Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Erroma

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Erroman nago. Ahotsak grabatzen. D-ren etxea auzo lasai batean dago, zuhaitzez eta solairu gutxiko adreiluzko etxez beteriko auzo isil batean. D-ren katua zuri-beltza da, eta nire gainean dago, bazkaltzen dugun bitartean. Oliba baten hezurra mahaira erori zait eta katuak jan du. Espero dut D-ren katua lehenengo egunean ez akabatzea.

Lorategi bat dauka, eta 30.000 binilo inguru paretetan zehar pilatuta. Gelatxo batean, estudio bat eraiki du, hainbat artefaktu analogikoz beteta dagoena. Banan-banan aurkezten dizkit, eta behin eta berriz esan behar diot, ez dakidala ezer gauza hauei buruz. Musikaria naiz, suposatzen da, eta ez dakit soinuari buruz, ez dakit sintetizadoreei buruz, ez dakit grabatzeari buruz, produzitzeari buruz… D-ri berdin zaio, ordea.

Bazkaria egunero prestatzen dit grabatzen orduak pasatu eta gero, eta gaur, zartagin bat garbitzen dabilen bitartean, esaten dit pixkanaka arrakasta handiak izango ditudala, diskoetxeak nire lanagatik borrokatuko direla, oso ondo joango zaidala, «zu ez bazara, zein bestela?», esaten dit ingelesez. Nik ez dakit non sartu. Irribarre egiten diot (barre ere bai). Ez dut ulertzen nondik datorren miresmen hori, errespetu hori. Bera italiarra da, nik euskaraz eta zeozer gaztelaniaz kantatzen dut. Bera elektronikan, soinuan, musikan aditu bat da, figura bat Erromako eszenan nagusiki. Ni… ez dut neure burua zapaldu nahi, baina nik teknikoki ezer gutxi dakit, agian ahotsa da gehien menperatu dezakedana zentzu horretan, pentsatzen dut, neure buruari animoak emanez. Beste guztia gozamena da niretzat; edertasun eta harmonia, eta ez dakit, sentipen kontu bat, musika egiteko garaian. Eta hori ez da curriculum vitae batean sartzeko modukoa. Ez dut ezer ulertzen.

Tira, dena dela, hemen nago, eta D-rekin lan egiteko aukera biziz, normala izango balitz bezala. Hemen, astearte bat, Erroman, atera den zeru urdin honen azpian, abesti bat grabatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.