«Argazkilaria baino gehiago, artista kontzeptuala eta poeta bisuala da Madoz». Berehala ulertzen da Oliva Maria Rubio komisarioaren esana Chema Madozen (Madril, 1958) irudiei begiratzean: lainoa kaiolan preso, gitarra kaxa hilkutxa balitz bezala lurpera sartzen edo landare zurtoin mehearen itzala besoko zain bilakatuta. Ustez harremanik ez duten objektuak jartzen ditu harremanetan Madozek argazkietan, atzean datzan ironia azpimarratzeko. Zentzu berrien bilaketak osatzen du Madozen unibertsoa, eta esanahi berrien xerkan aritze horretan, «autore surrealisten ahaide» da, Maria Rubioren hitzetan.
Gizakiak erretratatzen hasi zuen bidea Madozek, harik eta 1990eko hamarkadan «krisi sakon batean» murgildu zen arte. Bere laborategian, objektuen kontzeptua garatzen hasi zen orduan, eta sormen krisitik ateratzeko, ezin izan zuen hobeto aukeratu aurrerantzean bere obra izango zenaren abiapuntuko lana: giltza zahar bat, aldi berean sarraila bat dena. Ikusgai dago erakusketan.
Argazkilaritza bere sorkuntzak irudikatzeko bitarteko bat baino ez da Madozentzat. Haren lan egiteko modua, argazkigintzan baino gehiago, beste alde batzuetan zentratzen dela dio horregatik komisarioak, eskulturan, kasurako. Denborarekin, estilo propioa garatu du Madozek, hainbat sariren bidez aitortu diotena; besteak beste, Espainiako Argazkigintzako Sari Nazionala, 2000. urtean. Argazki munduko jendearekin ez ezik, beste diziplinekin ere egin du lan madrildarrak, tartean, Joan Brossa poeta katalanarekin. Egun, Espainian argazkilaritzatik bizi diren gutxietako bat dela nabarmendu du Maria Rubiok.
70 obratik gora bildu dituzte erakusketan, artistaren ibilbide osoaren lagin «esanguratsu» modura. Osasun arazoak direla tarteko, Madoz ez da egongo erakusketaren inaugurazio saioan gaur, baina, antolatzaileek aurreratu dutenez, litekeena da irailean etortzea, eta interesa dutenekin topaketa bat antolatzea. Azaroaren 5era arte egongo da ikusgai Tabakaleran, Kutxaren Artegunean (Donostia).
«Metaforfoseatu»
Liburuak, arkatzak, edalontziak, mapak, guraizeak, bizar-labanak. Maria Rubioren arabera, «edozein tresnak balio dio Madozi konbinazio infinituak bilatzeko, metamorfosiatzeko, ikusmenaren tranpak atzemateko, munduaren ideia berrietara irekitzeko».
Kondentsazioak, asoziazioak, lekualdatzeak, bat-bateko aurkikuntzak, finean, hori da ars combinatoria (arte konbinazioa). Ramon Llull Erdi Aroko poeta eta matematikari kataluniarraren obrari egindako keinua da erakusketaren izenburua. Ordenagailuaren aitzindaritzat hartzen da Llull, pergaminozko diskoak oholekin, eta letrak hitzekin konbinatuz makina bat sortu zuen, eta harena, Madozena bezala, «konbinatzearen artea» delako hautatu dute izena.
Erakusketa guztian, ordea, ez dago izenburua duen obrarik, egin zireneko urtea baino ez dute aldamenean. Madozek ez ditu sekula izendatzen, apropos, ikuslearen begirada ez gidatzeko, eta autorearen eta ikusleen «sinbiosira hurbiltzeko».
«Izugarria da nola duen estudioa, milaka eta milaka objektu dauzka», aipatu du Maria Rubiok. Objektuekin modu askotan egiten du lan Madozek; izan daiteke, objektua bere horretan hartu eta soilik lekualdatuta, osorik manipulatuta, edo bere estudioan zerotik berak asmatu eta eraikita.
Halere, gauzarik arraroenek arruntak dirudite Madozen lanean. Hala azaldu du komisarioak: «Mugimendu minimoak eta bereziki eraginkorrak erakusteko trebezia agorrezina du; egurrezko eskailera bat jartzen duenean zementuzko beste batean gainean, eta hirugarren bat sortzen denean honen itzalarekin; edo euri tantekin koilare bat osatzean». Pisu ironiko handia duten irudiak dira asko, eta horrekin, logika surrealistekin jolas egitera gonbidatu nahi du ikuslea artistak.
Kritika sozialerako joera ere antzeman daitekeela aipatu du komisarioak; ez gehiegi, ordea: «Seinalatzen du baina ez du azpimarratzen». Bada, esaterako, urtzen doan hiru izotzekin osatutako podium bat, ospearen iragankortasuna irudikatzen duena, edo xiringa bihurtutako lurrin-flasko bat, drogaren auziaz ari dena. Halaber, gizakiaren hauskortasuna da Madozen obran behin eta berriro agertzen den gaia; bizitzaren iragankorra, preseski, trenen eta erlojuen bidez gauzatzen duena artistak. Erantsi dutenez, «lehen begi kolpean harridura eragin arren, zentzuen jolasa berehala bihurtzen da ezagun eta ikuslearen etxeko».
Erlaziorik ez dutenen ezkutuko erlazioak
Chema Madoz argazkilariaren 'Ars combinatoria' erakusketa ireki dute Kutxaren Artegunean, Tabakaleran. Artistaren argazkigintza poetikoaren isla diren 70 obratik gora bildu dituzte erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu