Artea

Entzuteko modu berri bat

Reni Hofmuller artistak Donostiako ibaien kartografia, ur hornidurako sarea eta espektro elektromagnetikoa elkartu ditu 'Resonating Sculpture IX' soinu instalazioan. Irailaren 8ra arte Tabakaleran izango da.

Reni Hofmuller artista, Anna Ramos komisarioa eta Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendaria. TABAKALERA
Reni Hofmuller artista, Anna Ramos komisarioa eta Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendaria. TABAKALERA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko apirilaren 21a
05:10
Entzun

Tabakalerako eskailera nagusia eraikinaren elementu ikonikoetako bat da. Handiak dira eskailerak, zabalak, jauregi batekoak dirudite. Bada, hemendik aurrera, eskailera horiek igotzen dituztenek esperientzia berezi bat bizitzeko aukera izango dute. Izan ere, Reni Hofmuller artista austriarrak soinu instalazio bat sortu du beren-beregi bertan jartzeko. Resonating Sculpture IX du izena instalazioak, eta Scala egitasmoaren hamargarren proposamena da. Ostiralean zabaldu zuten, eta irailaren 8ra arte egongo da ikusgai.

Entzuteko modu berri bat esperimentatzeko aukera eman nahi izan dio egileak publikoari, eta hiru elementu jorratu ditu horretarako: hiriko ibaien kartografia, ur hornidurako sarea eta Tabakalerako eraikinaren inguruan dagoen espektro elektromagnetikoa. Hofmullerrek 90eko hamarkadan irrati piratetan izandako esperientzia izan du oinarri. Eskuz egindako antena da instalazioaren protagonista —hirugarren solairuan dago—; kobrezko hariekin egindako sare batetik ateratzen da. Hiriko ibaien konexioak jasotzen ditu antena horrek, Urumea ibaitik Kantauri itsasora bitartekoak.

Erronka

Tabakalerara bertaratzen direnek seinaleak, interferentziak diruditen soinuak eta ur azpian egindako grabaketak entzun ahal izango dituzte. Instalazioa ireki baino egun batzuk lehenago egin zituen grabaketak artistak, Urumea ibaian eta Zurriolako eta Kontxako hondartzetan, besteak beste. «Lurreko bizitza bizitza kosmikoarekin lotzea lortzen dute», gehitu du Anna Ramos instalazioaren komisarioak. Aldi berean, soinu horiek «gaur egun inguruan dugunarekiko dugun kontrol faltaren isla» dira egilearentzat.

Eraikinaren lehen solairuan lau esku hartze proposatu ditu Hofmullerrek: bik hiriko edateko uraren eta saneamenduaren sareak erakusten dituzte, eta beste biek giza DNAren egitura eta lurrak eta eguzkiak galaxian egiten duten mugimendua islatzen dituzte.

Ramosek azken egunetan artistak egindako lana azpimarratu du. Izan ere, bertako elementuetako batzuk in situ moldatu behar izan ditu esperientzia ahalik eta onena izan dadin. Bestalde, Hofmullerrek aitortu du hasieran erronka bat izan zela «hain eraikin handian» instalazioa egiteko proposamena onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.