Erakusketa esperimentu gisa hartuta

Manu Muniategiandikoetxeak Zumaian jarri dituen artelanetan, aurretik erakutsi izan dituen «momentu batzuk» daude ikusgai

Igor Susaeta.
Zumaia
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Gizartea eta, beraz, artea ere, zatituta daudela dio. Dena dela likidoa egun; alde onak dituela horrek, baina baita txarrak ere. Definizio berriak behar dituela arteak, finean. Ez dauka jarrera ezkorra hartzeko asmorik, baina hala bizi du. «Egoera berri honetan dena jartzen da zalantzan». Manu Muniategiandikoetxea (Bergara, Gipuzkoa, 1966) artista mintzo da. Badoa badator erakusketa dauka ikusgai Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan hilaren 22a bitartean, eta, erakusketen kontzeptua ere aldatzen ari dela iruditzen zaionez, «bizi izan dugun denboraren diskurtso logikoa apurtu denez», erakusketa bera esperimentu gisa baliatzea erabaki du. Beste obra bat izango balitz bezala. Kontzeptu baten bueltan atondu izan ohi ditu erakusketak, baina Zumaiakoa haren produkzioaren Greatest Hits baten gisakoa dela zehaztu du, umorez. Aurretik erakutsi izan dituen «momentu batzuk» daude ikusgai, «etortzen denak nire lanaren ideia bat har dezan».

Tamaina handiko hiru margolan (3x3 metro, gutxi gorabehera) eta eskultura bat —azpian ispilu bat duena—, eta eskultura horren bi maketa txiki bildu ditu. «Hiru piezaren garapenaren bukaera erakutsi nahi izan dut». Gainera, Zarautzen ematen dituen pintura eskoletako ikasleen bost koadro txiki ere zintzilikatu ditu sabai altuko aretoan.

Erakusketa egiteko deitu ziotenean, kontuan hartu zuen zeinek ikusiko zuen, zein testuingurutan dagoen tokia, zein asmo duen egitasmoak... «Izan ere, ez da gauza bera ezagutzen ez zaituzten toki batean jartzea zure lanak». Azken bi hamarkadetako euskal arte garaikidearen ordezkarietako bat da Muniategiandikoetxea, eta 1980eko hamarraldiaren amaieratik gaurdaino Euskal Herrian eta kanpoan maiztasunez erakutsi izan ditu bere lanak.

Momentuan bizi zuena islatzen zuen horietan. Baina aldatu du bere jokatzeko modua. «Ez dut uste, gainera, hau toki egokiena denik ikerketa lan bat erakusteko, esaterako. Jendeak ez du ezagutzen egiten dudana, eta gehienek nor naizen ere ez dakite». Pentsatu zuen, hortaz, ohiko formatutik ihes egitea eta guneak eskatzen ziona ipintzea horretan: «Gauza ikonikoak, garapena erakustea beharrean». Pentsatzen du, gainera, produzitutako azken lanak erakusteko presa moduko bat egon dela artean, «gauzek irakurketa laburrak edukiko balituzte bezala». Horrekin ez dago ziur. «Zaharraren eta berriaren arteko ideia hautsi da jada».

Oxfordeko paretetako batean jarri duen margolanetako bat berria da. Hondo gorria du, eta eraztun batzuk dauzka kateatuta bezala. Alexander Rodtxenko artistak (1891-1956) haren eskulturetako bati ateratako argazkietan du abiapuntua —eskultura egiterakoan ere errusiarra izan du inspirazio iturri—. Oso geometrikoa da.

Badaki jendeak haren lanez pentsatzen duela «hotzak» direla. Erakusketan, bada bat ez dena horrelakoa, beroagoa dena. «Espresionista», esan du Muniategiandikoetxeak. Lanen gauzatze prozesuan, gainera, «oso beroa» dela aldarrikatu du. Hartu du kafe kikara bat esku artean, eta hasi da esaten pegatu, moztu, apurtu egiten dituela elementuak «ulertze prozesu horretan», eta behin ulertuta gauzatzea hotza izaten dela «mila bider egin duzun gauza baten bukaera bezalakoa». Azalpen gehigarri gisa kontatu du txikitako jostailu bat bera ere ez duela osorik, denak apurtzen zituelako tripak ikusteko ahalegin horretan.

Beti tripetan arakatzen, eta beti «galduta moduan» YasujiroOzuren pelikula bateko baso baten irudi nahasiarekin, zikinarekin, agertzen diren samuraiekin... Hortik dator espontaneoki espresionista deitu dion koadroaren ideia. «Ozuren basoa du izena, baina egiazki [Akira] Kurosawarena dela uste dut...», umorez. Kontrastea egiteko ere aukeratu du erakusketarako.

Lan horretan bere alde espresionista atera duela irizten dio. «Denok denetik gara eta. Zuk aukeratzen duzu zure bukaerako forma, baina prozesuan denok daukagu denetik. Alde futuristagoa, tradizionalagoa...». Momentu bakoitzaren arabera izaeretako bat hautatzen delakoan dago.

Eta Muniategiandikoetxeak beti onartu du beste artista batzuen lanak birziklatzen dituela bereak sortzeko. Umorez adierazi du batzuek esan egiten dutela, eta beste batzuek ez. «Igual damutzen hasita nago, jende guztiak horrekin lotzen nauelako». Pentsatzen du artista guztiek jokatzen dutela berak bezala, «baina esan gabe». Bernardo Atxagak bere hitzaldiekin eta Martin Kippenberger (1953-1997) artistak bere lanekin asko lagundu diote autoretzaren kontzeptua barneratzerakoan. «Esaten dute artista guztiek egiten dutela gauza bera, eta ez direla gutxiago horrela jokatzeagatik. Lanak nola egiten diren esango balitz, mito asko jausiko ziren...».

Hari gustatzen zaio prozesua azaltzea, esatea. Hori erakutsiz, beharbada, haren lana sinplea izan daitekeela deritzo. «Balio gutxi ematen diot lan fisikoari... Hori edozeinek egin dezake». Halere, ez zaio iruditzen diskurtso sendoegia duenik. Baina dagoen tokitik, dagoen unean, arte munduari erantzuna modu batean, «ahal dudan moduan», ematen saiatzen dela dio. Orain, badaki zer ez duen egin nahi; baina ez, ordea, zer nahi duen. Dena delako likidoa. «Arazoa, egotekotan, jende gutxik daki non dagoen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.