Eraikuntzan leku bila

Xabier Unzurrunzaga arkitektoaren ibilbidea jasotzen duen erakusketa jarri dute Donostiako Arkitektura Fakultatean.Liburua ere kalean da

Xabier Unzurrunaga arkitektoa, haren lana jasotzen duen erakusketan, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berrogeita hamar urtean beste hainbeste proiektutik gora garatu ditu Xabier Unzurrunzaga arkitektoak (Zarautz, Gipuzkoa, 1937). Haren arabera, «urte bakoitzeko bat ez da hainbeste». Bera garrantzia kentzen saiatu arren, ibilbide luzea bezain oparoa du. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako hirigintzako zuzendari orokorra izan zen 1978tik 1986ra, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan irakasle ere bai hainbat urtez—egun, erretiratuta dago—. Atzo, egindako lanaren aitortza gisa, haren proiektuei buruzko erakusketa antologikoa eta liburua aurkeztu zituzten EHUko arkitektura eskolan. Unibertsitateko ikasleez gain, Unzurrunzagarekin lan egindako hainbat arkitekto joan ziren omenaldira.

Bartzelonan, Madrilen eta Ipar Carolinan (Ameriketako Estatu Batuak) ikasi zuen lanbidea Unzurrunzagak. Esker oneko hitzak ditu familiakoentzat, ikasketak egitea «konplexua» zen garai haietan unibertsitatean ikasteko aukera eman ziotelako: «Aita Patxik unibertsitatera bidali gintuen garai benetan zailetan».

1964an ekin zion lanari, eta askotariko proiektuak egin ditu orduz geroztik. Dimentsio txikian aritu da, besteak beste, etxebizitza partikularrak diseinatu dituenean. Baina proiektu handiagoak ere izan ditu esku artean; Baionatik Donostiara doan hirigintza estudioa xehetasunez landu du, esaterako. Dena den, proiektu horiek talde lanaren emaitza izan direla nabarmendu du. 175 kolaboratzaile inguru aritu dira harekin lanean 50 urteko ibilbidean.

Jonathan Chanca eta Maria Izeta arkitektoek prestatu dituzte erakusketa eta liburua, EHUk eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak bultzatuta. Unzurrunzagak landutako proiektuen bilketa baten emaitza dira biak, eta, formatua aldatu arren, eduki berberak bildu dituzte.

Donostiako Arkitektura Fakultateko ateak zabaldu orduko ikus daiteke Unzurrunzagaren lanari buruzko erakusketa. Dohainik da sarrera, eta martxoaren 2ra arte egongo da zabalik. Formatu handiko 60 panel, arkitektoaren inguruko aipamenak dituzten liburuen bilduma bat, hark hainbat bidaiatan eskuz egindako proiektu eta marrazkien bideo proiekzioa eta Donostian Urumea ibaiaren ondoan dauden etxebizitzen jatorrizko maketa jaso dituzte. Arkitektoak diseinatutako eraikinik ezagunenetakoa da Rafael Moneorekin batera egin zuena. Ia 50 urte ditu maketak, eta Jon Zubizarretak zaharberritu du.

1964an hasi zen arkitektoa lanean, eta 1971ra bitartean Javier Marquet eta Luis Zulaika lankideekin batera aritu zen. Tarte horretan garatu zituen, besteak beste, Donostiako Santo Tomas Lizeoa, Usurbilgo Eliz kalea eraikina (Gipuzkoa) eta Ordiziako Altamirako etxebizitzak (Gipuzkoa). Jorge Oteiza eta Luis Peña Gantxegi izan zituzten sasoi hartan erreferentzia nagusiak. Orduan enkargatu zizkioten Tolosako plan orokorra (Gipuzkoa) eta Urumeako etxebizitzen proiektuak. Biak ere Unzurrunzagaren ibilbidea markatu duten lanak izan dira.

Jendeari bizitza erraztuz

1972an zabaldu zuen Seiss estudioa, besteak beste, Patxo de Leon, Javier Zubiria, eta Angel de la Hoz arkitektoekin batera. Arrasateko (Gipuzkoa) plan orokorra izan zen urte haietan egindako proiektu esanguratsuenetako bat. Herrietako alde zaharrak apurtzen ari zirela eta, horren aurka egingo zuen proiektu bat diseinatu zuten.

Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako diputazioan aritu zen lanean hurrengo urteetan, eta tarte horretan garatutakoa da Txurdinagako parkea (Bilbo). Urte haietan politikariek arkitektoengan «konfiantza» zutela nabarmendu du Unzurrunzagak.

1987an bere estudio propioa sortu zuen, eta han aritu zen lanean 2014ra arte; irakasle lanak egiten zituen aldi berean. Sasoi hartan eraiki zituen Zarauzko itsasertzeko Eguzki Lore etxebizitzak, Arrasateko hilerria, Donostiako Amarako tren geltokia...

Amaiezina da Unzurrunzagak parte hartu duen hirigintza proiektuen zerrenda. Baina, halere, horietako bat ere ez dela «izugarria» dio. Jendeari bizitza errazten ahalegindu dela esan izan du egindako lana definitzerakoan.

«Eraikuntzan arkitektoaren lekua bilatzea izan da urte hauetako guztietako helburua. Inork ez badu hirigintzan pentsatzen, ez dago hiririk. Auzoak, etxebizitzak... sortuko dira, baina zer gehiago?» Haren arabera, egungo arkitektura krisian dago. Uste du ezin dela hirigintza politikarien esku utzi; arkitektoen lana dela aldarrikatzen du. Hori da EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan Jose Arrizabalagak haren ibilbidean nabarmendu duena: «Arkitektoak hiriak eraikitzen aritzeak duen balioaren defentsa egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.