Michael Snow. Zinemagilea

«Espero dut jendeari sekula ikusi gabeko zerbait eskaini izana»

Kasualitatez hasi zen Snow zineman, duela mende erdi, baina zinema estruktural eta esperimentalaren ikur handienetako bat da egun. Iruñean izan berri da, 'La Région Centrale' bere lan ezaguna aurkezten.

Ander Perez Argote
Iruñea
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialak La Région Centrale izena darama. Michael Snow (Toronto, Kanada, 1929) artista eta zinemagileak 1971n egin zuen filmarena da izena. Kameraren mugimendu aukerak esploratu eta gizakiaren esku hartzea ezabatu nahian, bost egunez filmatu zuen Kanada iparraldeko eremu huts eta bakartu bat, propio horretarako egindako makina batekin. Hamargarren aldia ospatu berri du Ikuspuntuk, eta urtebetetzeko opari gisa, Snowren bisita jaso dute Iruñean, orain 45 urte egindako lan sonatu haren aurkezpen eta guzti.

Kasualitatez hasi omen zinen zinemaren munduan.

Bai, hala da. 1953 inguruan marrazki erakusketa bat paratu nuen. Halako batean, George Dunning izeneko baten deia jaso nuen. Esan zidan asko gustatu zitzaizkiola nire marrazkiak eta nirekin bildu nahi zuela. Animazioko filmak egiten zituen enpresa bateko zuzendaria zen. Esan zidanez, bere irudipena zen marrazki horren egileak —alegia, nik— interes berezia beharko lukeela izan zineman. Are gehiago, lanpostu bat eskaini zidan, animazioko lana gara nezan. The Beatlesen Yellow Submarine filmaren zuzendaria zen Dunning, eta haren enpresan ezagutu nuen nire emaztea, Joyce Wieland, han arrazoi beragatik zegoena, alegia, Dunningek marrazkiak ikusi zizkiolako eta kontratatu zuelako. Bitxia da, hasieran ez nuelako zineman interes berezirik. Pintura hasieratik gustatu zitzaidan, hunkitzen ninduelako koadroetan ikusten nuena. Musikak ere hunkitzen ninduen. Baina, azkenean, filmak egiten amaitu nuen, animazio teknikak ikasi nituelako.

Zer aurkitu zenuen zineman, gerora bide hori jorratzeko?

Animazioak egiten ikasi ahala ohartu nintzen enkoadraketa oso garrantzitsua dela, enkoadraketaz enkoadraketa egiten delako animazioa. Musikan antzera gertatzen da, denborarekin osatzen da obra. Denboran oinarritutako artea da zinema.

Esperimentaziorako aukera eman al zizun zinemak?

George Dunning oso ongi portatu zen nirekin. Hark esan zidan: «Kamerari bat duzu zuretzat, eta baita estudio bat ere. Zure lehen filma egiteko esperimenta dezakezu». Hala egin nuen lehen filma, A to Z [1962], enkoadraketen arabera aldatuz doazen animazio askorekin.

New Yorken ere egon zinen, 60ko hamarkadako arte irakinaldiaren garaian.

George Dunningekin lanean nenbilela ez nintzen han zen sormen munduaz kontziente. Nire emazte Joycekin New Yorkera lekualdatu nintzenean konturatu nintzen han zen loratze eta sormen olatu ikaragarri hartaz.

Zinema esperimentalaren erreferentetzat zaituzte askok. Nola hartu duzu?

Beti da gauza ederra besteek norbera erreferentetzat hartzea.

45 urte joan dira La Région Centrale egin zenuela, baina oraindik pizten du ikusmin handia. Zer deritzozu horri?

Bitxia da, eta oso atsegina, hainbeste urteren ondoren erreferente bat izatea oraindik. Sinestezina da. Pentsa, Parisko Louvren, orain bi urte, hiru eguneko konferentzia egin zuten, eta jendeak filmaren interpretazioei buruzko dosierrak aurkeztu zituen.

Non datza filmaren indarra?

Film paregabea da, film mugimendudunen artean bakarra da dena mugimendua dena.

Zein zen zure helburua lan hura egiterakoan?

Kameraren mugimenduak sor ditzakeen sentsazioen sorta zabaldu nahi nuen. Kameraren mugimendua da zinema arte paregabea bihurtzen duen faktoreetako bat.

Propio eraiki zenuen makina bat film hori filmatzeko.

Aukera asko zeuden, baina nik espazio ireki bat nahi nuen, paisaia irekiekin. Kameraren mugimendu aukerak esploratu nahi nituen, lana filmatzeko egon zitezkeen aukerak esploratu. Kamera bat mugi dezaketen garabi asko daude, baina ez nuen bere buruari argazkia egin ziezaiokeen ezer aurkitzen. Erabaki nuen nik neuk sortu behar nuela mugimendu horiek egin ahalko zituen kamera bat. Mugimendu esferikoak lortzeko zer aukera egon zitekeen galdetzen hasi nintzaion jendeari, eta, azkenean, Kanadako Zinema Kontseilu Nazionalean aritzen zen teknikari baten berri izan nuen: Pierre Abbeloos, belgikarra jatorriz. Harekin aurkitu nuen konponbidea. Abbeloosek bazuen tailer bat, eta han egin zuen makina hura, eskuekin.

Hiru ordutara bildu zenituen makina hark bost egunez hartutako irudiak. Nola moldatu zinen denbora mugatzeko?

Egun oso bat islatu nahi nuen. Ez dira 24 ordu, baina 24 orduen zati kondentsatu bat da filma.

Denboraren eta zinemaren arteko harremana izanda, hain justu, igaro den Ikuspuntu jaialdiaren ardatza. Zuretzat zer pisu du denborak zinemagintzan?

Erabatekoa. Zinemagileak boterea du, gertatzen denaren iraupena kontrolatzeko.

Narraziorik edo istoriorik gabeko filmak sortu izan dituzu. Edukiari baino, itxurari ematen diozu garrantzi handiagoa. Zergatik?

Nire formazioa, musikan ez ezik, pinturan oinarritu izan da. Asko interesatzen zait denbora nola egituratu, istorioak kontatzeko.

Publiko zabala, ordea, istorio bila joaten da zinema aretoetara. Zinema esperimentalaren kasuan, zailagoa dirudi konexioak.

Tira, espero dut nire lanarekin jendeari bere bizitzan sekula ikusi gabeko zerbait eskaini izana. Hori gertatu da La Région Centrale filmarekin, adibidez. Egin izan ditut gauza narratiboak ere. Landu izan ditut aretoetarako filmak,baita galerietarako piezak ere, instalazio formatuan. Ezberdina izaten da horietako bakoitzari aurre egiteko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.