Musika

Erromantizismoko giroarekin itzuliko da Euskadiko Orkestra udazkenean

Hamar programako denboraldia eskainiko du orkestrak irailean hasi eta ekaina bitartean. Schuberten sinfonia guztiak batuko dituen emanaldiarekin hasiko da, eta Shumann, Wagner eta Mahler izango dira denboraldi berriko beste protagonistetako batzuk. Edukiera erdiarekin abiatzea aurreikusi dute.

Oriol Roch, Bingen Zupiria eta Rober Treviño, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan (Donostia), gaur goizean. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 5a
13:05
Entzun

"Zaila da ziurgabetasun giro batean zuria beltzaren gainean jartzea. Baina argi genuen, bat, ezin genuela egindako lana aurkeztu gabe gelditu; eta, bi, ezin genuela halakorik egin arduraz jokatu gabe, udazkenean behintzat". Ez du egindako lan hori erakustera heldu ahalko direneko zalantza ezkutatu Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendariak, baina errime hitz egin du, berretsiz orkestrak hasieratik segitu duela lanean bere jardunari ahal bezala eusteko, eta sentitu dutela nahikoa konfiantza 2020-2021eko denboraldia aurkezteko. Gaur goizean egin dute horretarako agerraldia, orkestraren Donostiako egoitzan, eta Rochen alboan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Rovert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularra.

Erromantizismotik ibilbide bat egitea da denboraldi berriaren proposamena. Schubertekin abiatuko da bidea, haren sinfonia guztiak interpretatuko dituen programa batekin. Baina Schummanek ere izango du protagonismoa eta baita Wagnerrek ere. Hura izan zen Erromantizismoaren garaiarekin hautsi zuen konpositore nabarmenetako bat, eta, haren ondotik, Mahler eta Rakhmaninoven pareko autoreengana iristea da orkestraren asmoa.

Erromantizismoa bi ideiei lotuta ikusten duela aipatu du Zupiriak, eta eskerrak eman dizkio horiek ekartzeagatik Treviñori: sentimenduak eta Europa. "Uste dut udazkena sentimenduetarako sasoi bat izango dela, bizi izan dugun denagatik, pertsona askok sufritu duten guztiagatik, eta bizitzea tokatuko zaigun antsietate guztiagatik. Eta uste dut, horrelako une batean, erreferentziatzat Europa izatea inportantea dela".

Treviñok, aldiz, "berriz elkartzearekin" lotu du orkestraren denboraldi berria eta hura osatzeko prestatu duten errepertorioa. "Itzultzeko unea izango da, eta, musikak dakarren esplorazioaren bidetik, ezberdin itzultzeko aukera dugu, irekiago izanez, enpatia gehiagorekin hartuz elkar, maitekiroago". Orkestra horretarako leku bat izatea nahi duela aipatu du zuzendariak, "emozioak agertzeko eta batera egoteko" espazio bat, hitzen beharrik gabe. "Denboraldi berriak gizartearen sendatze une hori landu nahi du, gure artearen bidez".

Hamar abonuko denboraldia

Etorkizun hurbilak zer ekarriko duen jakin ezinik, agertoki ezberdinak lantzen aritu direla azaldu du Rochek. Hamar abonuko eskaintza mantentzea erabaki dute, hamar programa ezberdin, ohiko lekutara eramango dituztenak: Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostiara. Lehen bi programek —Schubert eta Wagner— ezohiko egutegi eta ezaugarriak izango dituzte: edukiera erdia hartuko dute emanaldiek, entzuleen artean aulki huts bat gordez. Schubert-en kasuan, bi saio izango dira (18:00etan eta 20:15ean), eta Wagner-enean, aldiz, hiri bakoitzean kontzertu egun bat gehitzea pentsatu dute. Orkestra ere gisa bertsuan arituko da, musikarien artean bi metroko distantzia gordeta, eta kopuru erdiarekin. Hala aritu dira egunotan, publikorik gabe eta Miramongo (Donostia) egoitzan grabatu duten zortzi kontzertuko ziklo txikian —ETB2 ari da horiek ematen—. Kide denei zer ikasia eman dien esperientzia izan dela adierazi du Treviñok: "Zorroztasun gehiagorekin entzuten ohitu behar izan dugu. Proaktiboagoak izaten, eta, peripeziak peripezi, ariketa ederra izan da orkestrarentzat, entzumena garatzeko eta oztopo teknikoak gainditzeko".

Enigmatikoa, Bruckner wagneriarra, Bizirik, Bidaiak, Gaua, Gazteak, Noragabeko adiskidea eta New York izango dira denboraldia osatuko duten programak. Urkiza, Shostakovitx, Bruckner, Berlioz, Dvorak, Rachmaninoff, Bartok eta egile gehiagoren obrekin osatu dituzte, eta, hasiera batean, orkestra osoarekin interpretatzeko moduan egongo direla aipatu dute orkestrako ordezkariek. Hala ez balitz, moldatzeko modua egingo dutela aurreratu du Treviñok. "Musikaren munduak hori dauka, badago non aukeratua".

Emanaldietan parte hartuko duten zuzendari eta bakarlariei ere egin diete azpimarra bai Rochek eta bai Treviñok. Lehenengoen artean, bost izen "handi": Michel Tabachnik, Ruth Reinhardt, Gemma New, Hans Graf eta Anja Bihlmaier. Bakarlarien artean, berriz, Pablo Ferrandez (biolontxeloa), Behzod Abduraimov (pianoa), Vadim Gluzman (biolina), Birgit Kolar (biolina), Manuel Walser (baritonoa) eta Nikolai Lugansky (pianoa) ariko dira.

Sarrerak laster eskuragai

Euskadiko Orkestrak 7.000 abonatuko komunitate bat duela alboan aipatu du Rochek, eta esker hitzak izan ditu haientzat azken asteetan erakutsitako babesagatik. Abonatu berrien izen-ematea eta denboraldi berrirako sarreren salmenta oraindik ziurtatu ezinean direla azaldu dute, baina laster espero dutela horren berri zehatz ematea. Bitartean, eskaerak orkestraren webgunean eta telefonoz (943 01 32 32 jasoko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.