Ereiten hasi den azoka

Durangoko Azokak 400 nobedade eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago izango ditu aurten. Argizaiola saria sorkuntzarako beka bilakatuko da aurrerantzean

Durangoko Azokaren antolatzaileak, guneetako koordinatzaileak eta sortzaile talde bat, atzo, Durangoko Landako gunean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Durango sorkuntzaz beteko dugu». Printzipio deklaraziobaten hotsa hartu dute Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariaren adierazpenek Durangoko Landako gunearen hustasunean (Bizkaia). Abenduaren 6tik 10era bitarte jendez, erakusmahaiz eta ekitaldiz beteta egongo da espazio hori, baina erabat hutsik dago orain. Eskeleto huts. Horregatik atera dute bertan 52. azokaren berri emateko ekitaldiko familia argazkia Gerediagako elkartekoek eta azoka osatzen duten zortzi guneetako ordezkariek, eta azokan izango diren 30 sortzaile eta kultur eragileren konpainia izan dute aurkezpenean. Durangoko Azoka egingo den leku berean aurkeztu dute azokaren programazioa, eta hutsune horrekin kontrastean jarri dituzte aurtengo azokak izango dituen datu nagusiak. 260 erakusmahai izango dira, guztira, 145 saltzaile, milaka produktu, 400 nobedade, eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago.

Aurtengo azokak izango dituen nobedade nagusiak ere aurkeztu dituzte antolatzaileek Plateruena kafe antzokian, eta Argizaiola saria sorkuntza beka bilakatuko dela jakinarazi dute, esaterako.

OMENTZETIK EREITERA

Argizaiola sariaren eraldaketa da urteko nobedadea. Euskal kulturaren alde egindako lana nabarmentzea izan da orain arte sariaren helburua, baina eten egingo dute aurten omenaldia, eta sormen beka bat jarriko dute martxan haren ordez. Urtebeteko sorkuntza beka bat izango dela aurreratu dute oraingoz, eta hurrengo irailean zabalduko dutela proiektuak aurkezteko epea. «Azoka etorkizunari begira jarriko da», laburbildu du Mujikak.

Aurten, orain arte saritutako guztiak izango dituzte gogoan ekitaldi baten bidez, eta saio horretan aurkeztuko dituzte bekaren xehetasunak ere. Abenduaren 8an izango da hori, eta ekitaldiaren izenak ematen du asmoaren berri: Omentzetik ereitera.

AURREKONTUAK BEHERA

646.000 euroko aurrekontua izango du aurtengo azokak: iaz baino %4 gutxiago. Gerediaga elkarteko lehendakariaren hitzetan, babesle pribatuen ekarpenean izan den beherakadak eragin du jaitsiera hori, erakunde publikoek eutsi egin baitiote azken urteetan emandako babesari. 150.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, 136.000 Bizkaiko Foru Aldundiak, eta babesa mantenduko dute Durangoko Udalak (45.000), Gipuzkoako Foru Aldundiak (30.000), Nafarroako Gobernuak (10.000) eta Madrilgo Kultura Ministerioak (10.000).

Azokak kultur industrian eta inguruko ekonomian eragiten duen inpaktu ekonomikoa nabarmendu du Mujikak: «Aurrekontu horrekin azokak transmisio eta zabalkundeari egiten dion ekarpena handia da, eta baita sektoreari eta Durangaldeari egiten dion ekarpena ere. Kalkulatzen dugunez, inbertitzen den euro bakoitzeko hamar etortzen dira bueltan».

HAMARGARREN AHOTSENEA

Urteurreneko dago Ahotsenea gunea. Hamar urte beteko ditu aurten, eta pozik azaldu da horregatik Lutxo Egia guneko koordinatzailea. Azaldu duenez, ordea, hasierako filosofia berari eusten diote oraindik ere: «Ahotsenea hasi zen gauza txiki baten moduan, aurkezpen batzuk eta akustiko batzuk baino ez ziren egiten, eta joan da zabalduz, baina, filosofiari dagokionez, berdin-berdin segitzen du. Plaza bat da, non sortzaileak urteko lana aurkeztu ahal duen». Egiak zehaztu duenez, aurten, esaterako, 125 ekitaldi inguru izango dira Ahotsenean. Solasaldiak, aurkezpenak, kontzertuak eta performanceak egingo dituzte, besteak beste, eta sarean jarri dute jadanik egitarau osoa ikusgai.

Aurten, zuzeneko kontzertuetarako, guztira, 88 eskaera jaso dituztela ere esan du Egiak. Ezin izan dituzte guztiak sartu, baina. «Orain bi urte bikoiztu egin genuen edukiera, eta aurten ere eskariak erantzun ezinik ibili gara», aitortu du. Kontzertuez gainera, solasaldien gunean 55 ekitaldi antolatuko dituzte.

FORMATU HANDIKOAK

Plateruena guneak ere aurkeztu ditu aurten izango dituen kontzertuak. Iban Etxebarria da guneko koordinatzailea, eta aurkezpenean eman ditu zehaztasunak: «Durangoko Azoka erakusleiho handi bat da sortzaileentzat, eta Plateruena da erakusleiho horren parte». Urtero ohi duenez, formatu handiko kontzertuak eskainiko ditu azokak Kafe Antzokiko agertokian. Gauero arituko da euskal talde bat bertan, eta guztiak izango dira aurten kaleratutako lan berriak aurkezten. Governors taldea izango da abenduaren 6an, Arcada Social arituko da zuzenean 7an, Audience taldeak aurkeztuko du bere azken lana 8an, Glaukoma arituko da Kalima diskoa aurkezten 9an, eta, azkenik, 10ean, emanaldi bikoitza izango da: 13:00etan Zeze taldea izango da, eta gauean Jabier Muguruzaren txanda helduko da. Bi emanaldi horiek doakoak izango direla zehaztu du Etxebarriak, eta jakinarazi du jadanik salgai direla gainontzeko saioetarako sarrerak.

ANTZERKI MARATOIA

Antzerkia da Szenatokia gunearen esparrua. Durangoko San Agustin aretoan, hainbat emanaldi antolatuko ditu Durangoko Azokak iraun bitartean, eta azokako lehen egunean bertan eskainiko dute ekitaldi nagusietariko bat: Ele! ikuskizuna. Estepan Urkiaga Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca idazleen figurak oinarri hartuta sortu zuten ikuskizuna Jon Maia bertsolariak eta Josu Kamara zuzendariak orain hilabete batzuk, eta haien emanaldiak abiatuko du gune horretako programazioa abenduaren 6an.

Antzerki maratoia ere antolatzen du urtero Szenatokiak, eta nobedadeak izango dira aurten. Antzerki lan luzeen laginak eskaini izan dituzte orain arte egun horretan, baina, horren ordez, lau antzezlan labur eskainiko dituzte aurten: Ganba alaia, Takoidun zapata gorria, Sarean kateatuak eta Minus ikuttua. Goizean egingo dute emanaldi segida bat, eta arratsaldean egingo dute bigarrena. Abenduaren 9an izango da hori.

KULTUR KEZKA

Laugarren urtez gogoetak beteko du Landako gunearen bihotza. Areto Nagusian Anartz Bilbao kazetariak koordinatuko du Gogoetaren plaza izeneko hitzaldi programa, eta, azaldu duenez, kulturzaleen artean dauden eztabaidei eta kezkei leku bat egitea izango da helburua. Abenduaren 8tik aurrera, hiru eguneko programazioa antolatu dute horretarako. Aurrez aurre arituko dira goizean bi sortzaile hizketan. Jon Garaño zinemagilea eta Katixa Agirre izango dira ostiralean. Izaro eta Michel Ducau musikariak izango dira larunbatean, eta Miren Gaztañaga aktorea eta Patxi Uharte Zaldieroa marrazkilaria igandean. Mahai inguruak ere antolatuko dituzte arratsaldeetarako, eta muga, nerabeen eta kulturaren arteko harremana, eta Internet izango dituzte mintzagai.

'HANDIA' ETA 'ERREMENTARI'

Irudienea guneko programa «zabala eta orekatua» izango dela aurreratu du Joana Olabarria koordinatzaileak. Ikus-entzunezkoei eskainitako gunea izango da aurten ere Irudienea, eta hitzaldiak eta proiekzioak antolatuko dituzte, nagusiki. Handia eta Errementari filmei eskainitako saio bereziak egingo dituzte, esaterako, eta film labur eta dokumental andana bat ikusteko aukera ere izango da.

TRANSMISIOA HELBURU

Transmisioaren garrantzia azpimarratu du Itsago Gangoitia Saguganbara guneko koordinatzaileak. Izan ere, haur eta gazteengan jarri ohi du arreta espazio horrek, eta aurten ere aurkezpen, hitzaldi eta irakurketa sorta antolatu dute horretarako. Eta gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, Eider Eibar, Pello Añorga, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria sortzaileak.

Kabi@ gunean mundu digitalari buruzko tailerrak, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatuko dituztela esan du Gorka Julio koordinatzaileak. Aplikazioak egiteko tailerrak izango direla esan du, esaterako, eta baita Wikipedia entziklopediako kideek eskainitako hitzaldiak ere.

Azoka Telebistak ere programa egingo du azokatik bertatik. Euskarazko tokian tokiko telebistetan emitituko dute saioa, eta, horrez gainera, sarean ere jarriko dute ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.