«Nik ez ditut pertsona ospetsuak irudikatzen; argazkigintzak bai, baina nik ez». Erretratuak egiten aritu da David Hockney artista azken urteetan (Bradford, Erresuma Batua, 1937). Ez du edonor margotu, ordea. «Nire pertsonaia ospetsuak nire lagunak dira. Erretratu bakoitza behaketa sakon baten emaitza da, eta ikerketa psikologiko bilakatzen da nolabait». Leon Banks bere medikua, David Stolz masajista, Gregory Evans lagun mina, Margaret Hockney arreba, autoa garbitzen dion langilea edo bere dentista. Gertuko 90 kide irudikatu ditu, denak tamaina bereko koadroan, eta denak aulki berean eserita. Hiru egun igaro zituen modelo bakoitzarekin, eta horregatik dio izaeraren zati bat utzi dutela denek margolanetan. Hockneyren 82 erretratu bildu, eta 82 erretratu eta natura hil 1 erakusketa jarri dute Bilboko Guggenheim museoan. Gaur ireki ditu ateak, eta 2018ko otsailaren 25era bitarte izango da zabalik.
Gerta daiteke bisitariak behatua sentitzea, behin museoaren aretora sartzean: 82 pertsona begira izango balitu bezala sentitu. Erakusketa Hockney artista inguratzen duen jendea ezagutzeko bidea dela dio Edith Devaney komisarioak. «Gizartea ezagutzeko era bat da, ariketa psikologikoa egin baitzuen Hockneyk koadroak margotzean. Irudikatu zuen pertsona bakoitzarekin hiru egun igaro zituen, eta, hori da, hain zuzen ere, behin eta berriz nabarmentzen duena: aurrean zituenen izaeraren zatitxo bat ere eraman duela margora». 80 urte bete ditu artistak aurten, eta duela bost egin zuen erakusketan jarrita dagoen lehen erretratua. Ez kasualitatez.
Urte iluna izan zen 2013a artistarentzat. «Haren estudioko laguntzailea hil zen urte hartan, eta iktus txiki bat izan zuen berak. Hilabeteak eman zituen ezer margotu gabe». Harik eta pintzela berriz hartzea erabaki zuen arte. Orduan sortu zuen 90 piezak osatzen duten erretratu sailaren lehen alea:J-P Gonçalves de Lima, haren laguntzaile Jean Pierri egindako erretratua, alegia. Egin zituen guztien artean aurpegia ikusten ez zaion bakarra dela azaldu du Devaneyk. «Haren egoera psikologikoaren isla da lehen margolan hori. Erakutsi zidanean bere autorretratua izan zitekeela azaldu zidan. Depresioak jota zegoen, eta horregatik uste dut beharrezkoa dela pieza honekin hastea erakusketa, abiapuntua izan baitzen».
2016ko urtarrilean erretratatu zuen berriz Jean Pierre Gonçalvez de Lima lankidea; orduko hartan, aurpegia agerian zuela. Sortu zituen azken erretratuetako bat da, eta, komisarioaren hitzetan, artistaren aldartearen erakusle da. «Oro har, Hockneyren ibilbide emozionala erakusten du erakusketak».
Nork bere begiradaz
Devaneyren erretratua ere egin zuen artistak. «Ez dizkizu loreak botatzen. Ikusten duena margotzen du, eta onartu egin behar duzu», aitortu du komisarioak bere burua erakusten duen margolanari begira. «Nire erretratua erakutsi zidanean zera esan zidan: 'zure alde bat jaso dut'. Galdetu nion ea nire nortasuna bertan islatzea lortu zuen, eta argi erantzun zidan: 'beste erretratu bat egingo banizu, beste alde bat jasoko nukeen, eta hirugarren bat egingo banu, ezberdin bat'».
Erdi gorra da Hockney, eta Devaneyk azaldu duenez, gero eta gehiago estimatzen ditu biren arteko harremanak. Erretratuak sortzeko lagunekin igarotako denbora tartea esperimentu psikologiko gisa hartu zituela aitortu izan du artistak. «Inor ez dago ohituta hogei orduan norbait begira izatera, eta irudiak egiteko, lagunen keinu bakoitzean jarri dut begirada. Ondo ezagutzen nuen jendea are hobeto ezagutu dut. Gainera, banako gisa margotu ditut: kanpoko itxuraz gain, barnekoa ere jaso dut, eta asko pozten nau horrek».
Horra, argazkien eta pintzel bidezko erretratuen lehenbiziko ezberdintasuna. Devaney: «Pertsonak ez dira era berean agertzen argazkietan eta margolanetako erretratuetan. Argazki bat ateratzen duzunean, adibidez, irribarre egin dezakezu une batez. Baina erretratuak egiteko hiru egun ematen zituen Hockneyk, eta denbora tarte horretan ezinezkoa da keinu bera mantentzea».
Margolanetan nortasuna islatzea izan da artistaren erronka nagusia. «Memoria funtsezkoa izan da prozesu osoan. Hala onartzen du Hockneyk berak. Finean, pertsona ezagunak erretratatu ditu, eta berak badaki horrek bere begirada baldintzatu duela. Pertsona bakoitzak bere begiekin eta bere memoriarekin irudikatzen du parean duena, eta, dioenez, horregatik ez daude berdinak diren bi begirada».
Begirada oinetakoei
Bada prozesuan artistari atentzio berezia eman zionik ere. Komisarioaren arabera, hanketan eta zapatetan arreta berezia jarri zuen erretratuak margotzean. «Informazio asko gordetzen dute hankek eta horiek kokatzeko erak. Pertsona bakoitzak postura propioa du, eta izaeraren erakusle ere badela dio artista ingelesak». Ondo islatzen da hori Guggenheimen jarri dituzten 82 erretratuetan, jarrera ezberdina baitu koadro bakoitzean azaltzen denak. «Oinetakoek ere informazio asko gordetzen dute. Mila motatakoak daude, eta izaeraren erakusle direla uste du».
Lehen aldiz jarri dituzte erretratu guztiak areto bakarrean ikusgai. «Inoiz ez ditugu denak galeria bakarrean erakutsi, eta, akaso, aukera bakarra izango da hau». Aldez aurretik ere egona da Hockneyren lana Guggenheim museoan. Paisaia lanak jarri zituzten ikusgai 2012an.
Erretratuen saio psikologikoa
David Hockney artista ingelesak haren gertukoei egindako erretratuak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak, 'David Hockney: 82 erretratu eta natura hil 1' erakusketan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu