Donostiako 59. Zinemaldia. Sebastian Meise. Zinemagilea

«Errepresioa bizi dugu gizakiok, eta gizarteen dekadentzietan nabari da»

Michael Hanekeren ikaslea da, eta ezinbestean nabari zaio. Estilo soil gordinez islatu du aita pederasta duen familia bateko drama eta gainbehera psikologikoa 'Stilleben' lehen lanean.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Herenegun iritsi zen Donostiara Sebastian Meise zinemagile austriarra (Viena, 1976). Aitak alabarekin dituen fantasia pederasten berri jakingo duen familiaren erretratu gordina egiten du lehen filmean.

Drama familiar gogor bat hautatu duzu lehen filmerako. Bizitzaren alderik gordinenetik hasi nahi izan duzu?

Gidoia ez da nirea, baina gaia oso interesgarria iruditu zitzaidan. Sekula ez nuen pentsatu pederasta desberdinak egon zitezkeenik, hau da, euren fantasiak betetzen saiatzen ez direnak, haurrei gehiegikeriak egiten ez dizkietenak. Beraz, gaia interesgarria zitzaidan.

Filmeko lau pertsonaia nagusiek karga psikologiko handia dute. Ez da lan erraza eurena. Nola hautatu zenituen aktoreak?

Aktore gazteak nahiko ezagunak dire telebistan egindako lanengatik Austrian. Aitaren pertsonaia egiteko profesionala ez zen norbait nahi nuen. Aitak espresio oso hotza behar zuen, ia ezer esaten ez duena, eta horregatik hautatu nuen profesionala ez den bat. Eta oso ondo lan egin zuen.

Isiltasunekin eta begiradekin hitzekin baino gehiago esaten al da?

Bai, ez baitago hitzik pertsonaia hauek sentitzen dutena elkarri adierazteko. Elkarri lagundu nahi liokete, baina ez dakite nola, ez dakite zer esan ere, ez dakite gertatutakoaren aurrean nola jokatu. Horregatik, isiltasunek eta begiradek indar berezia hartzen dute. Adierazten dutena unean berean adierazten baitute. Ikusleak eta pertsonaiek aldi berean jakiten dituzte gauzak.

Europa klasikoko familia arazorik gabea dirudi hasieran. Ondoren azalduz joango dira familia horretako arrakala izugarriak. Europako gizartearen erretratu gordin bat ezkutatzen al du filmak?

Tira, azkenaldian etxe barruko pederastia kasu dezenteren berri izan dugu Europa iparraldean eta erdialdean, baina ez dut uste horko arazo soila denik, mundu osokoa baizik. Uste dut mundu osoan egoera normalena errepresioa dela. Errepresioa bizi dugu modu batera edo bestera, eta hori gizarteen dekadentzietan nabari da. Filmean ere sekretu lazgarriaren berri jakitean dekadentzian sartzen da familia.

Aitak eskopeta hartzen du filmaren amaieran. Ikusleak pentsa dezake bere buruaz beste egingo duela, edo jendea hiltzen hasiko dela, baina ez da halakorik gertatzen. Tentsio leun bati eusten dio, hala ere...

Bai, familiako kideek ez dakite nola lagundu elkarri. Ez dakite aurrera egin ala atzera egin; gertatutakoaren aurrean ez dakite nola jokatu. Uste dut aita dela, hain zuzen ere, egoera desatsegin guztia eragin duena, blokeo egoera hori puskatu dezakeen bakarra. Suspentserik ez dago, baina tentsioa bai. Denok nahi dute erreakzionatu, baina ez dakite nola...

Filmaren unerik gordinenetan Voyage, voyage kantua entzuten da. Zergatik?

Aitak alabaren haurtzaroarekin lotzen duelako, 80ko hamarkadarekin nolabait. Neu ere haurra nintzen garai horretan.

Michael Hanekeren estiloaren trazarik antzeman liteke lanean. Zer deritzozu?

Ez nuke nahi hala izaterik... [barre artean].

Zergatik ez?

Irakaslea izan dudalako Vienako zinema eskolan, eta ez nuke gehiegi nabaritzerik nahi. Ahalegina egin dut behintzat.

Zer-nolako irakaslea da Haneke?

Oso irakasle ona da. Jakin beharreko ia guztia daki zinemaz. Solasaldi luzeak izan ditugu. Oso pertsona atsegina eta errespetagarria da, egun dagoen zinemagile handienetakoa izateaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.