Kritika. Artea

Erresonantziak

Ioana Hernandezen erakusketa, Iruñeko Ziudadelan. iÑIGO URIZ / FOKU
Ioana Hernandezen erakusketa, Iruñeko Ziudadelan. iÑIGO URIZ / FOKU
2025eko maiatzaren 20a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'DOMA'

Munduak materialki eragiten digu, eta guk ere, materia garen aldetik, materialki eragiten diogu hari. Gorputzen arteko elkarrizketa sentsorialak sortzen dira eragite horretan, hitzez adierazi dezakegunaz harago, gure inguruan dagoen horrek gugan loratzen dituen efektuak ere biltzen dituztenak. Hain zuzen, bidezidor horretan aurkitzen dira Ioana Hernandezek Doma erakusketaren bitartez helarazten dizkigun piezak. Materialen arteko tentsioen eta harilkatzeen bitartez hainbat geruzatan sailkatzen diren diskurtsoak sortzen baitituzte: zeramika, ehunak, metalak... edo amonaren pitxerra, zaldien irudiak...

Mostra Iruñeko Ziudadelako Labean kokatzen da, eta ukaezina da espazioaren berezitasunak erakusketak egituratzeko orduan ekar ditzakeen baldintzapenak. Alabaina, Doma-n zailtasun horiek ikusezin bihurtzen dira. 

Erakusketa espazioan barneratzen naizen unean, espazioa bera eta haren konposizioak artistaren lanarekin bat egiten dutela nabaritzen da. Zentzu horretan, eraikina sostengatzen duten harrien gogortasuna Hernandezen zeramika irmo bezain hauskorrekin uztartzen da. Pieza batzuen tonalitate okreak kupularen parte diren harrien herdoil gorrituaren oihartzuna dirudi, edo alderantziz: eraikinaren harriak gorritzen dituen herdoilak pieza gorrien zeramiketan islatzen den materiaren eraldatze-prozesuaren berri eman diezaguke. 

Baina ez hori bakarrik, herdoiltze horrek ere objektuen iraungitze prozesuaz ohartarazten du publikoa, zenbait piezaren burdinaren transformazio kromatikoak frogatzen duen moduan. Hain zuzen, hasieran esan dudan eran, munduak materialki eragiten dio haren parte den orori, eta eragite horretan, subjektu/objektu dikotomia betikotzen duten faktoreak barreiatzen dira. Elkarri eragite horretan, dimentsio materiala erabakigarria baita.

Hala ere, dimentsio horretatik haratago, badira beste hainbat geruza. Horren adierazgarri dira artistaren inspirazio iturri izan diren objektuak. Lehena erakusketa-espazioaren sarrerako argazkian identifika daitekeen pitxerra da; artistaren sormen-prozesuaren abiapuntuetako bat, eta, aldi berean, lotura afektiboa ere baduena, haren amonak oparitutakoa baita.

Pieza horren formetatik abiatuta, eraldatutako oroitzapen bat izango balitz bezala, jatorrizko forma luzatu, uzkurtu eta tolestu egiten da. Modu horretan, artistaren lan-prozesuen berri ematen digu: zeramika esku artean izateak une desberdinak agerrarazten ditu, hala nola, bizkotxatzea, esmaltatzea eta bigarren egosketa. Ondorioz, piezen abiapuntua figura bera izan arren, haien formek eta testurek agerian uzten dute ugariak direla euskarriaren aukerak.

Bigarren inspirazio iturria, berriz, hipikarekin lotura duten materialak dira. Objektu horiek ez dira soilik afektibotasunaren esparrutik erabiliak, baizik eta efektibotasunetik abiatuta. Izan ere, hipikaren munduarekiko lotura zuzena izan ez arren, artistak material horien plastizitateak erakarrita erabili ditu; zeramiketan uztartzean lortzen duten efektu plastiko eta bisuala da, hain zuzen ere, horien erabileraren ardatza.

Sinbiosi horretan, badira piezak estaltzen dituzten oihalak, baina ez dituzte ikusezin bihurtzen. Hori argi eta garbi ikus daiteke metalezko euskarri batez osatutako piezetako batean. Euskarri horretan zeramikazko hainbat forma sakabanatzen dira, bata bestearen atzetik, eta haien gainean olana bat dago, haiek estaltzen dituena. Irekidura honetan piezaren barrualdea ikus dezakegu. Baina, hortik harago, olanak material bakoitzaren arteko tentsioak erakusten dizkigu.

Horrela, Ioana Hernandezek Doma erakusketaren bidez sortu duen atmosfera geruza anitzeko elkarrizketaz josita dago. Materialen eraldaketak, memoriaren berrinterpretazioa eta gorputzen arteko elkarrizketa sentsorialak espazioaren murruen artean islatzen dira, ikuslea kontakizun horietan barneratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.