EOSek Mahlerren 'Seigarren Sinfonia' aurrenekoz joko du Orozco-Estradaren agurrean

Zuzendari titularraren azken denboraldia izango da 2012-2013koa, eta askotariko hamabost programa emango ditu orkestrakKen Zazpi pop-rock taldeak eta orkestrak elkarrekin grabatuko dute Klasikak zikloan

Antonio Rivera, Andres Orozco-Estrada eta Iñigo Alberdi, atzo, EOSen egoitzan egindako aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Urtebete orkestra zuzendari titularrik gabe egon ostean, 2009-2010ko denboraldian Andres Orozco-Estrada kolonbiarrak hartu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) zuzentzeko ardura. Hiru denboraldi egin ditu jardun horretan, eta laugarren bat ere beteko du, 2012-2013koa. Ondoren, kargua utziko du, nahiz eta aurrerantzean ere elkarlanak egingo dituen orkestrarekin, denboraldi berria aurkezteko atzo egindako agerraldian azaldu zuenez. Arrazoi pertsonalek —«familiari eskaini beharreko denbora, eta abar»— eta arrazoi profesionalek bultzatu dute Orozco-Estrada erabaki hori hartzera. «Zuzendari lanetan jarduteko energia, indar eta motibazio guztia behar da. Aurreikusten ari naiz, datorren urtetik aurrera zailagoa izango dela hori guztia izatea, eta uste dut hobe dela gauzak ondo daudenean uztea, eta ez indarrak agortutakoan». Pertsonalki oso esperientzia aberasgarria gertatu zaiola esateaz bat, ibilbide profesionalean «urrats handi bat» egiteko ere baliagarri izan zaiola nabarmendu zuen Estrada-Orozcok. «Taldeko lana ezinbestekoa izan da nire ideiak aurrera eman ahal izateko. Musikariek esfortzu handia egin dute».

Urtebete zuzendaririk gabe

Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak hitz onak baino ez zituen izan zuzendariaren lana baloratzeko orduan. «Oso urte emankorrak izan dira. Balorazio oso ona egiten dugu, eta, bera badoan arren, lan egiteko modu bat eta bide bat utzi digu». 2013ko ekainera arte lan egingo du Orozco-Estradak. Ondoren, EOSek urtebete egingo du zuzendari titularrik gabe. «Urte horretan hainbat zuzendarirekin egingo dugu lan, eta izango dugu denbora egokiena aukeratzeko, aurreko aukeraketa prozesua egin genuen bezala. Orkestra oso une onean dago,eta ez dago batere presarik zuzendaria izendatzeko», ohartarazi zuen Alberdik.

Hori guztia gertatu aurretik, berritasunezbetetako eta «kolore askotako mosaikoa» osatzen duten askotariko 15 proposamen gidatu beharko ditu Orozco-Estradak. Irailaren 28an abiatuko da EOSen denboraldi berria Gasteizen —Lorenzo Ondarraren Aita Gurea-ren erabateko estreinaldiarekin, besteak beste—, eta 2013ko ekainaren 17an amaituko da Bilbon —Malandain Ballet Biarritzekin batera Sergei ProkofievenErrauskine emango dute, Josep Caballe Domenech zuzendari ariko dela—. Tartean, beste 13 programa izango dira, guztiak ere Musika irekia lemak gidaturik. «Lemak orkestraren nortasunari erantzuten dio: kulturan, hezkuntzan eta gizartean dituen betekizunei jarraikiz, bere musika eremu, formatu eta publiko askotarikoei zabaltzen dien erakundea baita», Alberdik esan zuenez.

Orozco-Estrada bera hiru programatan ariko da zuzendari modura denboraldi berrian. Urriaren erdialdera Peter Eotvos konposatzaile hungariarraren The Gliding of the Eagle in the Skies obra ardatz duen programa gidatuko du. «Egungo konposatzaile handienetakoa da, eta, estreinaldia izango denez, berezia izango da», zehaztu zuen orkestra zuzendariak. Gainera, Stravinski, Strauss eta Txaikovskiren obrez osaturikoa (azaro hasieran) eta Gustav Mahlerren 6. Sinfonia gidatuko du 2013ko maiatzean, denboraldiaren azken-aurreko abonuko ekitaldian. EOSek lehendabiziko aldiz interpretatuko du Mahlerren obra erraldoia, eta aurreneko aldiz Musikeneko ikasleekin lankidetzan arituko da.

Ludwig van Beethoven, Richard Wagner, Bela Bartok, Jose Maria Usandizaga, Jesus Guridi, Manuel de Falla, Georges Bizet, Gioachino Rossini eta beste hainbat konpositoreren lanak entzun ahal izango dira EOSen 2012-2013ko hamabost proposamen horien artean. Kasurik gehienetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, lau hiriburuetan izango dira emanaldiak ohikoa den moduan.

Andres Orozco-Estrada zuzendari titularrarekin eta Andrey Boreyko zuzendari printzipal gonbidatuarekin batera, «batuta interesgarriak» izango dira orkestra gidatzen. Batzuk aurrez arituak dira orkestrarekin (M. Nesterowicz, R. Gimeno, A. Rasilainen, J. Carneiro, C. Rizzi eta M.A. Gomez Martinez); besteak, berriz, berriak izango dira orkestraren ohiko publikoarentzat. Berrien artean, nabarmentzekoak dira, F. Gabel, J.M. Perez Sierra, I. Rivas eta J. Caballe Domenech. Bakarlarien artean ere, antzeko gauza gertatzen da. Batzuk lehen arituak dira: F.P Zimmerman (biolina), Asier Polo (biolontxeloa), Martin Frost (klarinetea) eta Michel Camilo (pianoa). Estreinako aldiz ariko diren musikari gailenen artean F. Leleux (oboea), R. Blechacz (pianoa), L.F. Perez (pianoa) eta S. Krilov (biolina). «Gazteen aldeko apustuaren eredu» dira, Alberdiren hitzetan, aldiz, Arantza Ezenarro (sopranoa), J.A. Lopez (baritonoa), Ana Maria Valderrama (biolina), Josu de Solaun (pianoa) eta Accademia Rossinianako bakarlariak (kantariak).

Irteera gehiago

EOSek 30 urte egin ditu. 3.000 emanaldi baino gehiago egin ditu eta 3 milioi entzuletik gora izan ditu urteotan, eta, hurrengo denboraldian, aurrekoan baino irteera gehiago egingo ditu kanpora. Hitzordu nagusia Parisko Chateu de Versailles areto entzutetsuan izango da. Sergei Prokofieven Errauskine interpretatuko du EOSek, Malandain Ballet Biarritz agertokian dela. Lau emanaldi izango dira, 2013ko ekainaren 7a eta 10a bitartean. Sorian, Madrilen eta Bordelen ere arituko da orkestra.

Abonuko emanaldiez gain, ohiko ekimen paraleloak ere izango dira hurrengo denboraldian, eta Klasikat zikloa izango da nabarmenetako bat. Aurrekoan Kepa Junkera izan zen orkestra baten errepertorio sinfonikoan ezohikoak diren errepertorioak landuz. Hurrengo denboraldian Ken Zazpi pop-rock taldeak egingo du bat Euskadiko Orkestrarekin abenduaren 10etik 14ra izango den ziklo berrian. Dagoeneko erabiliko duten errepertorioa lantzen eta zehazten ari dira taldeko eta orkestrako kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.