Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Erraz ez zenean ere, erori gabe

Erraz irabazi eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako Alaia Martin. Bertsolariei kostatu egin zaie lana biribiltzea, ariketa gehienetan ale politak egon diren arren. 615 entzuleren aurrean aritu dira

Alaia Martin, atzo, Baigorriko Ezker Paretan kantatzen. Atzean ageri dira —ezkerretik hasita— Mikel Artola, Aimar Karrika, Beñat Ugartetxea, Xabi Maia eta Ander Lizarralde kantukideak. BOB EDME.
Miren Garate.
Baigorri
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ariketa batzuetan oso erraz,eroso aritu zela zioen Alaia Martinek saioaren bukaeran. Izan zituen bere buruari eusteko eta landutakoa ateratzeko eskatu beharreko momentuak ere. «Orokorrean, sentsazio baketsua izan dut, sentitu dut oholtzan nengoela, eta gustura, ez dudalako beti lortzen hori». Martinek berak deskribatutakoa ikusi zuten entzuleek ere. Erori ez zela egin ariketa bakar batean ere, eta, aitzitik, gai izan zela zenbaitetan goia jotzeko. Oro har, ariketa guztietan izan ziren gauza politak, baina gutxitan lortu zuten bertsolariek bertsoaldiak biribiltzea. Saioa irabazita, zuzenean sailkatu da Martin finalaurrekoetarako. Haren atzetik geratu ziren Aimar Karrika, Beñat Ugartetxea, Ander Lizarralde, Mikel Artola eta Xabi Maia, eta hurrengo saioen zain egon beharko dute sailkatu diren edo ez jakiteko.

Itxura oso polita hartu zuen Baigorriko Ezker Paretak. 600 lagun baino gehiago bertaratu ziren, eta bete egin ziren harmailak nahiz antolatzaileek jarritako aulkiak. Gazte dezente entzuleen artean, eta pare bat pankarta. Dale Kandela Aimar, zioen haietako batek. Hurrengo saioetan ariko diren bertsolariak ere han, txapelketari traza hartzera joanda.Giroa lehertzerik ez zuten lortu, ordea, bertsolariek.

Zortziko handikoa izan zen arratsaldeko saiorik txalotuenetakoa. Ariketa horretan, gaiek bertsolarien esku uzten zuten zein jarrera hartu, biak ados egon zitezkeen edo ez. Azken hautu hori egin zuten Martinek eta Ugartetxeak, eta elkarri erantzunez saio bizia osatu zuten. Hau zuten gaia: «Festara atera zarete, eta zuen lagun bat borrokan hasi da ondokoekin. Tartean sartuta, baretzea lortu duzue. Ez da hori egiten duen lehen aldia».Lehen bertsoaren amaieran, laguntzen zion azken aldia hura izango zela bota zuen Ugartetxeak. «Modu txarrean izanagatik/ laguntza eskatzen ari da», erantzun zion Martinek. Ez laguntzearen aldeko jarrerari eutsi zion bizkaitarrak, «ezpata» egunen batean beraiei sartuko zietela esanda. «Laguntasuna ez du ekartzen/ soilik tabernako barrak» puntuarekin amaitu zuen bigarrena Martinek. «Elkarbanatu behar dugula/ txarrena eta onena/ baina barkatu ezin diogu/ guk hari onartu dena» esanezhasi zuen hurrengoa Ugartetxeak, eta hau Martinen erantzuna: «Gaur bereziki izan gaitezen/ gure lagunaren lagun/ ta ostikaka hasi duena/ muxuka buka dezagun».

Zortziko txikikoak

Saio biribilik ez zen izan zortziko txikian, baina bai zertzelada batzuk, Artolaren eta Lizarralderen saioan kasu. Parke batean kokatu zituen Joana Itzaina gai jarzaileak. Haserre zegoen Lizarralde, Artolak ogi apurrez betetako poltsa atera eta usoz bete zuelako ingurua. Hara bakarrik egotera joan zela bota zuen aurrenekoan. «A ze umore txarra eta zenbat kexu/ bakarrik egoteko hobea zaude zu», erantzun zion Artolak.

Karrikaren eta Ugartetxearen saioan ere izan ziren ateraldi politak. Gaiaren arabera, arropa denda bateko jabea zen Karrika. Sarri joaten zitzaion Ugartetxea, eta, arropa ugari probatu arren, inoiz ez zuen ezer erosten. Espartinak zituen jantzita auriztarrak, eta hura baliatu zuen Ugartetxeak. «Zapatila politak dituzu gainera/ ai etxean ahaztu zait berriro kartera», bota zuen lehen bertsoan. «Karteraren bila joan etxera jakina/ ez baduzu probatu nahi nire espartina», egin zion arrapostu Karrikak.

Auriztarrak, ordea, puntu-erantzunen ariketan jo zuen goia. «Nola moldatzen zara gauez lo hartzeko?» puntua jarri zion Itzainak. «Gaizki moldatzerik ez duzu usteko/ gaur ere lo egin dut / ondo ta perfekto/ ta bihar nere ustez / oraindik hobeto». Oso ona izan zen hirugarrena ere. «Loa ere neurrian/ osasungarria», zen puntua, eta hau Karrikaren erantzuna: «Bestela gorritzen da/ gure belarria/ baina nekea badut / nik izugarria/ gustura nago ohe / barruan jarria». Behera egin zuen saioak ariketa horretan.

Hamarreko txikian izan zen beste bertsoaldi aipagarrienetako bat. Martin zen kantukideetako bat, eta Artola bestea. Gai hau eman zien gai jartzaileak: «Zu, Mikel, irrati eskuldun bateko zuzendariazara, eta Alaia esataria. Gazteentzako musika saio bat gidatzen du Alaiak. Entzuleek euskal musikarik ez dutela eskatzen-eta, kazkatuta etorri zaizu». Artola hasi zen: «Nahiz ez eskatzea izan/ leiken gure kalte/ ez eskatuta ere/ jarri genezake». Hori eginez gero, entzuleak galduko zituztela eta kezka agertu zuen Martinek. «Eta jakin ber dezu/ ezin da bestela/ minoria batentzat/ aritzen garela», bota zion Artolak. «Bale ba jarriko dut/ Laboan txoria/ minorizatu dadin/ gure minoria». Laboaren aipamenekin jarraitu zuten, eta honela amaitu zuen Martinek: «Mila esker hegoak/ ez mozteagatik».

Kartzelako ariketa etorri zen ondoren. «Komisaldegitik deitu dizute agertu dela esanez» zen gaia. Guraso papera hartu zuten hiruk, eta agertu zena seme edo alaba izan zela esan. Sinesgarritasuna edo istorioa gehiago osatzea falta izan zitzaien Karrikari eta Maiari. Aipatzekoa da doinu berria plazaratu zuela Karrikak. Helduleku berberetik istorio polita osatu zuen, berriz, Martinek. Hau lehen bertsoa:

Zenbat minutuz begira

ordulari horretara

haserre bat izan gendun

ta bost egun dira jada

faltan zaizkidala bere mimo

bere besarkada

bere irripar eta erantzun

eta bere begirada

kiribilduaz joan naiz

luzaro nire baitara

tik-tak ordulari batek

dio taupadaz taupada

baina antza komisarian

zain daukat nire alaba.

Alabak kanpoan egindako egun horietan izandako sentipen eta burutazioak deskribatu zituen bigarrengoan, besteak beste bortxatu edo hil egingo zuten kezka izan zuela esanez, eta«neskok beti beldurrera/ kondenatuta al gaude?» galderarekin bukatuz. Eta, azkenengoan, polizia etxean alaba ikusita amaitu zuen bertsoaldia eta saioa: «Esan dit damutu nintzen/ ez gaur baizik eta atzo/ hemezortzi bete arte/ ez naiz joango amatxo».

Karzelakoaren aurretik, Ugartetxearen aurretik zegoen Artola,baina alegiarrak ez zuen asmatu ariketa horretan. Istorio sinesgarri bat osatu zuen, berriz, bizkaitarrak, eta puntuazioz harena izan zen bigarren kartzelakorik onena. Parrandara atera zen pertsonaren azalean jarri zuen bere burua. Neskekin ligatu nahian nola ibili zen kontatu zuen, eta komisarian agertu zena ezkontza eraztuna izan zela kontatu zuen.

Gaiari helduleku ezberdin bat hartuta, kartzelako oso txukuna osatu zuen Lizarraldek ere.Laguna hil zela esanez deitu zioten komisaldegiatik:

Lehengo astian ikusi nun

etzeukan itxura finik

bere bisaiak ez baitzun

begirada atseginik

ez nion bronkarik bota

ta gutxio hitz gordinik

besarkada eman nion

beste gauzarik ezinik

bizitzeko zertan egin

behar du ba ahaleginik

ez duenak aurkituko

ez dena samin ta minik

kontsuelo asko ez dut baina

bat behintzat badut nik

mundutikan joan dela

maite dudala jakinik

Hurrengo hitzordua

Datorren larunbatean, Seguran (Gipuzkoa) izango da saioa, eta bertsolari hauek abestuko dute: Ander Fuentes Itturri, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi. Gaur zortzi, berriz, Leitzan (Nafarroa) izango da final-laurdena, eta han arituko dira ondoko bertsolariak: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.