Espero gabeko kointzidentzia bat

Elizaren hirugarren zatian baino ez dute biziraun horma irudiek Ardanazko San Martin parrokian. Besteak beste, emakumezko santuen irudiak, Grez familiako senideak eta egutegi bat ageri dira.

Ardanaz
Tuduriren ustez, Gerezko Petra izan daitekeena ageri den margolana, Ardanazko San Martin parrokian. ENEKO TUDURI
Ainize Madariaga - Olatz Enzunza Mallona
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Beste batzuen artean, Ardanazko San Martin parrokiako horma irudiak aztertu ditu Tudurik bere doktoretza tesian. Kasu «oso berezia» dela aurreratu du. Izan ere, Grez familia, Evreuxko Luis printzea eta Ardanatz herria lotzen ditu pinturetako batek. Margolan guztiak gotiko lineal estiloan eginda daude: «Iruñeko eskolako margolariren batek egingo zituen ziur asko. Margolari trebea zen, figura eder batzuk sortu zituen marra dotore batekin».

Egun, elizako sabaian baino ez daude ikusgai margolanak. «Lau ataletan banatuta dago: gangaren hegoaldeko eta iparraldeko horma zatiak, parpain arkua eta mentsulak baino ez daude margotuta», zehaztu du arte historialariak: «Margo hauek ere petrofiliaren ondorioz suntsitu zituzten, 2001. urtean». Era berean, gaineratu du gangaren hegoaldeko eta iparraldeko horma atalek «aurkakoak diren bi testuinguru» irudikatzen dituztela: «Zerua eta infernua dira; urdina eta gorria. Hegoaldeko gangak arimen epaiketa irudikatzen du: erakusten da bekatariak infernuko sugarretan erretzen direla. Iparraldean, berriz, figura ugari ageri dira otoitz egiten; tartean, aingeruak».

Aureola bat duten emakumezkoak ere badaude gangaren iparraldean: «Emakumezko santuak dirudite». Hala ere, horien artean, badago «eszena bitxi bat», Tuduriren ustez: «Santuen artean lau emakume ageri dira, aureolarik gabe, eta dotore jantzita. Hau da, ez dira santuak: garaiko emakume noble batzuk dira». Eszena horren azpian armarri bat ere badago: Grez familiarena, hain zuzen. Haren alboan, berriz, Luis Evreuxkoaren, Nafarroako erregearen anaiaren, armarri pertsonala ere badago: «1355 eta 1361 bitartean Luisek gobernatu zuen Nafarroa. Baina, zein harreman dauka printze batek Ardanatz herriarekin edo Grez familiarekin?», galdetu du Tudurik. Eta jarraian erantzuna: «Dokumentu historikoen arabera, Grez familian Petra deituriko emakume bat zegoen: Luisen semearen inudea zen. Garai hartan, kargu garrantzitsua zen hori. Horrez gainera, Luisen emaztearen laguna ere bazen Petra». Familia horrek Geretzen zeukan jauregia: «Ardanaztik bost kilometro ingurura. Hipotetikoki, beraz, esan daiteke Gerezko Petra izan daitekeela emakume noble horietako bat», ondorioztatu du arte historialariak.

Parpain arkuetan, berriz, egutegi bat ikus daiteke: «Latinez idatzita daude hilabeteen izenak, eta horietako bakoitzaren alboan, hamabi eszena agertzen dira: nekazariek sasoi hartan egiten zituzten lanak erakusten dituzte». Horien artean, badago arte historialariari arreta piztu dion irudi bat: «Urtarrila da. Jano jainko erromatarra agertzen da buru bakarrarekin baina hiru aurpegirekin. Bi giltza ditu esku artean: giltza bat joan den urtea ixteko erabiliko du, eta bigarrena, aldiz, urte berria irekitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.