Entzulea dantzan jartzea xede

Broken Brothers Brass Band taldeak 'Ildoa landuz' bere hirugarren diskoa atera du, jazza funkarekin eta raparekin nahasten dituena

Jon Uribeetxeberria, Gorka Gaztanbide eta Ion Celestino Broken Brothers Brass Band taldeko kideak. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Jendea dantzan jarri nahi du Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeak Ildoa landuz diskoaren bidez (Gaztelupeko Hotsak). Jatorrian jazza jendeak dantzatzeko egiten zela argudiatuta, doinu dantzagarriak sortu dituzte. Izan ere, talde iruindarraren funtsa da kontzertu eta diskoen bitartez ikusleak zein entzuleak dibertiaraztea. Taldearen ibilbideko hasierako urteetan New Orleanseko doinuen adiera tradizionala lantzen zuten arren, azkeneko diskoan gero eta abesti sofistikatuagoak egitea lortu dute, harmoniei zein erritmoei dagokienez. Hala, bigarren diskoan abiatutako bidea sakontzen jarraitu dute.

BBBBko tronpeta jotzailea da Ion Celestino, eta onartu du urte asko eman dituztela New Orleanseko musika ikasten. Lehen bi diskoak, The Life We Deserve (2012) eta In the Mud (2014), eurek idatzitako kantuez osatuta egon arren, jotzeko modua «tradizionala» zen. Hala ere, aurkeztu duten azken lanean euren bidea bilatzen jakin dutela irizten dio taldeko buru eta gidari ere badenak, ez doinuei dagokienez bakarrik, baita helarazi nahi duten mezuan ere. Musika aldetik, gainera, jazz erritmoez gain, indie, funk eta rap ukituak ere uztartu dituzte, besteak beste. «Jazza egiten dugu, nahiz eta askotan jazza ez iruditu», ohartarazi du Jon Uribeetxeberria perkusio jotzaileak. Erritmoari dagokionez, orain arte esploratu gabeko doinuak jotzen dituztela gaineratu du. Alde horretatik, perkusio txiki asko entzun daitezke diskoan.

Nafarroako eta hein berean Iruñeko errealitatea islatzen du Ildoa landuz lanak. Iragan maiatzeko hauteskundeen ostean, gobernuan izan den aldaketa da letra askoren muina. Hala ere, umorea baliatzen dute egungo errealitatea islatzerakoan. Sarritan, jai giroa ere ageri da abesti batzuetan.

Diskoa Barañaingo (Nafarroa) Sustraian Records estudioan grabatu dute. Garai batean, herriko gaztetxean aritzen ziren hainbat lagunek sortu zuten grabazio estudioa. Celestinoren iduriko, «oso toki berezia da, jendea joan-etorrian ibiltzen delako». Grabatzen ari zirela, herriko jendea estudiora gerturatzen zen, eta horietako askok diskoan hartu dute parte. «Estudiora etorri diren lagun askok koroak egin dituzte edota perkusioak jo dituzte, eta horrek xarma handia dauka. Finean musika talde bat entzuten da, eta atzean ondo pasatzen eta festa giroan dagoen jendea dago».

Ildoa landuz lana zortzi abestiz osatua dago, eta garai bateko LP formatura egokitzen da. Izan ere, 40 minutu besterik ez du irauten. Celestinok dioenez, azken boladan, CDa euskarri gisara baliatzen denetik batez ere, diskoak gero eta luzeagoak dira. BBBBko kideek disko laburra egin nahi izan dute, «abesti guztiak entzun eta berriz hasieratik entzuteko gogoa ematen duten horietakoa».

Iruñeko taldeko hamabi kideek ez ezik, 30 bat kolaboratzailek hartu hartu dute parte grabazio lanetan. Gehienak abeslariak dira, tartean Nerea Erbiti jazz abeslari iruindarra eta Iñigo Cabezafuego musikari ezaguna. Horiez gain, hiru rap kantarik ere hartu dute parte: Moises No Duerme, Nko Eko eta Omzo MF. Modu horretan, In the Mud lanean jazza raparekin uztartzeko egindako apustuarekin aurrera jarraitu dute. Era berean, Barañaingo estudioan izan ziren Juanma Lakuntza gaur egun Herbehereetan bizi den taldeko kide ohieta tronboi jotzailea eta Iruñeko Katakrak kultur guneko kideak.

Diskoa labetik atera berria dagoen arren, hainbat kontzertu hitzartuta dituzte BBBBko kideek. Esaterako, apirilaren 8an Iruñeko FNACen diskoa aurkeztuko dute. Horrez gain, apirilaren 30ean Eibarren (Gipuzkoa) eta ekainaren 30ean Getafen (Madril, Espainia) izango dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.