Musika. A cappella

Entzuten ez diren musikak

Xabier Erkizia.
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Semaforoetako oinezkoentzako zeinu akustikoetatik hasi eta 50eko hamarkadatik gu konturatu gabe erietxe, banketxe eta supermerkatuetan hainbertze lasaitasun eta plazer eman diguten abestietaraino, entzuten ez diren musikez inguraturik bizi gara. Guk arretarik eskaini gabe ere bizi diren musikak dira, baina, kontuz, ez horregatik ondoriorik sortzen ez dutenak.

XX. mende hasieran, musikaren historia ironiaren bidez iraultzen saiatu zen Erik Satie konposatzaile frantziarrak guztiz funtzionalak izango ziren musikak amestu zituen. Musika altzari edo etxetresna elektriko gisara nahi zuen berak; gure etxeetan topatu ahal ditugun aire girotua, berogailua edo iturriko ura bezala.

70eko hamarkadan, Brian Enok Music for Airports lana konposatu zuenean, Satieren bideari jarraitu nahi izan zion nolabait. Garaiak aski desberdinak ziren, ordea. Musikaren presentzia jada etengabekoa zen espazio publiko nahiz pribatuetan, eta, Satiek amestutakoa gaindituz, nonahiko musika horiek jendetzak lasaitzea, kontrolpean edukitzea zuten helburu. Ondorioz, Enok, entzulea baretu baino gehiago, bere musika entzuten zen espazioetan zalantzak eta atentzio berriak sortzeko ahalegina egin zuen.

Ildo horretan, Digital Magma liburuan (Lukas&Steinberg, 2010), Jean-Yves Leloup komisario eta idazleak, musikaren egungo erabileraren analisia egiterakoan, joera garbi bezain kezkagarri bat iradokitzen du. Gure MP3 irakurgailuen memoriek pilatzen dituzten musika bilduma amaiezinak, gailu horiek izan ohi dituzten random funtzioek, eta belarrietarako entzungailuen edo etengabe edonon topatzen ditugun hi-fi sistemen ondorioz, musikaren funtzionaltasun posible guztien artean, «giroa» sortzearena gailentzen ari da. Nonahi eta noiznahi. Eta, Leloupen ustez, hor topa dezakegu musikaren balio komertzialaren gainbeheraren arrazoi nagusietako bat.

Azken urteotan martxan jarri diren erretzeari buruzko legedi berriek erretzaile pasiboen arazoaren inguruan hainbertzetan errepikatu diguten antzeko moduan, ia konturatu gabe, entzule pasiboak bihurtu gara. Taberna eta espazio publiko gehienetan, ordea, oraindik ez da, tabakoarekin gertatu bezala, musikaren debekurik iritsi. Are gehiago: badirudi gero eta musika gehiago jasan gero eta gutiago entzuten ditugula, musika guztiak gure arreten azpian geratzen den marmar lasaigarri bat bihurtu arte.

Hain xuxen, entzuten ez diren musikak bihurtu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.