Erroak sendo, burua zabal

'Beste larogei urtian' liburua eta DVDa argiratu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bere 25. urteurrena ospatzekoAlberto Barandiaran da liburuaren egilea, eta orain arteko lanaren testigantza bildu du

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideak elkarrekin, atzo, liburuaren aurkezpena hasi aurretik. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Villabona
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Maialen Lujanbio ageri da irudietan. Pilotaleku huts baten kantxaren erdian dago, bakarrik, aulki batean eserita, elkarrizketa bateko galderei erantzuten. Eta, besteak beste, zera dio: «Erroak sendo, eta burua zabal». Euskal Herriko Bertsozale Elkarteaz ari da. Bada, 25 urteko ibilbidea osatu du jada elkarteak, eta hori «ospatzeko» Beste larogei urtian izeneko liburu eta DVD-dokumentala argitaratu du. Alberto Barandiaran kazetari eta idazleak osatu ditu liburua eta dokumentalaren oinarrizko gidoia, eta Felix Irazustabarrena, Jon Artano eta Haritz Arrizabalaga arduratu dira DVDaren garapenaz. Biak, liburua eta dokumentala, Villabonan, elkartearen egoitzan, aurkeztu zituzten atzo. Argitalpenaren zergatiaren arrazoiak eman zituen Iñaki Murua elkarteko presidenteak, eta atzokoa «egun handia» zela aitortu: «Gurekin Euskal Herrian lanean aritu zirenentzat eta ari direnentzat testigantza baten modukoa da».

Haren esanetan, ez da «esperientzia makala» elkarteak bizkarrean daramana: «25 urteko autokonfiantzazko eta autoantolaketako ariketa izan da, bertsolaritza tradizio moderno bilakatzeko bidean». 500 bazkide zeuzkan elkarteak hasi zenean, eta 2.300 bat egun. Soldatapeko langile bakarra zuen hark, eta orain, aldiz, 69 langile. Ikaslerik ere ez zuen, eta 2012an, berriz, 20.000tik gora. Bidean, gainera, «traba eta krisiak» gainditu behar izan ditu: «ekonomikoak, instituzionalak, elkartearenak berarenak...». Horregatik guztiagatik, «eta umil-umil» esan arren, Murua «harro» dago egindakoarekin.

Liburuaz ere mintzatu zen, eta esan zuen «badagoela zer ikusi, zer irakurri» 165 orrietan: «Bila datorren edozeinek ea zerbait aurkitzen duen. Hori da gure helburua». Bederatzi atal ditu liburuak. Elkartea sortu aurretik zegoen testuingurua azaltzen du lehendabizikoan, eta etorkizuna margotzen du azkenekoan. Tartean, azken 25 urteotako uneak, guneak, gertakizunak, eztabaidak, erabaki esanguratsuak... «Ez diogu hesirik jarri ez ezeri, ez inori», esan zuen Muruak. Argazkiak, aldiz, 80tik gora.

Elkarrizketak ere bildu ditu Barandiaranek: Lujanbiori berari, Jon Sarasuari, Muruari, Ainhoa Agirreazaldegiri, Arantza Mariskali eta Aritz Zeraini.

Bertsolariak eta bertsozaleak

Barandiaranen esanetan, ez zen erraza izan ahots guztiak sartzea, «nortasun handiko jendea» dagoelako elkartean. «Horregatik da interesgarria». Interesgarriak, aldi berean, elkartearen izenari buruzkoak. Hasieran Bertsolari Elkartea zen. «Baina segituan konturatu ginen izen hori ez zela inteligenteegia. Bertsozaleak erakarri beste erremediorik ez geneukan aurrera egiteko», Muruak esana. Hortaz, erroak sendo eta burua zabal. Bertsozale Elkartea izena jarri zioten. Imanol Lazkano ere aurkezpenera bildu zen, eta ondokoa gehitu zuen horren harira: «Bertsolarien artean sortzea okurritu izan balitzaigu, bide motzekoa izango zen». Txirritaren bertso baten hitzek esaten duten bezala: Beste larogei urtian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.