Haizea Barcenilla
Begiz

Eskultura eta euskal kanona

2024ko otsailaren 27a
05:15
Entzun

Aste honetan Tabakalerak Larruak eta izurrak erakusketa ireki du, eskultura eta gorputza bateratzen dituena, praktika horren arlo ukigarri eta hunkigarriak aztertzeko asmoz. Oraindik ikusi gabe ere gogoeta piztu dit. Hasteko, gaia azken urteetan feminismotik asko landu den ildoan kokatzen delako, gorputzak eta zentzumenek arte praktikan izan duten presentzia aztertuz. Ez da zorizkoa, beraz, parte hartzen duten artista guztiak emakumeak izatea. Horien artean, «belaunaldi gazteetako» (40 urterekin gazte? Beste zutabe baterako gaia) euskal artista errekonozituak daude; besteak beste, Gure Artea saria jaso duten hiru: Sahatsa Jauregi, June Crespo eta Nora Aurrekoetxea.

Eskultura, generoa eta erakusketak lotuz beste zerbait etorri zait burura: Larruak eta izurrak ez da «emakumeen erakusketa» gisa aurkeztu. Gogoangarria da azken urteetan emakume askoren lana aldarrikatu dela euskal eskulturan bultzatu zuten aldaketaren garrantzia azpimarratzeko. Gemma Intxausti, Elena Mendizabal, Miren Arenzana, Elena Aitzkoa, Mabi Revuelta eta Ana Laura Alaezen banakako erakusketak gozatu ahal izan ditugu, gizonezkoen presentzia ia absolutua zen arte panorama hautsita. Horri esker, orain dela ez asko «emakumeen arte» gisa salduko litzatekeen erakusketa gaur egun artista esanguratsuen erakusketa da beste gabe. Pozgarria da aurrerapena.

Dena den, zertxobait larritzen nau eskulturaren lekuak aldaketa honetan. XX. mende erdialdetik euskal arteak eskultura beste praktiken aurretik jarri zuen; baina ahazten zaigu Txillidaren edo Basterretxearen belaunaldiko emakume gehienak pintoreak zirela, eta eskulturaren lehentasunak genero irakurketa oso argia zuela, abstrakzioa, materialak eta teknika bera gizontasunarekin lotzen zelako. Pintura, eta, batez ere, emakume gehienek egiten zuten pintura figuratiboa, ez da ia aztertu, are gutxiago historiatu edo transmititu ere: Gure Artearekin jarraituz, 2022ra arte ez du emakume pintore figuratibo batek irabazi, Mari Puri Herrerok, 80 urterekin —aurreko urtean Dario Urzayk irabazi zuen, 63 urterekin; 1983an jada irabazi zuen aurretik sari bera—.

Beraz, sistemak onartu du emakumeek eskultura egitea, euskal kanonaren barnean kokatzen delako, kanon hori zertxobait astintzen badu ere. Baina ez du kanona bera baztertzen ez hondoratzen; kontrakoa, mantentzea ahalbideratzen du, eskultoreei oraindik lehentasuna emanez, hainbat eta hainbat emakume pintore, historiko zein oraingo, bazterrean utzita. Emakumeek egindako ekarpenak euskal eskulturaren maskulinitatea lausotu du, baina ez ditu horren albo kalteak ekidin. Beraz, Larruak eta izurrak ikusteko gogoz banago ere, irrikatan nago pinturaren inguruan halako gogoeta sakonak egiten dituen erakusketa bat ikusteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.