Lokalean sartuta ematen du gau eta egun Garikoitz Kortabitarte Beti-k. Ezizena ere bizimodutik datorkio. Beti lokalean egotetik, alegia. Salbuespen modura herrira aterako da gau batez, eta egundoko tragedia gertatuko zaio: eskuko telefonoa galdu egingo du. Jon Zubiaga Osoron-ek taularatuko ditu Betiren ibilerak, Buah txabal! antzezlanean. Markinako (Bizkaia) Uhagon kulturgunean aurkeztuko du aurrenekoz gaur 19:30ean, Korrika Kulturalaren barruan. Buah txabal! AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen eskariz idatzi du Unai Iturriagak, gazteen artean euskararen erabileraren inguruko gogoeta eragiteko xedez.
Sakelako telefonoa galtzeak barne gatazka bat baino gehiago eragingo dizkio Betiri. Tartean, hizkuntzari dagokiona. «Aita euskalduna du, etxean euskaraz egiten du, baina kalean euskaraz egitea ez da bere eskemen barruan sartzen», dio Iturriagak. Gutxiago, jende asko dagoen tokietan lehen hitza euskaraz esatea. «Euskarak ez duela askorako balio pentsatzen du», Osoronek dioenez. Alegia, euskararekin ez dela urrutira iritsiko. Horrek gatazka eta zer pentsatua eragingo dio, baina. Bera euskaldun sentitzen delako, gehienean espainieraz egin arren.
Lagunekin partekatzen duen lokala bere unibertso bakarra duenez gero, zailtasunak izango ditu jendearekin harremana izateko. Lokaletik kanpo parranda bat egitea salbuespena izan da, baina aski eta sobera pertsona batekin harreman labur baina era berean esanguratsua izateko. Eskemak hautsiko zaizkio.
Tarteka, mingotsa
Lokaletik kanpora bizi izandako horren berrikontatuko du Betik, denboran atzera eta aurrera eginez. «Tipo apal eta hurbila» izan du gogoan Osoronek, Betiren pertsonaia eraikitzean, «jendea harekin identifikatzeko». Azken finean, ikusle gazteentzat pentsaturiko obra da, eta euskararekin duten harremanaren inguruan hausnar dezaten da helburua.
Buah txabal! ez dela orain modan dauden bakarrizketa horietako bat ohartarazi du Osoronek. Antzerki ukitua du, hainbat egoera aurkeztuko ditu aktoreak, eta umorea baliatuko duen arren, algaraka barre egiteko lana ez da izango. Tarteka, «mingotsa eta guzti» izango dela dio Osoronek,«ironia eta sarkasmo handiz» idatzitako testua den heinean.
Markinan estreinatu ondotik, Basauriko (Bizkaia) Pozokoetxe kultur etxean (hilaren 12an) eta Irungo (Gipuzkoa) Kabigorri Ateneoan (maiatzaren 19an) izango da Buah txabal! ikusteko aukera.
Eskemak hautsi ostean
'Buah txabal!' komedia ironikoa aurkeztuko du gaur Jon Zubiagak, euskararen erabileraz zer pentsatua emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu