Nolakoa da artearen eta instituzioek abiarazten dituzten politiken arteko harremana? Zer testuingurutan gertatzen da harreman hori? Zein da politika publikoek artean duten lekua? Eta arteak politika publikoetan duena? Galdera horiei buruz gogoeta egiteko hamazazpi artista, komisario eta kultur eragile bilduko dira Gasteizen, Artiumen, datorren ostiral eta larunbatean Eremuak egitasmoak deituta.
«Behar bezala funtzionatzen ez duen zerbait edo konpontzen da edo aldatzen da, baina gaur egun ez da horrelakorik gertatzen», nabarmendu du Fernando Illana Eremuak programako batzorde teknikoko koordinatzaileak. Artea eta politika publikoak mintegian arazo horiek antzeman eta aldaketa abiarazteko oinarriak ezartzen saiatuko dira parte hartzaile guztien artean. Asmo hori Eremuak-ek sorreratik izan duen helburuarekin bat egiten du, politika kulturalaren espazioa zabaldu eta berriro definituko dituzten ekintzak sustatzeko helburuarekin, hain zuzen ere.
Mintegiko bi egunekin hasteko hitzaldi bana emango dute Juan Luis Moraza artistak eta Catherine Davide komisarioak ostiral eta larunbatean, hurrenez hurren. Horien ostean, lantaldeak bilduko dira goiz eta arratsaldez, Eremuak-eko batzorde teknikoko kideek moderatuta. Parte hartzaileen artean artistak, irakasleak, komisarioak eta kontserbadoreak egongo dira. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Eremuak programa abiarazi zuenetik sustatu dituen hamabost egitasmoetako bost ere egongo dira lan taldeetan.
Mintegian parte hartuko duten hamazazpi eragileen artean ez da politika publikoen ordezkaririk egongo hizlarien artean. «Hitz egingo ez duten arren instituzioetan kultur arloko arduradunak gonbidatuta daude: Kultura Saila, udaletako arduradunak...», zehaztu du Fernando Illanak. Ordea, horietatik zenbat doazen ikusteko dagoela gaineratu du.
Politika publikoak abiarazten dituzten pertsonez gain beste pertsona batzuk gonbidatu ditu Eremuakek, baina lantaldeetan parte hartzeko aukerarik gabe, Santi Eraso, adibidez.
Eremuak-ek artearen eta instituzioen arteko harremana aztertuko du
Hamazazpi artista eta kultur eragile bilduko dira Artiumen, egungo egoera aztertzeko eta konponbideak bilatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu