Errealitatea vs fikzioa

Eric Baudelaire artistaren 'Ramon Raquello eta bere orkestraren musika' erakusketa egongo da ikusgai Donostiako Tabakaleran, urriaren 15era bitartean

Era askotako materialak bildu ditu Baudelairek erakusketaren lehenengo zatian, argiztatutako mahaietan eta hormetan jarrita. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugaz hausnartu du Eric Baudelaire artistak (AEB, 1973) Ramon Raquello eta bere orkestraren musika erakusketan; gertatzen denaren eta gertaerez kontatzen denaren arteko harremanak ditu ardatz. Donostiako Tabakaleran jarri dute, eta urriaren 15era arte egongo da ikusgai.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugari egindako keinua da erakusketaren izenburua. Orson Wellesek 1938an AEBetako irrati batean egindako War of the Worlds (Munduen arteko gerra) saioari egiten dio erreferentzia. Saio horretan, Ramon Raquello fikziozko orkestra zuzendariaren musika etengabe eteten dute, estralurtarren inbasio bati buruzko azken orduko albisteak emateko. Entzule dezentek sinetsi zuen benetan ari zela gertatzen inbasio hori, eta panikoa sortu zuen herritarrengan.

Errealitatearen kontakizunek arduratzen dute artista: «Kazetarien eta artisten lanbideek antzekotasun asko dituzte. Bada esaten duenik kazetariak direla historiaren lehenengo bertsioa kontatzen dutenak, eta historialariak direla azken bertsioa idazten dutenak. Errealitatea interpretatzean artistek egin dezaketen ekarpena interesatzen zait niri».

Hainbat elementu ditu erakusketak. Asko egunkarietatik moztutako albisteak eta argazkiak dira; badaude XX. mendeko historiaren zati bat kontatzen duten dokumentuak —1917ko Errusiako Iraultza, Alemaniak Polonia inbaditzeko egindako urratsa...—; Taxi Driver pelikularen kartel bat; Wellesek War of the Worlds-en erabilitako gidoia... Horiek guztiak erakusketaren lehenengo zatian daude. «Hainbat euskarritako materialen bidez saiatzen naiz errealitatea ulertzen, ikuspuntu desberdinak bilatzen», azaldu du. Samuel Beckettek arteaz eginiko definizio bat bere egin du: «Artistaren zeregina da, gaur egun, desordenari leku emateko modu bat aurkitzea».

Zientzia politikoak ikasi zituen Baudelairek, eta horrek azaltzen du, hein batean, horma batean jarritako ia 400 grafiko eta taulen paper erraldoiak: alor desberdinetako adituek hainbat argitalpenetarako egindako lanak dira. «Guztiek gai bera dute ardatz, ordea: terrorismoa».

Hitzen eta irudien artean distantzia jarri ohi du arreta Baudelairek. Galdera bat planteatzen du erakusketan: «Zer gertatzen da irudiak hitzetatik bereizten direnean?». Azken urteetan egin dituen bi film dira erakusketaren ardatzak, eta bietan egin du banantze ariketa hori —erakusketan ikus daitezke, euskarazko azpidatziekin—. Also Known as Jihadi (Jihadista bezala ezagutua, 2017) da horietako bat. Bertan, Abdel Aziz Mekki izengoitia jarri dion frantziar-aljeriar jatorriko gazte batek Siriara egindako bidaia bat kontatzen da: ikusleak haren bizitzaz dakien bakarra da jendeak jihadistatzat duela. Azizen bizitzako zenbait irudi agertzen dira pelikulan, eta hitz ahoskaturik ez dago: tartekatzen doazen testu judizialak irakurri ahal izango dituzte ikusleek.

Bigarren pelikula The Secession Sessions (Sezesio saioak, 2014) da. Abkhaziarekiko Baudelaireren interesa du jatorrian lanak. Abkhazia de facto estatu independentea den arren, ez du nazioartearen aitortzarik —Errusiak soilik onartzen du—, eta Georgiako errepublika autonomoa da ofizialki. Hara egindako hainbat bidaiatan ezagutu zuen Baudelairek Maxim Gvinjia, orduko Abkhaziako Kanpo Arazoetarako ministrordea. Hainbat gutun bidali zizkion Frantziatik artistak, hark jasoko ez zituela sinestuta. Gvinjiak jaso zituen, ordea, eta magnetofoi batean grabatu zituen erantzunak. Baudelaireri bidali, eta berriz bidaiatu zuen Abkhaziara artistak, irudiak hartu eta pelikula bat osatzeko material horrekin guztiarekin.

Balizko eraso atomikoa

Abkhaziako anenbaxada deitu duten instalazioa dago bigarren pelikularen ondoan jarrita. Enbaxada bateko bulego bat imitatu dute, Abkhaziako bandera eta guzti: bertan egongo da Gvinjia astebetez, Abkhaziaz, herrialdearen egoeraz edo bestez hitz egin nahi duen edonor hartzeko.

Bi espazioak banatzen dituen korridorean Ante Memorial lana jarri dute. Erresuma Batuko agintariei Baudelairek bidalitako gutunak daude: Margaret Thatcher Fundazioari, David Cameroni, Theresa Mayri edo Tony Blairri, besteak beste. Erresuma Batuaren aurkako eraso atomiko bat gertatuko balitz, eta gobernu osoa likidatuko balu, protokoloak dio lehen ministroak eskutitz batean idatzitako jarraibideak bete beharko liratekeela. Eskutitz horren existentziaz galdetzen die Baudelairek, eta erantzunak jaso ere jaso zituen, eta erakusketan jarri —oraingoz, ez du Mayren erantzunik jaso—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.