Erritmoa da jolasa

Ia hamabost urteko ibilia osatu du Inoren Ero Ni taldeak. BAPen errautsetatik sortutako proiektuak aurrekoaren itzal luzeari aurre egin behar izan zion hasieran. Lengoaia eta soinu propioa garatu dute urteotan. Fruituak jasotzen hasi dira; «guk gozatzen dugu, baita zaleek ere».

gorka erostarbe leunda
Astigarraga
2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Erritmoa. Eurena eta soilik eurena. Astigarragako (Gipuzkoa) Castle Rock entsegu lokalera iristeko orduan, adibidez. Iñaki Guantxe (Irun, 1977) bateria jotzailea eta Mariano Hurtado (San Fernando, Cadiz, Espainia, 1974) baxu jotzailea iritsi dira lehenak, elkarrekin eta oinez. Bizi eta irribarre itsaskorrarekin hitz egiten du Guantxek; baretasun amultsu bat transmititzen du Hurtadok. Borja Iglesias (Donostia, 1973) gitarra jotzailea iritsi da hurrena, sakelakotik hitz eginez, lasai baina pauso bakoitzean tentsioa markatuz. Autoan iritsi da Okene Abrego kantaria, ahots sarkorrez agurtu du, eta argazkilaria zegoela jakin balu «dotoreago» etorriko zatekeela bota du, umorez. Bera hizlariena.

Inoren Ero Ni [Inoren, taldekideen hitzetan] taldeko lau kideak dira. Abiapuntua desberdina izan dute laurek musikaren munduan; erritmo desberdinean baina portu berera iritsi dira. Erruz dute eskarmentua. Baita ilusioa eta musika gogoa ere. Entsegu lokalean sartu orduko harrotasunez erakutsi dute gune berritua eta lokalari itsatsitako estudio txiki berria. «Soinu ekipoa ere badugu orain, eta asko erraztuko digu lana; esperimentatzeko eta ateratzen zaiguna grabatzeko erabiliko dugu», zehaztu du Abregok. Iazko urtearen hondarrean kaleratu zuten beren ibilbideko bosgarren lana: Iennei (Bidehuts). Laukoteak elkarrekin ondu, grabatu, kaleratu eta aurkeztu duen lehena da. Fregoli aurreko diskoa (2011, Bidehuts) —Gronhölm (2007, Bidehuts) eta Fosbury-rekin (2009, Bidehuts) EPen trilogia osatu zuena— grabatua zegoenean sartu zen taldean Guantxe, Mikel Abregok utzitako lekua hartuz. Lehenago, Hurtadok Xabier Olazabal Drake-ren lekukoa hartu zuen, 2008an, Gronhölm grabatu ostean.

Nork bere tempo-a behar izan du proiektura egokitzeko. Guantxe: «Niri Inoren-ekin jotzen hasteak ireki dit beste musika bide paralelo bat. Bateria jotzeko modua eta kantuak sentitzeko era orain arte egindakotik oso desberdinak dira. Gogo berriak sorrarazi dizkit, dena ez dudala ikusia eta entzuna berresten dit. Inoren-ekin, jotzeko askatasuna deskubritu dut, sentitzen dudana espresatzeko garaian askatasuna». Besteak beste, Señor No eta Lobo Electrico taldeetan aritua da, eta egun Capsulako kide ere bada. Mariano Hurtado 2001ean iritsi zen Euskal Herrira, El Hombre Burbuja pop alternatiboko taldearekin diskoa grabatzera. Orduz geroztik, Euskal Herrian da. «Ia hamar urte daramatzat jende honekin; hasieran, kosta zitzaidan baxu linea berrietara ohitzea, Drakek markaturiko ildo horretara ohitzea. Denborarekin nire esparrura eraman dut kontua, eta taldea ere oso ondo moldatu da neurera, elkar egokitu gara. Taldeak musika sortzeko duen modua nik dudan sentitzeko modutik nahiko hurbil dago, nahiz eta ni lengoaia poperoago batetik natorren. Ni oso eroso sentitu naiz». Leku desberdinetatik etortzeak taldea aberastu egiten duela uste dute taldekide guztiek. Iglesias: «Eskola desberdinetatik gatoz, eta horrek aberastu egiten gaitu, bestela amaitzen duzu estilo ariketa huts bat egiten». Hurtadok bilakaeraren oinarrian jartzen du banakoen ekarpena: «Gutako bakoitzarekin antzaldatuz joan da Inoren; hori ederra da. Esentzia bat gordetzen da, hala ere».

Inoiz baino une hobean

Esentzia hori taldearen izen bereko lehen diskoak zedarritu zuen. Hamahiru urte dira Inoren ero ni (2004, Metak) estreinakoa kaleratu zuenetik. Disko luzea izan zen hura, orain artean plazaraturiko lan luze bakarra. 1980ko hamarraldiaren amaieran euskal hardcorearen esparruan itzal luzea utzitako BAP taldeko kideak ziren hirutik lau. Baina Inoren Ero Nik beste soinu bat zekarren, beste estetika bat. Honela gogoratzen du unea Abregok: «Hasieran bazegoen BAPen itzal hori, eta haren zaleek zioten: 'Zer kaka da hau!'. Baina urteekin horietako askok beste jarrera bat hartu dute eta esaten digute: 'Hasieran ezin nintekeen sar zuen musikan, baina orain bai!'. Beno, hamabost urte behar izan dute! [barreak]». Bere erritmora lan egin izan du beti laukoteak. Urte horietan guztietan ondutakoa bere fruitua ematen hasi dela uste du Abregok: «Ziur asko momentu errepikaezin batean gaude. Ereindakoa jasotzen ari gara, eta gure bilakaerarekin ere lotura du horrek. Uste dut jendearentzat ulergarriagoa bihurtu dela gure proposamena». Iglesiasek garatu du ideia. «Lehen, jendea... ikertzen ari zen egiten genuena, eta orain disfrutatzen ari da. Aldaketa bat egon da; adin tarte desberdineko jendea... berritu egin da. Jendea adi dago, eta dantza egiten du. Bizi egiten du gurekin bat».

Zuzenekoetan sentitutako berotasun horrek harreman zuzena du taldeak duen garai apartarekin. «Nik uste dut inoiz baino hobeto gaudela. Ez dut esan nahi aurrekoak ez direnik izan onak, baina hau izugarria da. Lehertzen hasi da. Zuzenekoetan energia berezi bat nabaritzen dugu», nabarmendu du Iglesiasek, aurpegian ilusio irribarrea marrazteaz bat.

Iennei diskoa grabatzea eta kaleratzea laukote honen sendotzearen azken urratsa izan da, proiektu baten hezurmamitze sinbolikoa. Eta lengoaia baten fintze erabatekoa. Inoren Ero Ni soinu marka bat dela esatea ez baita gehiegikeria. «Inoren-en kantu baten 30 segundo entzun orduko jendeak badaki Inoren dela», Hurtadoren esana. Eta Abregok berretsi: «Uste dut badugula gure sinadura soinuan, estetikan. Urteotan gure tokian egon gara, eta orain ikusten dugu talde gazteren batek ere izan dezakeela guk egiten dugunaren oihartzunik».

Ezer bada, «jazz-punka»

Estilo eta etiketen jokoan sartzea arriskutsua izaten da musikaren munduan. Ondo dakite hori kideek ere. Denetariko izendatzaileak erabili izan dira haien musika definitzen saiatzeko: post-hardcorea, post-rocka, post-punkrocka... Horregatik Abregok, transgresio puntu batez, beraiena jazza dela esaten zuen hasieran: «Libertate sentsazioagatik, eta ohiko etiketekin puskatzeko. Normalean jazza beste modu batean bisualizatzen dugu, modu akademikoago batean, baina egokia iruditzen zitzaidan. Orain esango nuke jazz-punka egiten dugula. Bai jazza eta baita punka ere jaiotzez askatasunaren sinbolo dira, nahiz eta gero biak ala biak sarri saldu egin dituzten». Guantxerentzat, taldearen «punturik sendoena» da horixe, estilo batera ez ixtea: «Ateratzen denari bide ematen diogu, eta horrek aberasten gaitu».

Egiten dutenak ildo komun bat baldin badu, «erritmoaren jolasa» litzateke, kideen ustez. «Bolumen eta intentsitate jolasak dira, batez ere. Azkar eta poliki jotzearen kontrastea ez dugu bilatzen hainbeste, baina bai leunago edo sendoago. Ideia bat garatu eta progresiboki lantzen dugu», dio Hurtadok. Iglesiasek «jolastu» aditzari ematen dio berebiziko garrantzia: «Jolas egiten dugu soinuekin, erritmoekin, eta jolas gure artean ere».

Haien artean ere «inoiz baino elkar-lotuago» daude; gauza berriak egiteko indar eta ilusioarekin. «Elkarrekin egon eta elkarrekin disfrutatzeko gogoa daukagu. Ez dugu entseatzeko aukera askorik izaten. Gure beste taldeek [Anarirekin aritzen dira Hurtado eta Iglesias, eta Capsularekin Guantxe] uzten digutenean elkartzen gara, eta asko gozatzen dugu», dio Guantxek. Eta arrazoia sendotu dio Abregok: «Azken entseguak oso onak izan dira; elkartu eta konturatzea, 'arraioa, hau laostia da!'. Gauzak oso erraz atera zaizkigu».

Kontzertuak ematen jarraituko dute, baina aldika-aldika. Izan ere, elkarrekin gauza berriak sortzeko gogoz daude. «Gauza oso desberdinak atera zaizkigu, eta zergatik ez eman horiei bide», bota du erronka Iglesiasek.

Denbora topatzea dute zailena. «Orain, zuzenean gutxiago jotzeko erabakia hartu dugu; entsegu lekura etorri nahi dugu gauzak probatzen joateko».

Euren modura, euren erritmora.

HURRENGO KONTZERTUAK

Martxoak 17: Gernikako Lekuek jaialdian, Iparragirre aretoan (Bizkaia). + Luma.

Apirilak 1: Elorrioko gaztetxean (Bizkaia). + Norman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.