Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Erdiak jausi, erdiek jauzi

Ofizioetan nabarmenduta eta bakarkako ariketetan lan txukuna eginda, Etxahun Lekuek irabazi du Tolosako saioa. 651,5 punturekin, Aimar Karrika da finalaurrekoetarako sailkatu direnetan azkena

Beotibar pilotalekua goraino bete zen atzoko bertso saioa ikusteko. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
<i>Tolosa</i>
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ongi hasteak asko egiten du. Zortziko handian egindako lanarekin gustura eseri zen atzo Etxahun Lekue, eta olatuan jarraitu zuen zortziko txikian ere. «Puntuetan izan dut nahigabetxoa», zioen saio amaieran. Ez zuten distira berezirik izan bertsoek, baina erori ere ez zen egin, eta ez zion asko iraun zapore txarrak, hamarreko txikian ere saio txukuna eginda, ofizioetan ondo moldatu izanaren sentsazioarekin joan baitzen kartzelara. «Kartzelakoari nion beldurrik handiena, entrenamenduetan ez naizelako oso fin ibili, baina segituan etorri zait ideia, eta denboran ere progresio bat egiteko modukoa iruditu zaidanez, horrekin egin dut aurrera». Puntuazioak entzun aurretik, bertsozale gehienek lehen postuan zuten larrabetzuarra, eta gerora ikusi zenez, baita epaileek ere. 673 puntu eskuratu zituen, eta Bastidako (Araba) finalaurrekorako sailkatu da. Atzoko saiotik aurrera egin dute Maddalen Arzallusek (670) eta Jon Maiak (662) ere. Gutxigatik geratu da kanpoan, berriz, Beñat Lizaso (646,5). Bosgarren Xabar Galletebeitiak (636) egin zuen, eta, haren atzetik, Eneko Lazkozek (607).

Ederra zegoen Tolosako Beotibar pilotalekua. Astearterako amaitu ziren sarrerak, eta, sarrerak eskuan izanda ere, 16:00etarako zegoen jendea ilaran. Frontoiko hiru solairuak goraino bete zituzten 1.250 bertsozalek, eta saioa hasi aurreko berriketaldietan aspaldi pilotaleku horretan bertan izandako saioak izan zituzten gogoan zenbaitek.

Lehen ariketa Galletebeitiarekin egokitu zitzaion Lekueri, eta, gaiaren arabera, kale garbitzaileak ziren: lanean ari zirela, aurretik zihoanak garagardo lata bat bota zuen lurrera. Tolosan bertan eta inauterietan kokatu zuen bertsoaldia Galletebeitiak, eta bigarren bertsoa, berriz, biek karrera bana izanda nola amaitu zuten langintza horretan galdetuz amaitu zuen. «Kale garbitzaileen lana izatez/ oso duina da tira» erantzun zion Lekuek bigarren puntuan, eta «parrandan sarri mozorro danak/ erantzi egiten dira» esanez amaitu zuen.

Zortziko txikian nabarmendu zen Arzallus, atzoko bigarren sailkatua. Lekue zuen kantukide, eta gaiak zioen zinemagintza elkarrekin ikasi zutela: zinema zuzendaria zen Lekue, eta kritikaria, Arzallus. Lekueren azken filmari kritika zorrotza egin zion Arzallusek. Honela amaitu zuen lehen bertsoa bizkaitarrak: «Karreran zuk kontatzen/ zenduan horrela:/kritikoak zuzendari/ frustratuak zirela». Hendaiarrak erantzuna: «Aktoreak pagatu/ dituzu kario/ baina ez du ez drama/ ta ez argudio/ frustatu bati entzun/ zaiozu serio/ porno txar baterako/ ere ez du balio».

Maia, berriz, puntuak erantzun beharreko ariketan ibili zen finen.«Herri bakar batean/ hamaika kultura», jarri zion lehen puntua Ion Zaldua gai jartzaileak, eta haren erantzuna: «Eta bakoitzak dauka/ beraren itxura/ guk zaindu behar dugu/ maite dugun hura/ eta zaintzeaz gaindi/ eraman mundura». Ez zen plaza erraza atzokoa Maiarentzat, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasierako fasetik hartu behar izan baitzuen parte Euskal Herrikorako sailkatzeko. Presioagatik-edo, lotu antzean aritu zen, gehiegi erori gabe baina bete-beteko bertsoak osatzeko zailtasunez.

Kartzelan, gora

Puntukakoa hainbestean joan ostean, hamarreko txikian gora egin zuen berriro ere saioak. Bikote okupa baten azalean jartzea egokitu zitzaien Arzallusi eta Lizasori. 20 urte zeramatzaten hala bizitzen, baina Lizasok ez zuen hala jarraitu nahi. Hau haren lehen bertsoa: «Badakizu dauzkagu/ horrenbeste etsai/ denak ez dira gure/ martxa ulertzeko gai/ bizi nahiko nukeena/ patxadan ta lasai/ orain ni estu nabil/ ta bihar ere bai/ beti ez dut bizi nahi/ noiz bidaliko zai».

Ariketa horretan bertan, adineko pertsonak ziren Maia eta Galletebeitia. Egunero herriko jatetxe berean bazkaltzen zuten, mahai berean, eta bakarrik. Egun hartan, Galletebeitia Maiari hurbildu zitzaion berarekin eser zitekeen galdetzera. Serio aritu ziren lehen bertsoetan, baina umorera jo zuten azkenean: «Batera egiten degu/ kutxiloaz dardar/ eta batera egin/ garbantzutan indar/ batera egin degu/ gainera irripar/ eta batera egin/ dezakegu negar/ baina gazta tarta ez det/ konpartitu behar», izan zen Maiaren azken bertsoa, eta ateraldi politarekin erantzun zion Galletebeitiak: «Amaitu dugu jana/ ta oraindik berbetan/ zertarako nentorren/ diotsut benetan/ gaurkoa ordaintzeko/ dirurik ez neukan».

Kartzelan, hau zuten gaia: «Aspaldiko partez, besarkada estua eman dizu aitak». Ez ziren puntu gehien jaso zituzten lanak izan, baina entzuleek gehien Lazkozen, Lizasoren eta Galletebeitiaren lanak estimatu zituzten. Bertso batetik bestera informazioa gehituz joan zen Lazkoz. Aitarekin zuen harreman deskribatu zuen lehen bertsoan, «Nerabezaroko hainbat/ desadostasun tarteko/ ni beretzat errebelde/ bera neretzat sarjento», hasi zuen lehena. Bigarren bertsoan kantatu zuen amak gaixotasun larri bat zuela: «Ez al da triste xamarra/ une hau iritsi zedin/ ama gaixotu beharra». Eta hirugarrena honela amaitu zuen:«Elkarri hitz egin gabe/ urte luzetan barrena/ ta besarkada batekin/ argitu egin dugu dena/ maiz ekintzaz esaten da/ hitzarekin ezin dena».

Gaixotasunarekin lotu zuen gaia Galletebeitiak ere, baina ama egon beharrean, aita bera zegoen gaixo: «Ahaztu zait garai baten/ nola nuen ezagutu/ eritasun larri batek/ aspaldian du egurtu/ ia ezin da mugitu/ bere kable bere tutu/ maite zaitut gutxi esan/ ta orain dena damutu/ hitz denak soberan daude/ ez dago zertan itsutu/ besarka luzatu dit/ eta geratu naiz mutu/ eskerrak eman nahi dizkit/ ta bide batez agurtu», bota zuen bigarren bertsoan.

Aita ere bertsolaria izanik, ez zuen fikziora jo Lizasok: «Gaurko saioa irabazi det/ ta oholtzatik jaistean/ ze estutua eman didazun/ neregana iristean/ zenbat aholku eman zenidan/ bertso kantari hastean/ ze begirazun, ze errieta/ bertson baten nahastean/ baina gaurkoa merezi nuen/ hala da nere ustean/ ze besarkada ote datorkit/ txapela irabaztean», amaitu zuen.

Datorren asteburuan ez da txapelketako saiorik izango. Urriaren 28an ekingo diote finalaurrekoei, Bastidan (Araba). Igor Elortza, Sustrai Colina, Jon Martin, Agin Laburu, Jone Uria eta Nahikari Gabilondok abestuko dute.

Hemezortzikoa

36 bertsolarik hartu dute parte final-laurdenetan, eta hemezortzi hauek lortu dute aurrera egitea: Baigorriko saiotik, Alaia Martinek eta Aimar Karrikak; Segurakotik, Jon Martinek, Nerea Elustondok eta Beñat Iguaranek; Leitzatik, bostek, Oihana Iguaranek, Agin Laburuk, Iñaki Apalategik, Julio Sotok eta Unai Agirrek; Zumaiatik, Nerea Ibarzabalek, Nahikari Gabilondok eta Miren Artetxek; eta atzoko saiotik Etxahun Lekue, Maddalen Arzallus eta Jon Maia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.