ENTZULEAK AHITUTA

Zer ari da gertatzen kontzertuen sarrerekin? Kostuen garestitzeak eragin du prezioetan, baina badira arazo gehiago: enpresa gutxiren esku dago ikuskizun handien mundua, eta beren arauak ezarri dituzte, prezioak eskariaren arabera egokitzeko saioak eginez, besteak beste. Jaialdiek ere zalantzak sortzen dituzte.

BERRIA.
Andoni Imaz
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da atzo goizeko kontua: musikari ezagunen kontzertuetako sarrerak ehun euro inguruan saltzen dira maiz, baita berrehun euroan ere; eskaintza bereziren bat izaten dutenak, are garestiago. Jaialdi handietako abonamenduek antzeko prezioak izaten dituzte. Ez da berria, baina bai zaleak kezkatzeko modukoa, garestitzea areagotzen eta orokortzen ari delako. Aldaketa garaia da musikaren sektorean ere, eta industriak zuzenekoetara bideratu ditu bere indarrak, diskoen salmenta izugarri murriztu ondoren. Azken urteetako mugimenduek beste zalantza batzuk piztu dituzte sektorean.

Kontzertuetako sarrerak garestitu dira, hasteko, dena garestitu delako. «Izugarri», Artzai Iraurgi Panda Artist Management enpresako kidearen esanetan. Zea Mays, Gatibu, Zetak, Olaia Inziarte eta Bulego talde eta musikarien kontratazioaz arduratzen dira, besteak beste. «Egunerokotasunean, dena garestitu da, edozein herritarren bizitzan bezala: argia, gasa, gasolioa... Ondorioz, gure lanean ere bai: aretoen alokairua; langileen soldatak; hotelak, ikaragarri... Sarreren prezioa igotzera kondenatuta zaude, nahiz eta gure ligan nahiko igoera neurrizkoa den», azaldu du.

Zerrenda osatzen jarraitu du Miguel Martin Donostia Kulturako musika arduradunak: garraioa, ekipoen hornidura... eta ordainsariak ere bai, «musikari eta agente bakoitzaren anbizioaren arabera». Baina, zenbakien garestitze hori ikusteaz gain, beste zerbait sumatzen du Martinek inguruan, «giro ero bat», prezioetan eragiten duena: «Antolatzaileen sentsazioa zera da, gauza zoragarri bat programatu arren, jendea ez dela joango ikustera. Horregatik, pentsatzen dute ikuskizun batek ez duela errentagarria izan behar tokien %100 salduta, baizik eta %75».

Gertuko adibide bat: Bob Dylanek Donostiako Kursaaleko auditoriumean emango dituen kontzertuak, ekainaren 19an eta 20an. Sarrerek 65 eta 205 euro artean balio dute. Martxoan jarri zituzten salgai, eta oraindik ez dira denak saldu, nahiz eta pentsatzekoa zen horren izen handia duen musikari batek berehala agortuko zuela dena. A gunean geratzen dira batzuk, aretoko lehen hamazazpi ilaretan; hain justu, 205 euro balio dutenak.

«Entzuleek ez dute prezio hori ordaindu nahi». Martinek gehiago ere esan du: «Hau komentario pertsonal bat da, baina seguru nago promotorearen marjina ez dela oso handia. Nik badakit zer ordainsari duen Dylanek, eta oso zaila iruditzen zait ikuskizun horrekin dirua irabaztea, baina hori beste kontu bat da».

Oso pertsona inportanteak

Prezio garestiekin batera ugaritu dira VIP guneak eta antzekoak. Horiek erosten dituzten entzuleek aukera izaten dute, normalean, aretoetara beste ate batzuetatik sartzeko eta irteteko, kontzertua gertutik ikusteko eta jan-edana eskura izateko, besteak beste, baita, batzuetan, musikariak ezagutzeko eta haien sinaduraren bat lortzeko ere. «Very Important People... Kontzeptu gisa oso heavya da, e», esan du Iraurgik. «Egin daitezke kontzertuak prezio tarte batekin, baina izen hori erabiltzeak atzeraka eragiten dit. Saldu dezakezu beste esperientzia bat —soinu proba ikustea, sinadura bat ematea— besteak gutxiesten dituen izenik jarri gabe».

Nork erabakitzen du, ordea, sarrera batek zenbat balio duen? Iraurgik azaldu duenez, kontzertua musikariek ekoizten dutenean, hau da, talde batek areto bat alokatzen duenean gero etekina berak eramateko, taldeak berak jartzen du prezioa: «Arriskua hartzen du, ea jendea joango den ala ez». Jaialdietan eta bestelako ikuskizunetan, antolatzaileek. Eta horrelakoetan, Iraurgiren arabera, badira jotzeari uko egin izan dioten taldeak, VIP guneak ipini dizkietelako.

Sarreren munduan, Ticketmaster enpresa da nagusi. 2010ean, Live Nation enpresak, munduko musika promotorerik handienak, Ticketmaster erosi zuen. Ordutik, musika ikuskizunen monopolioa izatea leporatu izan diete. Orain dela hilabete gutxi, AEBetan, demokratak eta errepublikanoak ados jarri ziren horretan: bi enpresei bereizteko eskatu zieten kongresuan. Musikariek ere kritikatu izan dituzte: «Akabo. Bukatu dira lehengo garaiak. Birak ez dira gehiago izango lehen zirena», esan zuen Neil Youngek, sarreren garestitzea Ticketmasterri egotzi zionean.

Live Nationek antolatu izan ditu kontzertuak Euskal Herrian; ertainak —maiatz hasieran Yo La Tengok Bilbon eman zuena, adibidez—, eta handiagoak: 2010ean, Live Nation Miarritzeko (Lapurdi) Big jaialdiaren antolatzaileetako bat izan zen, eta, iaz, enpresa horrek antolatu zuen Bilbo-Bizkaia Rock Day jaialdia San Mamesen, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean —Metallica, Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes taldeek jo zuten—.

Prezio dinamikoen «tranpa»

Ticketmasterri egindako protesten artean, «prezio dinamikoei» buruzkoa ere ozendu egin da azkenaldian. Iazko udako adibide bat garbia da: Bruce Springsteenen kontzertu batzuetarako sarrerak 900 eta 4.000 euro artean zeuden salgai Ticketmasterren webgunean —sarrera arruntak, ez VIP gunekoak—, berezko prezioa 55 eta 370 euro artekoa zen arren. Eta kudeaketa gastuak %20ra artekoak ziren. Horrelako egoerak sortzen dituzte prezio dinamikoek: algoritmo batek ezartzen du sarreren prezioa, une bakoitzeko eskariaren arabera, airelineek eta hotelek egiten duten antzera.

Prezio dinamikoena «tranpa handi bat» da, Martinen ustez: «Deskalabruak sortzen ditu». Erraldoien artean gertatzen da, oraingoz. «Ikuskizunen multinazional handiek beren arauak ezartzen dituzte; multinazional horien atzean inbertsio funtsak daude, eta horiek paso egiten dute erabat publikoaren sentimenduez. Haiek dirua egin nahi dute, eta, sarrera bat saltzen baldin bada, dena ondo dago».

Kudeaketa gastuek ere eragiten dituzte kexak. «Niri harrigarriegia iruditzen zait erosketaren bukaeran prezioa handiagoa dela ikustea, kudeaketa gastuengatik», esan du Martinek. «Batzuetan, ticketing enpresek, ikuskizun bat eurek bakarrik eduki ahal izateko, kudeaketa gastuen zati bat eskaintzen diete promotoreei. Guri ez zaigu inoiz gertatu, zeren guk sarrera bat, euro bat araua daukagu ezarrita, baina badakit izaten direla, eta tranpatia da».

Izan ere, Martinek berak aitortzen du alde handia dagoela erakunde publikoen eta enpresa pribatuen artean. «Guk ez dugu dirua irabazteko asmorik; %99tan dirua galtzen dugu. Gurea zerbitzu bat da, ez negozio bat».

Gorakada betean

Azken urteetan, egoera zeharo aldatu da musikaren munduan. Pandemiaz geroztik, gorakada handia izan dute, prezioek ez ezik, kontzertuen kopuruek ere. «Pandemiatik buelta astakeria bat izan zen. Denak balio zuen, jendeak edozer ordaintzen zuen: berdin zuen zenbat kontzertu egin, denetan zegoen jendea», kontatu du Iraurgik. Baina aurten beherakada nabaritzen ari dira, gehiago kostatzen da sarrerak saltzea. «Gainprogramazio izugarria egon da, gainera». Bolada batean jo ezinda egon eta gero, talde guztiek prest dituzte lan berriak, eta, beraz, horiek aurkezteko birak. «Jendea pixka bat saturatuta dago».

Udan, gainera, jaialdietan joko dute horietako askok, eta etengabe puzten ari da negozio hori ere. «Aurtengo udak hilotzak utziko ditu, gure argotean esaten dugun bezala», ohartarazi du Iraurgik. «Ordainsari neurrigabeak daude, jaialdiek hartu egin dituzte, eta gero ez dituzte sarrerak saltzen. Jende askok sufritu behar du, seguru».

Bartzelonan gertatu da, aste honetan bertan. AMFest jaialdia bertan behera utzi dute, musikariek eskatzen duten ordainsaria gehiegizkoa dela iritzita. «Ez ditugu 10.000 euro ordainduko, badakigunean talde horrek 2.000 euro balio dituela», adierazi dute jaialdiaren antolatzaileek elDiario.es egunkarian egindako erreportaje batean.

Horrelako egoerek beste galdera bat sortzen dute: noiz arte jarraituko duen burbuilak hazten, eta prezioak garestitzen. «Hori eskaintzaren eta eskariaren legeak esango du», Martinen arabera. «Jendeak sarrerak erosten baldin baditu prezio horretan, sektore guztiek ontzat joko dute egoera. Publikoa erretiratuz gero, artistek eta promotoreek dena planteatu beharko dute berriro».

Kontzertuen inguruko negozioa aldatu den neurri berean berritu dira antolatzaileen kezkak. Iraurgik azaldu du haien artean gero eta gehiago hitz egiten dela entzuleen datu baseei buruz: «Sekulako gerra dago sarreren salmentan. Autoekoizpenetan, gu saiatzen gara sarrerak guk geuk saltzen. Hala, datu base bat sortzen dugu, eta, ondoren, beste kontzertu bat egin behar badugu, badakigu norengana jo». Haren bulegotik kanpoko adibide bat jarri du: «Su Ta Garren kontzertu baterako sarrerak saldu nahi baditut Iruñean, datu baseari esker badakit mila zale potentzial izan ditzakedala, segmentatuta ditudalako; ez diet mezu hori bidaliko Kai Nakairen zaleei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.