Ez da kasualitatea, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariaren iritziz. Esan nahi du ez dela sorpresa bat errealitatearekin oso lotuta egotea 62. jaialdiko Zuzendari Berriak sailean lehiatzeko hautatuak izan diren hamahiru pelikulek jorratzen dituzten istorioak. «Krisi ekonomikoak, egungo egoerak, hori dakar». Kutxa-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatuko diren film gehienak familiaz eta nerabezaroaz mintzo dira, eta estreinako edo bigarren filma duten zinemagileen lanak dira.
Europan ekoitzitako pelikulak proiektatuko dituzte, batez ere, irailaren 19 eta 27 bitartean. Simon Jaquemet suitzarrarenChrieg-ek 15 urteko lau nerabek helduen kontra abiarazten duten gerra bat du hizpide. Marcell Gero hungariarrak gazte zirela hilketak egin zituzten hiru pertsonaren kontakizunak bildu ditu Káin gyermekei / Cain's Children dokumentalean. Nerabeak dira, era berean, Olya eta Sasha moskutarrak, Nigina Sayfullaevaren Kak Menya Zovut / Name Me-ko protagonistak. Krimeara joango dira, Olyaren aita ezagutzera, eta han asmatuko duten jolasa drama bihurtuko da azkenean. Anna Sofie Hartmannen Limbo-k ikasle nerabe baten eta Danimarkako herri txiki batera heldutako irakasle baten harremana erakusten du. Juris Kursietisen Modris benetako gertaera batean oinarrituta dago, eta ama baten eta semearen arteko ezinezko harremanaren berri ematen du.
Totonel 10 urteko mutiko errumaniarrak eta haren arrebak, berriz, elkar maite dute, eta ama espetxetik atera zain daude, hiri bateko auzo txiro batean (Toto si surorile lui / Toto and His Sisters). Eta irakasle gazte baten dilema moralak azaldu nahi izan dituzte Kristina Grozeva eta Petar Valtxanov zinemagile bulgariarrek Urok / The Lesson-en.
Bi lan dira Hego Amerikakoak. Txileko La madre del cordero filmak bizitza osoa ama zaintzen pasatu duen emakumezkoaren iraultza kontatzen du, eta Una noche sin luna koprodukzioak hiru pertsona alderrai eta bakartiren enkontrua erakusten du.
Hermes Paralluelo zinemagile kataluniarrak zahartzaroko maitasunaz eta adinak dakartzan zailtasunez hausnartu du No todo es vigilia-n. Roberto Caston zuzendari galiziarrak —Ander (2009) pelikularen egileak— lau pertsonaren bideak gurutzatu ditu Los tontos y los estúpidos pelikulan, eta erabakiak hartzera behartuko ditu. Thomas Salvador paristarraren Vincent n'a pas d'écailles / Vincent filmak ura ukitzean indartsuago sentitzen den gazte bat du pertsonaia nagusi.
In Her Place izango da Zuzendari Berriak saileko Asiako film bakarra. Hiru emakume elkarrekin saiatuko dira beren bizitza hondatuak konpontzen.
Sail nahiko berria da Zuzendari Berriena; izan ere, 2012 arte Zabaltegin integratuta ematen zituzten zinemagile berri horien lanak.
Errealitateari lotuta
Hamahiru film lehiatuko dira Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean.Familia eta nerabezaroa dituzte hizpide film gehienek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu