Serra-Brancusi erakusketarekin Bilboko Guggenheimek ez du nahi artista bi horien inguruko teoria berririk plazaratu, ezta bikote idilikorik aurkeztu ere. «Huts handi bat izango litzateke», Oliver Wick komisarioaren arabera. Eta halakorik saihesteko asmoz jardun du artista bien obrak elkartuz, bien arteko elkarrizketarako guneak sortuz, eta «komunean dauzkaten ildoak zein kontrasteak nabarmenduz». Basileako Beyeler fundazioarekin elkarlanean antolatu du erakusketa Bilboko Guggenheimek. Brancusiren 40 obra inguru bildu dituzte, eta Serraren 15 bat. Sona handiko nazioarteko hainbat erakunde eta bildumetakoak dira. Eta horietako batzuk lortzea «benetan zaila» izan dela ohartarazi du Wickek.
Constantin Brancusiren (Hobita, Errumania, 1876-Paris, 1957) eragina funtsezkoa izan zen Richard Serrarengan (San Frantzisko, AEB, 1939), artista estatubatuarraren obra baldintzatzeraino. Parisen ezagutu zuen Serrak Brancusiren lana, 60ko hamarkadaren erdialdean. Yale unibertsitateak emandako diru laguntza bati esker denboralditxo bat eman zuen Parisen. Brancusi hila zen ordurako, baina haren lantegira egunero joaten zen Serra. Bere lanak sakon eta lasai aztertzera, behatzera eta hausnartzera. Serrak berak esana da esperientzia horrek markatu zuela bere ibilbidea. Eskulturaren bidea hartu zuela Brancusiren lanak inspiratuta. Wicken esanetan, «artista biek utzi zuten arrasto dinamikoa artearen historian, eta betiko aldatu zuten eskultura modernoaren ibilbidea».
Brancusik «bolumena marrazteko» baliatu zuen moduak Serra «liluratu» zuen. Eta hori erakusketa osoan nabarmena dela uste du komisarioak. «Mugimendu estatikoa» iradokitzeko moduan ere antzekotasunak sumatzen ditu komisarioak.
Brancusiren Musua pieza monolitikoaren hainbat aldaerarekin abiatzen da erakusketa, Bilboko museoko bigarren solairuan. Eta handik goitik Serraren Denboraren materia eskultura multzoa ikus daiteke, lehen solairuan.
Haurren buruak eta Musak lo pieza poetikoak daude hurrengo aretoan. Igeltsuz eta brontzez eginiko lan ederrak. Ez batzuek ez besteek ez daukate euskarririk. Eta horrek hauskor itxura ematen die. Edozein unetan eror daitezkeen sentipena izango du ikusleak. Mugimendu estatikoaren adibide dira. Materialen artean dagoen «hierarkiarik eza» azpimarratu du Wickek. «Igeltsuzko josturak ez zituen ezabatu Brancusik, eta brontzezkoa leun-leuna da. Baina biak dira serie eta garrantzi bereko lanak».
Danaide brontzezko eskultura emakume baten burua da, halaber. Eta, euskarria duen arren, oreka zail batean jarri zuen Brancusik, erabat makurturik. X printzesa obra polemikoari bidea irekitzen dio. Marmol zuriz 1915ean eginiko tamaina txikiko eskultura horrek sekulako zalaparta sortu zuen bere garaian. Emakume baten gorputza irudikatu zuen Brancusik. Baina nola begiratzen den, ukitu erotikoa du ezbairik gabe, eta itxura falikoa ere ukaezina da.
Eskandalua eta frustrazioa
Wickek azaldu duenez, artistak 1917an aurkeztu zuen New Yorken, eta iruzkin bat edo beste kenduta, ez zuen aparteko iskanbilarik eragin. Ordea, Parisen oso bestela gertatu zen 1920an. «Poliziak esku hartu behar izan zuen! Itzela izan zen. Ministroa eskandalizaturik, artista frustraturik...».
Oraindik ere zenbait sektoretan eskultura horrek asaldura eragiten duela esan du Wickek. Bilboko erakusketan, Serraren 1969ko Karta gaztelua lana du aldamenean. Elkarri eusten dioten berunezko lau xaflak osatzen dute lana, eta emeki-emeki hondoratuz doaz, beren pisuak bultzaturik. Brancusiren X printzesa-ko ardatz bertikala ere poliki eroriz doan bezala. Izan ere, eskulturaren ibilbidea aldatu zuten artista biek.
Serraren Zirkuitua-rekin topo egingo du ikusleak segidan. Aretoko espazioa «modu erradikalean» mozten duten altzairuzko xaflak dira. Handiak. Astunak. Bakoitzak zazpi tona eskas pisatzen du. Bortitz eta indartsu ageri da obra ikuslearen aurrean. Espazioa, eta, ondorioz, mugimendua irmotasunez ebakiz. Eta, beste eskala batean bada ere, Brancusiren zenbait lanetan ere antzeko mozketa eta zatiketa zorrotzak ageri direla erakutsi du Wickek.
Brancusiren marmolezko bi gorputz enborri erakusketarako espresuki sortutako Ondorioaren ondorioa izeneko altzairuzko bi blokerekin erantzun die Serrak. Txoriak espazioan Brancusiren brontzezko lan ezaguna garaiera handiko euskarri baten gainean kokatu dute, erakusketaren ibilbidearen amaieran.
Apirilaren 15era arte izango dira Serra eta Brancusiren lanakGuggenheimen.
Eskulturaren ibilbidea aldatu zuten
Brancusi eta Serraren obren elkarrizketarako guneak aurkezten ditu Guggenheimen ireki duten erakusketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu