Aitziber Alonso. Ilustratzailea

«Erretiratzeko aukera izango banu ere, marrazten jarraituko nuke gustura»

Donostiako Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan bere lana erakusteko txanda iritsi zaio Galtzagorri elkarteko lehendakari ohi eta ilustratzaile Aitziber Alonsori.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Marrazten bizitza guztia igaroko luke Aitziber Alonsok (Donostia, 1971), lanbidea izatearekin batera, zoriontsu egiten duena delako. Izaera alaiaren isla dira haren lanak; kolore biziak, forma leunak eta elementu estetikoak erabiltzen ditu, denak eskuz eginak. Arte Ederretako lizentziaduna da, eta urtetan Artelekun lan egin du. Ilustrazioa txikitatik landu duen arren, beste hainbat lanetan ere badabil Alonso. Galtzagorriko lehendakaria izan da, eta 2009tik hona Marrazioak tailerrak koordinatzen ditu; horrekin batera, Irria aldizkarian parte hartu du Patxi Zubizarreta idazlearekin. Hain zuzen ere, Galtzagorri elkarteak eta Donostia Kulturak sortutako Ilustratzailearen Txokoan ikus daitezke, Donostiako Aieteko kultur etxean, haren lanaren altxor kuttunenak ekainaren 15era arte.

Ilustratzaileen Txokoa iazko urrian jarri zen martxan; ilustratzaileen lana erakusteko balio al du?

Bai, eta nik dakidanez, aurretik egon diren bost ilustratzaileak pozik daude emaitzarekin. Txoko hau txikia da, beharbada, gure lana ere txikia den moduan. Txikia diot, oraindik ere ilustratzaileen lana ez delako oso nabaria, baina erakusketa kate honi esker jendeari gerturatzea lortu dugu.

Zuk zeuk diseinatu zenituen armairuak. Zergatik bitrina forma hori?

Erakusketaren ideia komentatu zidatenean, segituan argi eduki nuen ez nuela ohiko espazio bat sortu nahi, gauzak zintzilik eta modu arruntean ikustera ohituta gaudelako. Ilustrazioa mundu nahiko ezezaguna da, eta hori erakusteko forma berezi bat izan behar zuela pentsatu nuen. Armairuak perfektuak dira txoko txiki honetan sartzeko, ikusleen arreta erakartzen dutelako. Askatasuna ematen du nahi bezala antolatzeko; nik obsesioak gorde ditut kristal atzean, lau ataletan banatuta.

Eta zeintzuk dira kristal atzean gorde dituzun obsesio horiek?

Bata, animaliak. Gizakiak baino askoz ere errazago marrazten ditut animaliak, eta asko gustatzen zait haien irudiak lantzea; orduak pasa ditzaket marra bat eta beste bat sartuz. Nire beste obsesio bat, hau duela gutxi sortutakoa, etxeak dira; 3Dko formekin esperimentatzen hasi naiz, eta horretarako, aitonak txikitan ekartzen zizkidan kartoizko eraikinetan oinarritu naiz. Irudiekin batera, batzuetan arropen eta zapaten diseinu txikiak ere egin izan ditut, eta arkitektura ere asko gustatzen zait. Londresera bidaiatzean hasi nintzen etxeak marrazten; estilo klasikoak inspiratu ninduen. Uste dut marrazketarekin lotuta daudela, eta horregatik, erakargarriak egiten zaizkit. Laugarren atalean, niretzat oso berezia izan zen lanaren laginak sartu ditut. Yolanda Arrieta idazlearekin egindako elkarlanaren zati bat dira; nik marrazki batzuk egin nituen, eta bera horietan oinarritu zen istorio bat sortzeko. Gutxitan gertatzen zaizkigu halakoak ilustratzaileoi.

Liburuak ilustratzerakoan erabiltzen al dituzu zure sormeneko elementuak?

Noski, irudiek testua aberasten dute beti. Ilustratzaile batek ez du marrazkia egiten soilik; testu horretan oinarrituta, barruan dituen elementuak islatzen ditu. Marrazkiek beti dute sortzailearen nortasuna. Egia da lan guztiek ez nautela berdin inspiratzen, eta zure kontura sortzean, askoz errazagoa da aske lan egitea; batzuetan ere blokeo uneak izaten ditut.

Eta zerk inspiratzen zaitu gehien?

Asko maite dut fantasia, Jules Verneren nobelak eta Metropolis-en antzeko estetika retrofuturista. Asko kargatzen ditut nire marrazkiak; nire estiloa barrokoa dela esan daiteke. Dena den, eta modernizatzeko ahaleginak egin arren, oso klasikoa naiz nire irudiekin. Arkatza eta margoak dira nire tresnak, eta dena eskuz egiten dut; ordenagailua oso gutxitan erabiltzen dut.

Oraindik ere, ilustrazioak haurren literaturaren elementuak direla uste dute askok. Gogorra al da ilustratzailearen lanbidea?

Oso gogorra, baina, aldi berean, oso polita. Ingurukoak beti ari dira erretiratu nahi dutela esaten, baina nik, erretiratzeko aukera izango banu ere, marrazten jarraituko nuke gustura. Euskal Herrian, 70eko hamarkadan ilustrazioaren booma egon zen Ipurbeltz-eko langileei esker, baina oraindik ezezaguna da gure lana. Eta, hala ere, nik gehiago gozatzen dut helduen liburuak ilustratzen haurrenak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.