Espainiako erregea iraintzea leporatu diote Ardor de Estomago taldeari

2010ean Segoviako Udalak hainbat talderen kantekin argitaratutako disko batean agertzen zen 'Una historia real'

Erredakzioa
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak Espainiako erregea iraintzea leporatu die Ardor de Estomago punk taldeko hiru kideei, eta 900 euroko isuna jarri dio bakoitzari. Horrez gain, musikariak epaiketako kostuak ordaintzera derrigortuko dituzte. Epaileak Una historia real (Benetako istorio bat) kantuan Espainiako erregeari «zitala» deitu eta «diktadore nazkagarri batek» izendatu zuela esateagatik zigortu dituzte. Segoviako Udalak (Espainia) 2010ean babestutako disko batean grabatu zuten abestia. Akusazio gisa aurkeztu dira Ana Noe fiskala eta DENAES Fundacion para la Defensa de la Nacion Española (Espainiar Nazioaren Aldeko Fundazioa); azken hori, herri akusazio gisa. Epaiketa aste honen hasieran egin zuten.

Defentsek taldekideek abestia ondu eta interpretatu izana ezeztatu zuten arren, epaileak frogatutzat eman du haiek direla abestiaren autoreak, nahiz eta ezin daitekeen baieztatu haietako batek, guztiek edo besteren batek testua idatzi izana. Abestiaren bidez Espainiako Juan Carlos I.a erregeari bere anaia hil izana, eroskeria, funtsen bidegabeko erabilera, prebarikazioa eta matxinada militarra egin izana leporatzea egozten die musikariei. Sei hileko isuna ezarri die eta egunero sei euro ordaindu beharko ditu bakoitzak. Guztira 1.800 euroko isuna eta epaiketaren kostuak ordaintzera zigortu ditu. Ez da azkeneko epaia, eta kondenatuek helegitea jartzeko aukera izango dute.

Segoviako Udalak 2010eko maiatzean argitaratu zuen diskoa, probintziako taldeei leku emanez eta promoziorako bidea zabalduz. Segoviako Musikari Gazteen IV. Erakustaldiaren harira argitaratu zuten. Baina diskoa erabilera publikotik kendu behar izan zuten hilabete geroago,iraingarria zelakoan. Pedro Arahuetes Segoviako alkatea eta Javier Arranz hezkuntza, gazteria eta kiroletako zinegotzia funtsak bidegabe erabiltzeagatik salatzearekin batera, Manos Limpias sindikatuak Ardor de Estomagoko kideak erakundeak iraintzeagatik salatu zituen. Segovian bizi badira ere, Euskal Herriko kide bik eta Asturiasko (Espainia) kide batek osatzen dute punk taldea: Miguel Garcia Grandak, Ibai Rivas Arbinagak eta Endika Berezibar Lacallek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.