Haserrea. Kezkak. Amorrua. Emakume izanda barrenean dituen sentimenduetako batzuk dira; musikaren munduan bizitza erdia eraman arren, Itsaso Gutierrezek gero eta biziago sentitzen dituenak. «Amorratzen nau berdintasuna dagoela entzuteak. Ni gero eta minduago eta haserreago sentitzen naiz». Sentimendu horiek guztiak bildu ditu Gutierrezek On bere proiektu berrian. «Emakumeek sufritzen dituzten injustiziei» musika jarri die, eta 11 kantuko disko batekin estreinatu da. «Emakumearen begirada dago guztietan».
Itsaso Gutierrez ibilbide luzeko musikaria da. Jauko Barik Euskal Herrian emakumez bakarrik osatutako talde bakanetakoan aritu zen 90eko hamarkadaren amaieran eta mende hasieran—Jauko Barik (2000) eta BZZB eta goxatu!!! (2002) diskoak kaleratu zituen—. Ondoren, Keike taldean aritu zen gitarra jotzen, eta On taldea sortu aurretik Xarma laukoteko kidea ere izan zen.
Talde horietan guztietan eginiko bideak erakutsi dio oraindik ere emakumeak falta direla oholtza gainean, «rocka egiten». «Emakumeak urte asko egon gara oholtzaren bestaldean, baina ikusten. Urte asko egon gara gizonezkoen kantuak abesten eta sentitzen. Bagaude haserre hori kantatzeko eta adierazteko gogoa daukagun emakume rockzale batzuk ere, baina mantso ari gara borroka horretan».
Kantuen hitzetan ere emakumeek dituzten arazo eta kezkak nahiz pairatzen dituzten bidegabekeriak dira protagonista: bikote harremanak, tratu txarrak, feminismoa... Baina betiere, aurrera egiteko ikuspuntu positibo bat gailentzen da Gutierrezek dioenez. Taldearen izena bera da horren erakuslerik handiena: «On egotea erne egotea da. Baina, era berean, edozein arazoren aurrean, gure alde ona atera behar dugu aurrera egiteko».
Hilabete gutxiko bidea
Taldea otsailean sortu zen. Gutierrezek kantu batzuk zituen eginak, «kutxatxoan gordeak», eta haiek jendaurrean jotzeko gogoz egonik, Denis Alberdi Keiken eta Xarmaren azken garaian taldekide izan zuen bateria jotzailearekin jarri zen harremanetan. «Elkarrekin lanean hasi eta baxu jotzailea (Ibai Suarez) taldean sartu ondoren, ez gara geldirik egon». Taldea sortu eta hiru hilabetera, lehenengo kontzertua eman zuten, eta uda hasieran, diskoa grabatzen hasi ziren. Zuzenean jotzeari utzi gabe. «Ez gara gelditu gaur arte. Horren haritik, taldea martxa polita hartzen ari da».
Diskoa Koba estudioan grabatu dute, Bilbon, Xanperekin, eta «soinu jakin bat» bilatzen lan handia egin dutela adierazi du kantari eta gitarristak: «Gitarra indartsuak nahi nituen, baina ez heavyak. Soinuak ere estiloa markatzen du».
Ikasle Abertzaleek urte amaieran egingo duten biltzarrerako kantua egin du taldeak (On), eta diskoan ere azaltzen da. Hain zuzen ere, bere hastapenei keinu bat eginez, Andoni Basterretxea (Delirium Tremens) eta Fermin Muguruza gonbidatu ditu Gutierrezek kantu horretan abestera: «Nik egin nuen lehenengo bertsioa Ikusi eta ikasi izan zen. Eta Jauko Bariken lehenengo diskoa Ferminek atera zuen Esan Ozenkiren garaian. Orduan bultzada handia izan zen niretzat».
Diskoa taldeak berak ekoitzi du, eta 5 euroan jarri du salgai hainbat lekutan: Donostiako Kaxilda liburutegian, Bilboko Gatazkan... eta kontzertuetan ere eskuragarri egongo da. «Beste norbaiten esku uzten duzunean, diskoa garestitu egiten da, eta existitzen ez den merkatu batean sartzen da». Gainera, norberak bere lana kudeatzearen alde onak nabarmendu ditu Gutierrezek, «nahiz eta izugarrizko lana izan».
Gaur, Donostiako Kortxoenean aurkeztuko du taldeak diskoa, eta, bihar, Larrabetzuko gaztetxean.
47. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Erne, borrokatzen jarraitzeko
On taldeak emakumeek jasaten dituzten bidegabekeriei erreparatu die bere lehenengo diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu