Bi belaunaldi eta bi jatorri. Nortasun agiriari begiratuta, Gilberto Gilek eta Esperanza Spaldingek zerikusi gutxi dute beren artean. Lehenengoak, Brasilgo tropicalismo mugimenduaren ikur handienetakoa izan zenak, 70 urteak bete ditu orain hilabete eskas, eta ezer gutxi dauka dagoeneko erakusteko. Spalding, berriz, jazz munduan sortu diren baxu jotzaile berrien ordezkari laudatuenetakoa bilakatu da 30 urte izan gabe, baina, gaztea izanagatik ere, sariz eta laudorioz beteriko ibilbidea egin du orain arte. Gaur, biek ala biek Mendizorrotza kiroldegiko agertokia partekatuko dute Gasteizko Jazzaldiaren laugarren egunean.
Gilberto Gilek ez du aurkezpenik behar. Azken urteotan politikaren esparruan eginiko lanagatik nabarmendu bada ere —Brasilgo Kultura ministro izan da—, herri musikari egindako ekarpenak bihurtu du ezinbesteko figura bere herrian nahiz mundu osoan. Bossanovaren eraginpean hasi bazen ere, rockera eta forma esperimentaletara zabaldu zen, eta, Caetano Veloso, Maria Betania zein Gal Costarekin batera, tropicalimoa sortu zuen 60ko hamarkadan.
Gaurko kontzertuan String Concert & The Rhythm Machines proiektua aurkeztuko du. Bem Gil semea izango du laguntzaile gitarrarekin, eta ondoan izango dira, era berean, Jacques Morelenbaum (biolontxeloa), Nicolas Krassik (biolina) eta Gustavo di Dalva (perkusioak).
Esperanza Spalding (Portland, AEB, 1984), berriz, abeslari eta baxu jotzaile gisa nabarmendu da, eta bere gaztetasunean ibilbide oparoa egin du jazzaren esparruan. Oso gaztetatik hasi zen musika zuzenean jotzen, eta 2006an kaleratu zuen bere aurreneko diskoa: Junjo. Lan horrek oihartzun handia izan zuen jazz munduan, eta miresmen hitzak jaso zituen, besteak beste, Pat Methenyrengandik. Orduz geroztik, Spaldingek bere estiloa findu du, jazzari bestelako musiken ahaireak gehituz (soula, bossanova). 2011n artista berri onenaren Grammy saria jaso zuen, eta Bostongo Musika Sariek ere urteko jazz artista izendatu zuten.
Bestalde, XXI. Mendeko Jazza zikloaren barruan, Dominick Farinacci Group ariko da 18:00etatik aurrera, Principal antzokian. Dominick Farinacci tronpeta jotzailea da (Cleveland, AEB, 1983), eta orain gutxi bigarren diskoa kaleratu du: Down of Goodbye.
Eskarmentua eta gaztetasuna bilduko ditu gaur Gasteizko Jaialdiak
Gilberto Gil kantari brasildarra eta Esperanza Spalding AEBetako baxu jotzailea ariko dira jazzaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu