Eraikinen memoria islatu du

Aitor Ortiz argazkilariaren 'La memoria trazadora' erakusketa jarri dute Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Argazkilaritzaren mugen inguruan gogoeta egin du

Aitor Ortiz argazkilariaren La memoria trazadora lana martxoaren 4ra arte egongo da Nafarroako Unibertsitateko Museoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Arkitekturatik abiatuta errepresentazioaren eta interpretazio mekanismoen inguruko gogoeta bultzatzea. Hori lortu nahi du Aitor Ortiz argazkilariak La memoria trazadora erakusketarekin. Introspekzio bidaia bat eginez, 1990etik orain arte egindako lanak bildu eta ikusgai jarri ditu Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Berriki aurkeztu dute erakusketa, eta 2019ko martxoaren 4ra arte egongo da zabalik.

Tender Puentes izeneko programaren bitartez, Nafarroako Unibertsitateko Museoak argazkilariei proposatzen die zentroaren argazki artxiboa interpretatzea. Programa horren barnean sortu du Ortizek La memoria trazadora erakusketa. «Lan hori egiteko helburuz museora joan nintzenean, hango argazkiek haurtzaroa ekarri zidaten gogora», kontatu du Ortizek. Bizkaiko labe garaien inguruko argazki albumek, hain zuzen, 1990eko hamarkadako Bilbora eraman zuten. «Horren ondorioz, introspekzio bide bat urratu nuen, nire motibazioak eta eraginak definitzeko eta nire obren arteko konexioak bilatzeko». Horrela konturatu zen testuinguru historikoak garrantzi handia izan zuela bere obran. Izan ere, artista gisa lehenbiziko urratsak egiten hasi zenean, Bilbo hiri industrialetik postindustrialera igarotzen ari zen, eta horrek eragin handia izan zuen harengan. Haren lanetan denboraren eta espazioaren erreferentzia zehatzik egon ez arren, arkitektura industrialaren estetikaren eragina nabaria da.

Ortizen lanaren oinarrian argazkiak badaude ere, haren obretan argazkilaritzaren mugen inguruko gogoeta sakonak daude. Hainbat elementuren inguruko galderak proposatzen ditu: irudia, objektua, espazioa, argia...«Modu periferiko batean lan egiten dut, argazkilaritza beste diziplina batzuekin elkartuz. Tentsioa sortu nahi dut ikusleak ikusten duenaren eta hautematen duenaren arteko mugen artean», adierazi du. Hori egin nahi izan du La memoria trazadora lanean ere.

Erakusketa arkitekturatik abiatzen da, arlo dokumentaletik harago doazen galderak eta paradoxa bisualak proposatzeko. 1990etik gaur egun arte egindako 140 obrarekin osatu du, eta horietako 80 baino gehiago ez ditu aldez aurretik inon erakutsi. Bilduma osatzen duten serieak ez dira elementu bakan gisa erakusten, ezta ordena kronologikoan ere, baizik eta osotasunean ulertzen den multzo baten gisan. Ortizek azaldu duenez, obra guztiek, osotasunean, gonbidatzen dute errepresentazioaren eta interpretazio mekanismoen inguruan gogoeta egitera. Haren helburua da ikusleak jarrera aktiboa har dezala eta erakusketaren elementuak lot ditzala.

1995etik gaur arte sortutako lanekin osatutako obra multzo handi batek ematen dio ongietorria ikusleari, korridore nagusian. Destructoras izeneko bildumako argazkiak dira: arkitektura espazioak ikus daitezke horietan, zuri-beltzean, daturik eta erreferentziarik ez dutenak. Argazkilariak arreta handiz eta berezitasunez fotografiatu ditu, enkoadratzea, fokuratzea eta perspektiba zainduz. «Eraikinen argazkiak dira, baina ez dute ikuspuntu historizista bat. Gustuko dut eraikinak testuingurutik ateratzea eta hala bigarren mailako narratiba bat sortzea, arkitektura puruarekin konektatzeko: egitura, dentsitatea, hutsa, gardentasuna, opakutasuna...», azaldu du egileak.

Korridoreko lanek «eskeleto» gisa funtzionatzen dute, eta geletara hedatzen dira, artistaren hitzetan. Gelek, ordea, «laborategi» moduan jarduten dute. Amorfosis, Net, Umbral, Nóumenos, Espacio latente, Modular eta Modular Recserieetan objektuek garrantzia galtzen dute, eta obrek argazkilaritzaren oinarrien inguruan hausnartzera gonbidatzen dute ikuslea. Obra horietan ez dira objektuak agertzen, ez dago erreferentzia zuzenik; argazkiak objektu fotografiko autonomoak bilakatzen dira. Alegia, irudiak eraikitzeko prozedurak eta lengoaia fotografikoa landuz, Ortizek argazkiak eraiki ditu.

Lantegiko zorua, artelan

Bilduma amaitzeko, argazkilariak bere apustu nagusia aurkeztu du: Link seriea, aldez aurretik inoiz erakutsi ez duen lan bat. Bilboko Vicinay fabrikatik hartutako altzairuzko xaflekin osatuta dago —itsas kateen munduko produktorerik handiena izan zen hori—. «60 urteren ostean lantegia itxi eta hustu zutenean, denbora horretan gertatutakoa dokumentatzeko beharra sentitu nuen», adierazi du Ortizek. Lantegira joan zen, eta, han zegoela, konturatu zen zoruak erakusten zuela hobekien urte horietan guztietan han gertatutakoa: deformazioz, dilatazioz eta lorratzez beteta zegoen. Hori dela eta, zorua osatzen zuten xaflak hartu zituen, eta pieza autonomo gisa ezarri ditu erakusketan.

«Xafla horiek memoria eta lurraldea erakusten dute: jada amaitu den garai bat». Gorka Alda konpositoreak erakusketarako espresuki sortutako musikak laguntzen ditu piezak: lantegian bertan grabatutako soinuekin osatutako doinuak dira. Horrekin batera, ondoko gelan xaflen argazkiak daude. Perspektibarekin eta ikuspuntuarekin jokatuz, Ortizek irudi abstraktuak sortu ditu. Ikusleak ez daki zer ote den irudian agertzen dena: zuhaitz baten enborra, pertsona baten azala edo lehortutako lurrazal zati bat. «Objektuak abstraktu bihurtu daitezke argazkietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.