Arau bilakatu da, Moonpalacek disko bat argitaratzen duen bakoitzean, lehenik eta behin diseinuari erreparatzea eta hura goraipatzea. Eskuz egindako artelan txiki horiek diskoaren erosketa justifikatzen dute kasu gehienetan, eta gainera badirudi argitalpen bakoitzean aurrekoa gainditzen saiatzen dela Gipuzkoako zigilu txiki hau. Oraingoan gutunazal baten tamainako kartoizko kutxa bat asmatu du Manetten lehen diskoko kantuak biltzeko, eta azalean bi orein jarri ditu elkarri musu ematen, bihotz baten azpian. Ohi bezala, 100 aleko argitaraldi numeratua kaleratu du zigiluak.
Manett Bilbon sortu zuten Diegok (ahotsa eta gitarra), Raulek (ahotsa eta baxua) eta Eduk (bateria), 2004an, eta geroztik bi maketa grabatu dituzte, harrera ona jaso dutenak zenbait lehiaketa eta aldizkaritan. Bizkaian azken urteetan AEBetako rock, folk eta country alternatiboaren eraginak bere egin dituzten taldeen multzoan sar dezakegu Manett, McEnroe, Le Noise edota Sweet Oblivionekin batera —lehen bi taldeekin harreman zuzena du: Eduk McEnroen ere jotzen du, eta Ibon Rodriguezek (Le Noise, Eten, Xabier Montoia) egin du ekoizpen lana diskoan, zenbait instrumentu jotzeaz gain—. Zinema da taldekideen beste zaletasun nagusietakoa, eta Suburbia-n badira horren pare bat adibide: Ramito de mejorana Victor Erizeren El sol del membrillo filmetik hartutako kantu tradizional bat da, eta Dancin' with Mr. Lynch izenekoak zuzendariaren Blue Velvet-era garamatza, Cowboy Junkiesen bidez.
Hirukote formatuaren balizko mugak hainbat tresna erabiliz (banjoa, melodika, pianoa, Mursegoren txeloa...), koruekin jokatuz eta moldaketak zainduz gainditzen ditu taldeak, baina hala ere, konposizioetan nabariagoak dira erreferentziak —Yo La Tengo (Bounty Hunter), Felice Brothers (It Never Snows in the South) edota Velvet Underground (Jane), kasu— berezko nortasuna baino. Maleta de arena ederrak erakuts diezaioke taldeari etorkizuneko bidea.
Musika. MANETT.Diskoa:'Suburbia'.Diskoetxea:Moonpalace.
Erreferentzia pisutsuen maleta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu