Artea

Espazioaren irudia eta irudiaren hutsunea gurutzatu ditu Artiumek bi erakusketatan

Claire Athertonen 'Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea' eta Josu Bilbaoren 'h' erakusketak zabaldu ditu museoak. Athertonen eta Akermanen arteko elkarlanetik sortutako instalazioak eta Bilbaok hizkuntzaz egindako gogoeta dituzte ardatz.

Claire Athertonek Chantal Akermani buruzko erakusketa ondu du Artium museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Claire Athertonek Chantal Akermani buruzko erakusketa ondu du Artium museoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 30a
16:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Arakatzeko, elkartzeko eta esperimentatzeko proposamen bi. «Askatasun ariketa txiki bat» eta «mugimenduan jarri eta pentsamendua argituko duen espazioan» barna ibiltzeko gonbit bat. Espazioaren irudia eta irudiaren hutsunea elkarrizketan jartzen dituzten bi erakusketa zabaldu ditu Gasteizko Artium museoak: Claire Athertonen Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea —urriaren 19ra arte ikusgai— eta Josu Bilbaoren h —azaroaren 30era arte—. Elkarren ondoan dauden bi aretotan ikusgai jarri dituzte erakusketak, espazioari, soinuari eta hutsuneari buruzko gogoetak partekatzeko aukera emanez, Beatriz Herraez museoko zuzendariak esplikatu duenez.

«Lan egiten genuenean, inoiz ez genekien zeren bila genbiltzan. Egiten genuen guztia intuitiboa zen. Eta aldi bakoitzean, lana amaitzean, aurrez aurre geundela konturatzen ginen: irudiari begira eta begiratzen zuenari begira». Chantal Akerman (Brusela, 1950 - Paris, 2015) zinemagileak eta Claire Atherton (San Frantzisko, AEB, 1963) muntatzaileak urte luzez elkarrekin lan egin zuten: 1984an elkar ezagutu zutenez gero, hamabost film baino gehiago eta beste horrenbeste instalazio egin zituzten elkarrekin, 2015ean Akerman hil zen arte.

«Akermanek espazioa eman nahi zion ikusleari, eta haren begirada ez zen goitik beherakoa, aurrez aurrekoa baizik»CLAIRE ATHERTONMuntatzailea eta komisarioa

Instalazio horietan «narrazioaren linealtasunetik askatzen» saiatu ziren bi artistak, eta sortzailearen eta ikuslearen arteko harreman «horizontalak» sortu zituzten. Zinemagile belgikarrak zinema instalazioetan egindako lan intimistekin ondu du erakusketa Athertonek, eta Artiumen ikusgai jarri. «Ez da filmen bilduma bat. Nire asmoa ez da Akermanen irudi ikoniko bat erakustea, ikuslea bere bidea egitera gonbidatzea baizik».

Athertonek erakusketaren izenburuari erreparatu dio bildumaren esanahia azaltzeko: «Akermanek espazioa eman nahi zion ikusleari, eta haren begirada ez zen goitik beherakoa, aurrez aurrekoa baizik». A2 aretoan paratutako obrak —bideo instalazioak eta argazkiak dira gehienak— ibilbide zirkular batean antolatua daude, asmoa delako bisitariak haien artean «bidaiatzea», modu «sosegatuan».Komisarioaren esanetan, espazioan editatu eta instalatutako irudien eta soinuen bidez egindako bidaia bat da;«denbora hartu, aurrera egin, atzera egin, hurbildu, urrundu eta berriro hurbiltzeko aukera ematen digun ibilbide bat».

Chantal Akerman
Chantal Akermanen instalazioetako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Logela (2007) lanarekin hasi, eta Athertonek Akermanen omenez idatzitako testu batekin amaitzen da erakusketaren ibilbidea. Akermanen bizitzaren parte izan ziren emakumeak islatuta daude instalazioetan; tartean daude Mexikoko migratzaileen eta Bruselan bere ama zaindu zuten emakumeen irudiak. Adibidez, Norbere oinetako lokarrien ondoan ibiltzea hozkailu huts batean (2004) eta Amak barre egiten du, preludioa (2012) lanetan, Akermanen kezka nagusietako bat jorratzen da: holokaustotik bizirik atera zen amarekiko harremana, eta, haren bitartez, nazien sarraski eremu batean familia desagertu izanaren trauma.

Erakusketaren osagarri, Artiumek mintegi bat antolatu du Akermanen lana eta zinemari buruzko haren begirada pertsonala ardatz hartuta. Uztailaren 14an, 15ean eta 16an izango da, eta, besteak beste, Athertonek berak, Erika Balsom ikertzaileak, Andoni Imaz zinema komisario eta kritikariak, eta Arantza Santesteban Artiumeko ikerketa eta programa publikoen arduradunak parte hartuko dute.

Bilbao: hizkuntzaren espazioa

Josu Bilbaoren (Bermeo, Bizkaia, 1978) praktika artistikoa aldi baterako okupatzen dituen espazioen behaketatik abiatzen da. Praktika hori ekintza fisikoaren eta ekintzarik ezaren araberakoa izaten da: batean edo bestean lan egiten du, hutsuneari aurre eginez edo hura beste era batera betez. Hala, zenbaitetan, espazioa berariaz ezkutatu egiten du, eta beste zenbaitetan, hutsunea propio bete. h erakusketarako, museoko A2 aretoko sabai baxu eta altuen eremuak bereizi ohi dituen horma erabat baztertu du, zutabeen estaldura barne, eta egitura dena agerian utzi du. Keinu horrekin, museoaren arkitekturaren alderdi batzuk bistan utzi ditu, eta beste batzuk ezkutuan laga.

«Aretoa bera entzun dut», esplikatu du Bilbaok. Areto zabalaren horma garaien eta sabai zurien artean pieza batzuk paratu ditu lurrean, eta instalazio hotza bezain gordina sortu du: tolestutako manta gris batzuk eta soinu anplifikadoreak jarri ditu, eta, haien inguruan, kable luzeak sigi-sagan. Espazioarekin, argiarekin eta soinuarekin esperimentatu du artistak, haiek definitzen dituzten egiturak egiteko eta desegiteko prozesu eta formekin, eta hutsik edo beteak egon daitezkeen egiturekin jolas egin du. «Hemen beste erakusketa batzuk egon dira, aldaketak egon dira, lanak paratzeko modu ezberdinak izan dira, eta guk egin duguna izan da aretoa bera entzun».

«Hiltzear edo hilik dagoen edozein hizkuntzatako fonema bakar batek, ahoskatua izan zein ez, garen hori gordetzen du bere edertasunean eta gordintasunean»JOSU BILBAOArtista

Hizkuntzaren «esperientzian» sakondu du Bilbaok erakusketan; esperientzia «minorizatua» da, baina baita fonetikoa eta gorpuztua ere. «Hizkuntza txikia da, gutxiengo batek erabiltzen duelako, baina Bilbaok darabilen testuinguruan dimentsio politiko bat ere hartzen du», Catalina Lozano komisarioaren esanetan.

Erakusketaren izenburua euskararen batasun prozesu historikoei buruzko hausnarketa batetik sortua da, eta baita hitz egiteko moduak definitzeko edo eratzeko sortu ziren hitzetatik ere, hau da, soinu baten ekoizpenean parte hartzen duten gorputz atalen ulermenetik. «Hiltzear edo hilik dagoen edozein hizkuntzatako fonema bakar batek, ahoskatua izan zein ez, garen hori gordetzen du bere edertasunean eta gordintasunean», azaldu du Bilbaok.

Josu Bilbaoren erkusketa
Josu Bilbaoren h erakusketa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hizkuntzaren esperientziaren eta erregistratu ezin daitezkeen alderdien inguruko interesa du artistak, eta espazioa hizkuntza egiten den arnasketa sistema gisa ulertzen du. Helburu horixe bera dute Estanis Comellak h-rako berariaz konposatutako soinu abstraktuek. 27 minutu inguruko konposizio bat da, hasiera eta amaiera garbirik ez duena, eta aretoan begiztan entzuten dena. Soinu konposizio horrek ere bete egiten du aretoaren espazioa, eta elkarrizketan jartzen ditu, une batez, leihoetatik sartzen diren argi printzak eta instalaziotik aldiro agertzen den lainoa.

Lainoaren esanahia topa daiteke Isabel de Naveran artean aditu eta ikertzaileak Bilbaoren lanari buruz idatzitako testuan. David Wojnarowicz argazkilari eta idazlearen (1954-1992) zuri-beltzeko argazki bat dago han. Wojnarowiczen adiskide Lolo Carew ageri da sofa batean ahoz gora etzanda, soina biluzik. Besoak bularrean arinki tolestuak ditu, burua kuxin baten gainean pausatua, eta ahotik ke zuri bat ateratzen zaio. Zigarro baten kea izan liteke, edo «lurruntze prozesu baten lurruna», testuak jasotzen duenez. «Baliteke artistak jakitea Lolo Carew gaixorik zegoela, urte batzuk geroago hilko zela hiesak eragindako konplikazioengatik. Izan liteke, gaixotasunaren berezko ahultasun egoeran areagotu egiten baita garen horren bizipena. Irudi hori ikusita, baliteke espazialtasun sentsazioa izatea; izan ere, orduan prestatzen da gorputza, orduan bota, zabaldu, beste modu batean aditzera eman eta etzateko prestatzen da, beste modu batera arnasteko, aireari, aire guztiari ateratzen uzteko. Eta ahotik ateratzen dena ez dakizu sua edo itzala den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.