Durangoko 49. Azoka. Eguneko kronika

Eredua berresteko, emaitzak

Bukatu da 49. aldia, eta antolatzaileek nabarmendu dute arrakastatsua izan dela eta iazko bisitari kopurua aise gainditu duela.Argitaletxe eta diskoetxeek aurreikuspenak bete dituztela diote

Larunbatean eta igandean bezala, atzo ere gainezka egon zen Landako eguneko ordu askotan. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Igor Susaeta.
Durango
2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ohikoena izaten da balorazioa egitea behin zerbait amaitzen denean. Gerediaga elkartekoak, Durangoko Azokaren antolatzaileak, ordea, aurreratu egin ziren, eta atzo goizean, 49. aldia bukatzeko oraindik egun oso bat falta zenean, eman zituzten aurtengoak sorrarazitako datuak. Eta horiek hotz-hotzean hartuta, iruditzen zaie azoka «berriro» izan dela arrakastatsua. Gainera, zenbaki deigarri bat jakinarazi zuten. Izan ere, iazko lau azoka egunek 100.000 bisitari bildu zituzten, eta aurtengoak, berriz, atzoko datuak aintzat hartu gabe artean, jada 120.000 zeuzkan erakarrita hiru egunean.

Nerea Mujika Gerediagako presidentearekin batera, Lutxo Egia Ahotseneko koordinatzailea mintzatu zen komunikabideen aurrean Landakoko Areto Nagusian, eta adierazi zuen 150 ekitaldi gauzatu direla Landakotik kanpoko sei guneetan Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena eta K@bia. Kopuruari begiratu beharrean, baina, horrek guztiak eragindako parte hartzeari erreparatu zion, eta ondorio batera heldu da: «Emaitzek berresten dute azokaren eredua».

Eredu horrek biltzen ditu kontzertuak, zinema emanaldiak, hitzaldiak, tertuliak eta beste; eta Landako euskal kulturgintzaren plaza eta azoka bihurtzen duten salerosketek, noski. Pello Eltzaburu Pamielako editoreak gainontzeko argitaletxe eta diskoetxeetako kideek adierazitakoa sintetizatu zuen: «Salmenta aurreikuspenak bete ditugu, eta pozik itzuliko gara etxera».

Antolatzaileek ere badauzkate pozik egoteko motiboak, eta Mujikak horiek zerrendatu zituen: «Arrakastatsua izan da, ahalbidetu duelako sorkuntza eta produkzioa ikusgarri egitea, salmenta kopuruari eutsi zaiolako, sortzaile eta publikoaren arteko harremana estutzen lagundu duelako eta antolatutako ekitaldi gehienak bete direlako».

Gatiburen marka

Ale gehienak ez, Durangora eramandako Euritan dantzan disko berriaren, seigarrenaren, ale guztiak, 4.200, saldu zituzten Gatibukoek atzo eguerdirako; hiru egun pasatxotan, 32 bat orduan, alegia. Bezperan emandako kontzertuan Plateruena kafe antzokia lepo bete zuten, eta Aimar Arejita taldearen gitarra jotzailea harrituta zegoen atzo, «CD guztiak amaituta» zioen kartelaren azpian. «Aurreko lanak beste diskoetxe batzuekin jarri genituen salgai, eta oraingoa geure kabuz egin dugunez, ez genekien, zehazki, zenbat ale ekarri». Motz geratu dira. Kopuru horretara heldu izanaren arrazoiak topatzen hasterakoan, Arejitari iruditzen zaio bi izan daitezkeela pisutsuenak. Batetik, prezioa, 10 euro, egokia dela; eta bestetik, Euritan dantzan diskoaren izen bereko aurrerapen kantua dezentetan jarri dutela Euskadi Gaztea irratian. Kopuru hori aztertzerakoan kontuan hartu behar da, gainera, diskoak bide oso-oso laburra egin duela, orain lau egun, joan den ostegunean, aurkeztu zuten eta.

Beste argitaletxe eta diskoetxeek, ordea, ez dute kopururik plazaratu. Martin Azkarate Gaztelupeko Hotsak-ekoak hiru izen nabarmendu ditu haien katalogotik: La Jodederaren (Aio Kurrilo!), Jon Gurrutxagaren (Hitz lauz) eta Capsularen (Dead or Alive) azken diskoak. «Oso ondo saldu dira. Aldatzen ari dira musika kontsumitzeko kanalak, baina Durangon, behintzat, kontsumitzen da, eta hori ondo dago».

Salmenta horiek osotasun baten araberakoak dira, «eskaintzen den katalogoaren araberakoak», Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunaren iritziz. «Eta hori, aurten bezala, oso erakargarria denean, bada jende asko etortzen da eta ondo saltzen dira diskoak». Haiek plazaratutakoen artean, «zalantzarik gabe» Ruper Ordorikaren Lurrean etzanda saldu da ondoen. Beñat Igerabideren Orbainak eta Naroa Gaintzaren Karratura ere aipatu ditu Valdesek. «Kanpoko erreferentziak eta klasikoak etengabe aditzen ditugun arren, egun hauetan, behintzat, badirudi hemengoa baloratzen dugula». Eta klasikoak aitatuta, batzuek Mikel Laboaren, Xabier Leteren, Benito Lertxundiren eta, besteak beste, Oskorriren lan zaharren bila jotzen dutela dio Elkarreko arduradunak.

Gogoetaren plaza

Izen historiko horietako bik, bizirik daudenek, ez dute lan berririk aurkeztu aurten. Dena den, 2014an Durangon izan da berrikuntza bat azokak berak eskaintzen duenari dagokionez, orain urte batzuk Ahotsenea eta Irudienea, adibidez, izan ziren moduan. Gogoetaren Plaza da hori —elkarrizketak, solasaldiak eta mahai inguruak egin dira sortzaile nabarmenekin, egunero, Areto Nagusian, egun bakoitzeko gai jakin bat plazaratuta—, eta Nerea Mujikak esperientzia horren balorazio oso positiboa egin zuen prentsaren aurreko agerraldian. Sektorearen kezkez eta erronkez aritzeko sortu dute, eta, Gerediagakoaren hitzetan, aurrerantzean ere ildo beretik jarraitzea da haien intentzioa. «Sektoreko eragileekin landuko dugu urte osoan, gaitegia zehazte aldera».

Eltzaburu Pamielakoari egitasmo «oso interesgarria» iruditu zaio, eta pentsatzen du horrekin «jauzi kualitatiboa» eman duela aurten azokak. «Orekatua da azoka. Badu bere alde ludikoa, herrikoia, serioagoa... Oso transbertsala da, eta kolore guztietako jendea biltzen du». Garapen bat ikusi du eskaintzen denari dagokionez —30 urte daramatza Durangora joaten—. Haiek erakusmahaian eskainitakoari dagokionez, bi obra azpimarratu ditu: Bernardo Atxagaren Txoriak kolpeka, eta Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena poema liburuaren berrargitalpena. «Sumatzen genuena bete da. 50 urtetik beherakoek ez zuten liburuaren berri ia, eta asko horren bila etorri dira zuzenean. Poesia izateko, markak hautsi ditu». Hala eta guztiz ere, Arantxa Urretabizkaiak (Zuri-beltzeko argazkiak) eta Ixiar Rozasek (Beltzuria) ere, adibidez, haien publikoa dutela argi geratu zaiola erantsi du Eltzaburuk. Album ilustratuek ere bai. «Ahaztu egiten zaigu, baina oso inportantea da haur literatura. Kalandrakarekin elkarlanean, jada 60 erreferentzia kaleratu ditugu. Geroz eta onarpen hobea dute».

Elkar argitaletxearen kasuan, Olatz Osa arduradunak ez luke lan bat bestearen gainetik jarriko, baina Ana Urkizaren Mamuak eta Danele Sarriugarteren Erraiak izendatu zituen, nahiz eta azken hori udaberrian kaleratutakoa izan. «Alberto Ladron Aranak irakurle fidelak dituela ikusten da, gainera». Iazko salmenta zifrei eutsi die. Baita Ereinek ere. Idoia Gonzalez prentsa eta komunikazio arduradunak ez dauka kexatzeko motiborik: «Jende asko ibili da, eta, gainera, liburuak erosi dira». Toti Martinez de Lezearen Enda Lur —orduro aritu da liburuak sinatzen, eta atzo eguerdian Martinez de Lezeak zain zeukan ilara eten behar izan zuen prentsa arduradunak, idazlea bazkaltzera joan ahal zedin—, eta Jon Arretxeren Hutsaren itzalak aipatu zituen. «Batzuk klasikoen bila ere etortzen dira, eta herenegun, adibidez, Bernardo Atxagaren Obabakoak-en aleak amaitu genituen».

Susako Gorka Arreserentzat, Durangon berme bat da idazle ezagun baten nobela berria aurkeztea. Hori da Unai Elorriagaren Iazko hezurrak-ekin gertatu zaiena. «Hori da gehien saldu duguna». Harkaitz Cano, Kirmen Uribe eta orain Elorriaga. Sona handiko hiru idazlek haiekin kaleratzea «oso pozgarritzat» jotzen du Arresek. «Baina guk berdin-berdin tratatzen ditugu ezagunak, ezezagunagoak, asko edo gutxi saltzen dutenak». Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa poesia liburuak ere izan du arrakasta Durangon. «Bagenekien; ahots inportantea da poesiagintzan. Gainera, kontuan hartu behar da Susak duela 25 urte pasa abiatu zuela bere poesia bilduma».

Ekinaldi berriagoa da Durangoko Azokak aurten irekitako autoekoizleentzako espazioa. Horretan egon da salgai ON rock hirukote indartsuaren Zein diskoa. Ahotsenean aurkeztu zuten bazkaldu ondoren, eta Itsaso Gutierrez abeslari eta gitarristak zera esan zion publikoari, bi abestiren arteko tartean: «Ondo dago Landakon gure espazioa edukitzea, baina gure benetako egitekoa hau da, eta zuen berotasuna behar dugu». Jauko Barikeko kidea zenak esan nahi zuen sortzaile eta hartzailearen arteko komunikazioa dela garrantzitsuena egilearentzako. Eta emaitzak lagun, Durangoko Azokak eredu horren aldeko apustua egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.