Espainiako Arkitektura Sari Nazionala, Moneorentzat

Arkitekturaren gaineko pentsamenduari eginiko ekarpena aitortu diote, besteak beste, arkitekto nafarrari. 60.000 euroko saria jasoko du

Moneo, Nafarroako Unibertsitatearen Museoan, 2014an. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Ander Perez Argote
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Sari berri bat gehitu dio Rafael Moneo arkitektoak (Tutera, Nafarroa, 1937) aurretik luzea zuen sari zerrendari. Ibilbide distiratsua da Moneorena: 1996an Pritzker saria irabazi zuen, arkitekto batek mundu mailan jaso dezakeen saririk handiena, eta Nazioarteko Arkitektoen Batasunaren eta RIBA Britainia Handiko Arkitektoen Errege Institutuaren urrezko dominak ere ageri dira bere curriculumean. Orain, 2015eko Espainiako Arkitektura Sari Nazionala erantsi dio aurretik lortutakoei; atzo jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak irabazlearen izena. Azaldu zutenez, Moneoren «obraren kalitatea», «arkitekturaren gaineko pentsamenduari eginiko ekarpena» eta «munduko unibertsitate prestigiozkoenetan emaniko irakasgaiak» aitortu dizkio bost kidek osatutako epaimahaiak arkitektoari. 60.000 euroko saria jasoko du.

Aurretik ere lortua zuen Moneok Espainiako Arkitektura Sari Nazionala: 1961ean irabazi zuen, Fernando Higuerasekin batera Madrilgo Arteen Zaharberritzerako Zentrorako egindako aurreproiektuagatik. Urte horretan bertan graduatu zen, Madrilgo Arkitektura eskolan. Ordutik, nazioartean sona eman dioten hainbat egitasmo garatu ditu. Madrilgo Prado museoa eta Londresko Tate Gallery zabaltzeko lanak, LISE Harvard Unibertsitateko eraikina (AEB), Deustuko Unibertsitateko liburutegia, New Jerseyko (AEB) Princeton unibertsitateko Neurologia eta Psikologia Zentroa, Stockholmeko Arte Museoaren eraikina (Suedia), Basileako antzokia (Suitza), Donostiako Kursaal auditoriumaeta Nafarroako Unibertsitatearen Museoa, besteak beste, hark eginikoak dira.

Arkitekturaren inguruko teorizazio eta kritika lanetan ere aritzen da, eta hainbat liburu kaleratu ditu. 1985. eta 1990. urteen artean Harvardeko Arkitektura Saileko dekanoa izan zen, eta egun eskolak ematen ditu unibertsitate hartan. 2014ko martxotik, gainera, Oteiza fundazioaren patronatuko presidentea da. Calvo Serraller aurreko presidenteak polemikaz jositako agintaldiaren ostean dimisioa eman ondoren hartu zuen kargua Moneok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.