Estereotipoak apurtu nahi ditu Pedro Aguilerak 'Naufragio' filmarekin

Gizon afrikar baten ezohiko istorioa kontatzen du egile donostiarrak bere bigarren lanean

Erredakzioa
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bilboko, Gasteizko, Madrilgo eta Bartzelonako zinema areto komertzialetan estreinatuko da gaur Pedro Aguilera zinemagile donostiarraren Naufragio film berria. Filmaren asmo nagusia estereotipoak apurtzea dela esan du egileak: «Jendea ikusteko eta sailkatzeko dugun modu sinplista apurtzekoa».

Robinson izeneko —Robinson Crusoe nobelari aipu eginez— gizon afrikar baten istorioa kontatzen du filmak, baina ezohiko ikuspuntu batetik. Espainiako hegoaldeko kostara daraman txalupa hondoratu ostean, lurrera iristea lortuko du, eta iparralderako bidaia bat hasiko du, ezagutzen ez duen gizon bat hiltzeko asmoarekin. Bere arbasoen espirituak lasaitzeko hil beharko du beste pertsona hori.

Ginea Bissauko etorkin batek jokatzen du Robinsonen rola. Solo Toure du izena, eraikuntzako langilea izan da, eta 25 urte ditu. Filmaketa amaitu bezain pronto sorterrira itzuli da. Ramon Barea, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza dira filmean parte hartu duten beste aktoreetako batzuk.

Pedro Aguilerak (Donostia, 1977) azaldu du bere filmak ez duela interpretazio bakarra eta balitekeela jende askok pentsatzea «Espainiara iritsi eta gizon bat akabatzen duen etorkin baten istorioa dela». Baina, hain zuzen ere, filmean gertatzen denarekin, «jendeaz dugun ohiko ikuskera puskatu» nahi izan du: «Kalean ikusten duzu gizon beltz bat eta zuzenean pentsatzen duzu etorkin bat dela, edo ikusten duzu gorbatadun bat eta bulegoko langilea dela pentsatuko duzu. Gauzak eta pertsonak asko sailkatzeko joera daukagu, nahiko modu sinplistan. Film hau egitean, planteatu nahi izan nuen etorkin batek ez duela zertan izan herrialde pobre batetik lan bila datorren pertsona bat». Naufragio ez da immigrazioari buruzko film bat, «ez da film sozial bat».

Pedro Aguilerak La influencia filma egin zuen aurretik. Daniel Calparsororen zuzendari laguntzaile izan zen A ciegas-en eta Juan Carlos Fresnedillorena Intacto-n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.