Erretratu ingelesak

Ione Saizarrek Ingalaterran egindako argazkiekin osaturiko erakusketa dago ikusgai Photomuseumen

Ione Saizarren Please take all the luggage with you erakusketako irudi bat. PHOTOMUSEUM.
Ane Urrutikoetxea.
Zarautz
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Egunerokotasuna osatzen duten une txiki eta berezien ehiztaria da Ione Saizar argazkilaria (1965, Zarautz). Argazki kameraz baliatuta, Ingalaterran ibili da Saizar, ezohiko txokoen bila, ingelesen mundu esklusiboa ulertu eta kulturan sakondu nahian. Hamasei urte Londresen igaro ondoren, Zarautz jaioterrira bueltatu da, eta argazkietan harrapatutako une horien bilduma ikusgai jarri du Please take all the luggage with you izeneko erakusketan, Photomuseumen.

Ingelesen inguruko klixeetatik ihes egin du Saizarrek, eta horren ordez, Ingalaterrako ezkutuko irudiak bildu ditu. Norabide eta helburu finkorik gabe egin zuen Londreserako bidaia, kamera eta inprobisatzeko grina lagun zituelarik; «Londresera planik gabe joan nintzen, han topatuko nuena xurgatzeko prest. Proiektu baikorra egin nahi nuela banekien, baina ezezaguna zitzaidana, hau da, Erresuma Batuaren ezohiko aurpegia jaso nahi nuen».

Erakusketan bildutako argazkiek ez dute izenik, ez eta azalpen testurik; izan ere, istorio irekiak erretratatu ditu Saizarrek: «Logikoa den bezala, nik nire interpretazioa egiten dut argazki bakoitzean, baina uste dut iritzia ez dela itxia eta esklusiboa. Norberak sentitzen duena askatasunez aurki dezan nahi dut, eta horretarako, argazkietan jasotako istorioek amaiera irekia dute».

Industriaren gainbehera garaian hazitako gazteak, bizitzaren azken apurrak jasotzen dituzten helduak, arrazismo eta bazterketa zantzuak... Britainiarren «beste» aurpegi horiek dira Saizarren lanaren protagonistak. Dena den, Saizarren helburua ez da salaketa soziala egitea, gizartea osatzen duten kontraesan txikiak maila ia poetikoan biltzea baizik: «Argazkilari gisa, hunkitzen nauten uneak harrapatu eta jendeari sentimendu horiek transmititzeko gai izatea da nire helburu nagusia. Giza ezaugarriak bildu ditut erretratu eta paisaietan; unea eta testuingurua sentitzen saiatu naiz».

Atzerritarra eta bidaiaria

Londresen ia bi hamarkada igaro dituen arren, atzerritarra sentitzen da Saizar, eta atsegin zaio: «Herritik hirira aldatu nintzen, eta anonimoa izatea gustuko dut. Dena den, ingelesak ezagutzea zen nire helburuetako bat, eta gaur egun oraindik ez ditut guztiz ulertu. Itxiak dira, bereziak, seguru sentitzen dira bere munduan. Atzerritarrei ez diete haien egunerokotasunean berehala sartzen uzten, baina ohitzeko guk baino denbora gehiago behar dutelako da hori. Emozionalki irekitzea kostatzen zaien arren, oso lagun zintzoak eta leialak dira. Bestalde, izugarri ikasiak dira, batez ere helduak, eta igartzen zaie kultura asko kontsumitzen dutela. Egia esan: miretsi egiten ditut».

Inprobisatuz, leku ezezagunetara bidaiatu eta aurkitutako jendearekin izandako harreman kasualen fruituak dira Saizarren lanak. Londres ez ezik, Newcastle, Liverpool, Yorkshire eta Bristol hiriak ere bisitatu ditu Saizarrek, betiere, intuizioak gidatuta. «Askotan, autobus bat hartu, eta beste hirietara iristen nintzen helmuga ezagutu gabe. Ez dit axola non dagoen kokaturik argazkia, bertan aurkitutakoa adierazteko gai izatea baizik». Axolagabe bidaiatzea gogoko du Saizarrek, aldez aurretik ezer erabaki gabe: «Atsegin dut ez jakitea zer topatuko dudan. Esan daiteke bi bidaia egiten ditudala, bata barrua betetzen didana, eta bestea gauza berriak bilatzera bultzatzen nauena. Fisikoki mugitzen ari naizen arren, bidaia abstraktua da, anonimoa».

Estetikari ere garrantzi handia ematen dio Saizarrek argazkietan. Erresuma Batuko argia, eraikinen materiala eta kaleetako koloreak dira erakusketa osatzen duten ezaugarri nagusiak. «Adreiluz josita daude kaleak, industria garaiko fabrika zaharrez. Tradizioari oraindik tinko eusten diote, alde batetik, baina, bestetik, erabateko askatasunez bizi dute kultura eta moda. Kalean gertatzen dira mugimendu sozial eta kulturalak; segituan murgildu zaitezke giroan». Gorria da argazkietako kolore nabarmenena, urdina eta zuriarekin batera: «Asko gustatzen zaizkit Erresuma Batuko banderaren koloreak, oso indartsuak dira. Gainera, nonahi zintzilikatzen dituzte».

Esperimentazioa oinarri

Argazkilariak etengabe agertoki berriak behar ditu; mugimenduan bizi da. Saizarrek baditu helmuga berriak buruan, eta etorkizuneko proiektuak martxan jartzeko irrikan dago. «Etengabe formula berriak bilatzea da aurrera egiteko bide bakarra. Argazkilaritza maite dut, une bakarrak harrapatzen dituelako, baina ikus-entzunetan ere hasi naiz lanean».

Photomuseumeko erakusketa bukatu bezain laster bueltatuko da Londresera, urtarrilaren 29an, eta ondoren, Europatik bidaiatzeko asmoa du: «Ideiaz beterik daukat burua. Erresuma Batuan egin dudanarekin jarraitu nahi dut Europan zehar, lan egiteko modu berriak aurkituz eta bidetik topatzen dudanarekin esperimentatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.