Imanol Agirre. Loraldia jaialdiko antolatzailea

«Erdaldunei zerbait galtzen ari direla ikusarazi nahi diegu»

Euskal sorkuntzarentzako udaberriko erreferente bilakatzea da bihar Bilbon hasiko den Loraldia jaialdiaren helburua. Arlo guztietako 50 sortzaile inguru batuko ditu lau egunez.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Udaberriari udaberria falta zitzaiola igarri zutela dio Imanol Agirrek (Bilbo, 1960), eta horregatik erabaki zutela euskal kulturarentzako erreferentziazko jaialdi bat sortzen saiatzea. Loraldia da jaialdi hori, eta hamaika sortzaile eta emanaldi batuko ditu bihartik igandera bitarte. Aktore, dantzari, artista, musikari eta bertsolari, 50 sortzaile baino gehiago batuko ditu deialdiak Bilbo erdialdean. 120.000 euro inguruko aurrekontua dute jaialdirako, baina are jaialdi handiagoa dute amets antolatzaileek. XIX. mendearen erdialdean euskal kulturari prestigioa ematen lagundu zuten lore jokoak aipatu dituzte erreferentzia gisa, baina XXI. mendeko mundura egokitu nahi dute ideia. Hasteko, gaur Xabi Aburruzaga trikitilariak kontzertua eskainiko du Cafe Bar Bilbaon.

Udaberriko Durango bat. Proiektua aurkeztu zenuten egunean, nik behintzat hala ulertu nuen proposamena.

Euskal kulturan agerikoa da desoreka. Zerbait badagoela ikusten da Durangoko Azokaren inguruan, baina urte osoan ematen du ez dela ezer ikusten. Hausnarketa hori egiten dugu, eta itsasargi bat jarri nahi izan dugu horregatik udaberrian, baina gure asmoa ez da konparatzea Durangorekin. Hark badu bere formatua, badu bere historia luzea, eta oso ondo dago, baina gure asmoa da zerbait berria sortzea. Berria, zentzu guztietan. Formatu berriak, produkzio berriak... Gure asmoa da Loraldia benetako loraldi bat izatea. Zerbait sortzea sasoi horretarako, eta, gero, segi dezatela Euskal Herrian biran. Hori da gure asmoa; ideia ez da zerbait finkoa egitea.

Udazkenetik kanpoko erreferentzia faltari buruz badago adostasuna euskal kulturgileen artean. Nola hartu dute jaialdia egiteko proposamena sortzaileek?

Oso pozik hartu gaituzte, eta erraztasun guztiak eman dizkigute. Batzuetan, guk bota ditugun ideiak hartu dituzte; baina beste batzuetan, guk ideia bota, eta moldatu egin dute haiek. Kalakan taldearekin, adibidez, hori pasatu zaigu. Guk ideia bat geneukan, baina haiek beste leku batera eraman dute, eta, azkenean, Kalakan-ek Loraldian egingo duen emanaldia, beren disko berriko kantekin egingo duten lehen emanaldia izateaz gain, On proiektuko Xabier Zeberio eta Pello Ramirezekin sortutako kolaborazioaren fruitu ere izango da. Oso erantzun ona eman digute sortzaileek, eta horrek erakusten du asmatu dugula ideiarekin, eta sentsazio horrekin hasiko dugu Loraldia. Esperantza handia dugu, eta jende asko dago zain ea noiz jartzen garen bigarren, hirugarren eta laugarren Loraldia prestatzen.

Oraindik lehen jaialdia hasi gabe, eta burua laugarrenean?

[Barre egin du] Heldu zaizkigu ideiak eta proposamenak, baina lehenengoa bukatu behar dugu lehenago, jakina.

Sortzaileek, bai, baina erakundeek ulertu dute proposamena?

Erantzun desberdinak egon dira. Batzuek oso ondo ulertu dute, eta zeharo alde jarri dira, beste batzuei kostatu zaie, eta beste batzuk falta dira oraindik sartzeko. Lehenengo Loraldia ondo ateratzen bada, izango dugu aukera finantzabidea finkatzeko. Gure asmoa da alde pribatuak ere finantzabidea ematea, eta, horretarako, jaialdi finko, komunikatibo eta ganorazkoa aurkeztu behar dugu. Aurten, oso programazio polita dugu, baina finkatu behar da, eta gai izan behar dugu urtero programazio eder bat asmatzeko.

Diozunez, sortzaileentzako plataforma bat eskaini ez ezik, ekoizpen lana ere egitea da asmoa, ezta?

Zerbait sortu duen jendea hona etor dadin nahi dugu, bai eta hemendik ikuskizunak sortzea eta euskal zirkuituan bidea egitea ere. Hori da modurik egokiena, nire ustez. Cafe Bar Bilbao eta Fundicion aretoek ere aurten ekarpena egin diote egitarauari, eta haiek programatzen dutena Loraldiaren parte izango da. Datorren urteetan, ikusiko ditugu beste espazio batzuk eta beste leku batzuk Loraldiaren barruan programatzeko gauzak sortzen. Mugimendu handi bat izan dadila Loraldiaren emaitza.

Handia da jaialdia, baina handiagoa duzue antolatzaileek amets.

Gure artean badago iritzi duenik Loraldia izan daitekeela Edinburgoko abuztuaren gisako zerbait. Bide horretatik jo daitekeela; aurten lau eguneko jaialdia egin dugula, baina akaso izan daitekeela hilabete osokoa. Amets handiegia izan daiteke, agian, baina gure asmoa bada jaialdia handiagoa egitea. Erakargarritasuna ere areagotu egingo du horrek. Bi helburu argi markatuta ditugu: erdal munduan sortu nahi dugu euskal kulturan zerbait galtzen ari diren sentsazioa, eta euskal munduan piztu nahi dugu Bilbora joateko gogo eta beharra. Eta bi helburu horiek lortzeko formatu handiko jaialdi bat behar dugu. Hitzordu esanguratsu bat sortu nahi dugu, euskaraz egiten denak zentraltasuna izan dezan, eta jaialdiak erakutsi behar du hemen kalitate handiko kultura egiten dugula.

Eta dena Bilbon. Urte osoan nahiko periferikoa da euskararen zentraltasuna hiriburuan.

Bai. Gauza asko egiten dira, baina maiz ez dira ikusten. Kafe Antzokiak ekarri zuen zentraltasun txiki hori, eta, hari esker, Bilboko erdigunean egiten dira euskarazko gauza asko, baina, oro har, ezkutuan dago euskal kultura hiri honetan. Euskal kulturako ekimenek ez dute islarik komunikabideetan, zaila da haien berri hedatzea, eta ez dago hori koordinatzeko lekurik. Loraldiak ekarri nahi du falta den hori guzti hori: zentraltasun hori, komunikazio hori, erreferentzialtasun hori... Eta, horrekin, urte osoan Bilbon egiten diren ekitaldiak laguntzen baditugu, ba askoz ere hobeki.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

loraldia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.