«EOSekin aritzeak pozten nau, gauza onak entzun baititut»

Bihar eta etzi erakutsi nahiko du Donostian Han-na Chang korear biolontxelo jotzaileak zergatik esaten dioten gazte talenturik handienetakoa dela.

ERIK GARTZIA DONOSTIA
2008ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Han-na Chang biolontxelo jotzailea (Sewon, Hego Korea, 1982) jardungo da bakarlari gisa Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bihar eta etzi 20:00etan Donostiako Kursaal auditoriumean emango duen abonu kontzertuan.

Han-na Changek munduko orkestra onenekin kolaboratu du. EOSekin egingo dituen kontzertuei buruz «zoriontsu» dagoela aitortu du. «Gauza onak entzun ditut orkestra honi buruz, batez ere nire managerren ahotik. Egia esan, oraindik ez ditut horko musikariak ezagutzen. Bihar [gaur] entseatuko dut lehenengo aldiz eurekin. Baina ziur nago kontzertu ederrak izango direla».

Zuzendaria Tugan Sokhiev (Vladikavkaz, Ipar Osetia, 1977) izango da. Lehenengo aldia da Changek berarekin lan egingo duena. «Ni baino sei urte zaharragoa den zuzendari batekin lan egiteak erakartzen nau. Normalean, nik baino 40 urte gehiago dituzte».

Changek joko duen pieza Txaikovskiren Rococo izango da. Musikari honentzat berezia izango da hori interpretatzea. «Bederatzi urte nituela hasi nintzen pieza hori jotzen eta, gainera, grabatu nuen lehenengoa da. Txaikovski jenioa dela Rococo-k erakuts dezake, oso pieza sinplea aldaketa anitzekoa bihurtzen baitu».

Changi sei urte zituela oparitu zioten lehen txeloa. «Alaba bakarra naiz eta gurasoek musika falta zitzaidan neba-arreba izatea nahi zuten. Bederatzi urterekin serioski hasi nintzen ikasten». Hamar urte zituela, gurasoekin New Yorkera joan zen bizitzera, eta han «txeloaren aita» duena izan zuen irakasle, Mischa Maiski. 1994an Parisen Rostropovitx Lehiaketa irabazi zuen eta bera izan zuen maisu. «Oso zorteduna izan naiz horrelako irakasleak izateagatik. Beraiek erakutsi zidaten nola bideratu nire bizitza musikara eta hori eskertzen diet».

Hazten jarraitu nahi du eta ArthurRubinstein jartzen du eredutzat. Oraindik gauza asko ditu erakusteko eta haren erronka ez da makala. «Nire belaunaldikoei musika klasikoa hurbildu nahi diet. Horretarako, Internet eta iPod-ak dira nire arerioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.