ordea; irakasle aritu zen eskoletan, musika taldeak ere sortu zituen, margotzen aritzen zen, eta, esan duenez, azkenean, 30 urteren bueltan piztu zitzaion kontzientzia benetan zinemagile izaten saiatzeko. «Hori zen benetan gustukoen nuena, baina ezinezkotzat jotzen nuelako baztertu nuen ideia».
2016an aurkeztu zuen Decorosa film laburra, eta nazioarteko 60 jaialditan baino gehiagotan proiektatu dute jadanik. Film labur onenaren saria ere jaso zuen hari esker Sax International FF eta Undependence FF jaialdietan, esaterako, eta Dresdengo jaialdian ere saritu zuten El Infierno y tal film laburragatik. 2021ean estreinatu zuen Las visitantes filma, eta Clermont-Ferrand jaialdian Komedia Onenaren Saria eta Europako Film Onenaren Saria ere jaso zituen.
Emakumeen istorioak
Bere filmetan emakumeen istorioak kontatzeko joera handiagoa duela onartu du zinemagileak. Eta hori ere bere jatorriarekin lotu du Buleok. «Gizonezkoa absente egon den Espainia batetik nator, eta, beraz, ni neu ere askoz gehiago egon naiz beti amarekin eta izebekin. Gizonen emozio sortan zakarkeria eta haserrea besterik ez dut ikusi, nahiz eta, noski, badauden gizon interesgarriak ere, baina emakumeek edonora eraman zaitzakete». Horregatik, onartu du tarteka gizonak ardatz dituzten kontakizunak ere sortzera behartu behar izaten duela bere burua.
Gidoia egiten sentitu ohi da erosoen Buleo, eta atal horren garrantzia nabarmendu nahi izan du Bilbon. «Zinemak hiru hanka dituela esan dezakegu, gidoiarena, aktore zuzendaritzarena eta argazkiarena, eta, niretzat, hiru horien artean gidoia da garrantzitsuena. Gidoi onik ez baduzu, inoiz ezingo duzu film on bat egin, eta, gainera, gidoiaren garrantzia azpimarratu nahi dut, zinemagintzaren munduan askoz ere garrantzi handiagoa eman ohi baitzaie aktoreei edo ekoizpenari, eta gutxietsi egin ohi baita gidoiaren garrantzia».
Bihar izango da jaialdiko itxiera gala. Hartan banatuko dituzte sail ofizialeko sariak, eta, horrez gain, beste bi sari berezi ere emango dituzte. Saturnino Garcia aktore espainiarrak jasoko du Ohorezko Fant saria, eta Alice Lowe aktore, zuzendari eta gidoilariak Fantastikoaren Izarra saria. Haren azken filma ere proiektatuko dute ondoren: Timestalker.
