Literatura

Esperantzara kondenatuak

Gisele Pelicot drogatu eta bortxatu zutenen aurkako epaiketan oinarritutako komiki bat plazaratu dute berriki: 'Notre Affaire: Une BD de combat et d'espoir'. Eta atera orduko, polemikak lokaztu du.

'Notre Affaire. Une BD de combat et d'espoir' komikiko bi orrialde. BERRIA
'Notre Affaire. Une BD de combat et d'espoir' komikiko bi orrialde. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko irailaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komikia herri kulturaren barneko artetzat daukaten lurraldeetan, urrunera joan gabe Frantziako estatuan, aise egin du bidea genero hibrido jakin batek. Hain zuzen, komikiaren hizkuntza eta kazetaritzaren abantailak uztartzen ditu, emaitza efektibo eta salgarriak lortzeko: zenbaitetan dokumental baten pareko artefaktuaz erditzen dira egileak; besteetan, berriz, errealismoaren mugetan errenditu den fikzio bat ateratzen dute plazara. Testigantzaren edo memoria kolektibo baterako zirriborroaren trazak ere har ditzakete liburuok.

Pil-pilean dauden gaiak zein pertsonaiak izaten dituzte jomugan, eta egunerokoaren abiadura azkarrak oztopatzen dituen ur sakonagoetan barneratzeko bidea agintzen dute. Agudo plazaratzen dira, dena delako pil-pileko gai horrek indarra galdu baino lehen beti, olatuak salmenta kopuruetan mesede egin diezaien.

Halako testuinguru eta baldintzetan agertu diren liburuen artean, Joe Saccoren eleberri grafiko gordinak dira aipagarrienak. Baita Guy Delisle kanadarraren kronikak ere, azken honek tempoak nasaiagoak diren arren. Biek ala biek komikigintzaren historian zedarritzat jo diren lanak eskaini dizkiote, besteak beste, Jerusalemi eta oro har Palestinari.

Frantsesezko merkatuak estimu handian ditu halako egileak, eta soka luzea ematen die dibulgazioa, artea eta neurri bateko kritika marrazki bidez batzen dituzten lanei; izan kronikak, fikziora eramandako biografiak, eleberri kutsuko lanak edota testigantza gordinagoak. Zer esanik ez, liburuan mamituko den gaiak hautsak harrotu baldin baditu.

high 33765 34 TWITER maketa

Pelicot etsenplu

Antzeko haize boladek hauspotuta heldu berri da Frantziako liburu dendetara L'Iconoclaste argitaletxearen Notre Affaire: Une BD de combat et d'espoir komikia. Liburu mardul horrek —345 orrialde ditu— Gisele Pelicoten kasua du muina. Hura bortxatu zuten gizonen aurkako epaiketa publikoaz harago, gizon-emakumeen arteko harremanei, onespenaren gaineko eztabaidari, eta bereziki bortxaketaren kulturari ipini die lupa.

Gisele Pelicot konortea galdu arte drogatzen zuen Dominique Pelicot senarrak, eta, ondoren, senarrak berak eta Internet bidez harekin harremanetan jarritako gizonek bortxatzen zuten. Halakoxea izan zen gizonezko horien jarduna 2011tik 2020ra, eta horixe aitortu zuen Dominique Pelicotek berak Avignongo Zigor Auzitegian (Okzitania), 2024ko irailaren 17an: «Bortxatzailea naiz, areto honetan dauden gizon akusatu guztiak bezala».

Hain zuzen, 24 eta 74 urte arteko 50 gizonezkoren aurka zabaldu zuten auzia, baina Frantziako Poliziaren ikerketan 70 gizon eta ehun bortxaketa inguru zenbatu zituzten. 2024an atxilotu zuten Dominique Pelicot, denda bateko nesken aldageletan kamera bat jartzeagatik. Haren telefonoa miatzean, emaztearen bortxaketa esplizituki adierazten zuten 20.000 irudi baino gehiago topatu zituzten.

Gizonezko horien aurkako epaiketak esaldi, keinu eta eszena gogoangarriak utzi zituen, eta horietarik asko bildu ditu komikiak. Gogoangarria da, esate baterako, Gisel Pelicoten oihua, akusatuak ustez bikote trukeen praktika sexualetan ari zirela larderiatu zionean abokatuak. «Bortxaketa beti da bortxaketa», egin zion arrapostu Pelicotek, ordura arte baino tonu gogorragoan.

Esaldi horrek —un viol est un viol, jatorrizko hitzetan— aparteko tokia hartu zuen handik gutxira Frantziako Estatuko kaleetan, emakumezkoen aurkako bortxakeria salatzeko egindako protestetan.

Komikiaren funts mardulena Dominique Pelicoten eta gainontzeko bortxatzaileen aurkako auziaz osatuta dagoen arren, bada besterik ere. Esate baterako, emakumezkoen zapalketaren gaineko debateak eta atal tematikoak. Horren adibide dira sumisio kimikoari eta bortxaketaren kulturari eskainitako zatiak; bere horretan independenteak dira, aferari estuki lotuta landu diren arren. Hain justu, irakurketa libreagoa egin liteke haiei esker.

(ID_17582212819215) (/EZEZAGUNA) \'Notre Affaire
'Notre Affaire. Une BD de combat et d'espoir' komikiko bi orrialde. BERRIA

Belaunaldi berriei so

23 irudigilek ondu dute komika. Eta kalitatearen berme gisa, hamabi adituk gainbegiratu dute lana, tartean psikiatrak, epaileak eta antropologoak. Alta, Louise Colcombet eta Mathieu Palain kazetariek sinatua da liburua, haien bultzada baitago asmoaren iturburuan.

Hastapenetik izan zuten argi zein formatutara lerratu behar zuten. Halaxe adierazi zuen Colcombetek liburuaren aurkezpenean, abuztuaren hondarrean: «Saiakerak oihartzun zabalagoa izan zezakeela iruditu zitzaigun». Jendea «eskutik heldu eta gai ilun horretan barrena» gidatzeko langintzan, irudi sekuentziei ere jarri zien begia, bereziki komikiari: «Ideiak modu aski sinplean eta didaktikoan erakusteko aparta da, eta elipseak egiteko modua ematen du».

Irakurle multzo zabala eta ugaria nahi izanagatik ere, gazteak eta bereziki nerabeak izan zituen gogoan Colcombetek Gisele Pelicoten abokatuaren hitzak entzunez geroztik. «Borroka hau Hezkuntzara eraman behar da», esan omen zuen epaitegiko atarian, komunikabide andana baten aurrean.

Baina ezer nabarmentzekotan, «kasu partikularretik askatu eta unibertsalera jotzeko ahalegina» nabarmendu zuen kazetariak. Ez omen zen zaila izan: «Gisele Pelicoten deklarazioek ia naturalki eramaten zaituzte gaietara, esate baterako onespenarenera. Sakonera jotzeko aitzakia paregabea dira».

Bortxatzaileak kartzelara eraman dituen auzi horrek heroien parera goratu zuen Gisele Pelicot. Haren jarrerak, jokaerak eta ausardiak harridura sortu zuen, baita miresmena piztu ere, auzi irekia eskatu eta lotsatu beharko luketenak besteak zirela aldarrikatu zuenean; eta tenplea galdu gabe eta burua tente egin zuen hori.

Pastelaren ginga

Colcombeten esanetan, «soluzioak ere badirela» erakutsi nahi omen du komikiak. Pelicoten kuraia izan du inspirazio iturri: «Pelicotek hauspotu egin ditu emakumeak, 'hark egin badu, guk ere egin dezakegu' esateko adorea eman die».

Liburuak izenburutik beretik aldarrikatzen duen esperantza, baina, lokaztu egin da. Abuztuaren 28an plazaratu ziren komikiaren lehen aleak, eta astebete eskasean, irailaren 4an, sustapenerako saioak bertan behera utzi zituztela iragarri zuen argitaletxeak. Arrazoia: egileetako bat —Hippolyte; irudigileetako bat— iraganean indarkeria sexualagatik akusatu izana haren bikotekideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.