Estereotipoak hautsi dituena

Benicio Del Torok jasoko du Donostia saria.'Escobar: Paradise Lost' filmeko protagonista da puertorricarra.Zinemaldiko Perlak saila itxiko du pelikula horrek

Igor Susaeta.
2014ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bereziki garai batean, aktore latinoamerikarrei rol jakin bat betetzea tokatzen zitzaien Hollywooden ekoitzitako filmetan. Batez ere, pelikulako gaiztoak izaten ziren: trafikatzaile gupidagabeak, lapurrak, funtzionario ustelak, seduktore ezinezko promesen egileak... Benicio Del Toro puertorricarra ere (Santurce, 1967) soldatapeko hitzailearena eta trafikatzailearena egiten hasi zen zenbait telesailetan —Miami Vice, Drug Wars: The Camarena Story...—, 80ko hamarkadaren bukaeran. Baina ez zuen estereotipo horri lotuta bizi nahi, eta hasi zen beste gisa bateko pertsonaia konplexuagoak antzezten, bide propio bat urratzen. Hogeita bost urte geroago, Hollywoodeko aktore errespetatuenetako bat da.

Horregatik emango diote Donostia saria. Escobar: Paradise Lost Andrea di Stefanok zuzendutako laneko protagonista da, eta, hain zuzen, film horrek itxiko du Zinemaldiko Perlak saila. Antolakuntzak, dena den, oraindik ez du jakinarazi noiz jasoko duen saria.

Pablo Escobar droga trafikatzaile kolonbiar historikoarena egin du Del Torok; latinoamerikar batena, beraz. Estereotipoa aspalditxo hautsi zuen, baina ez zaio iruditzen, halere, aitzindaria izan zenik: «Andy Garcia izan zen klixea hautsi zuen aurrenekoa», esan izan du Del Torok. Ez da identifikatzen, ordea, Garcia, Antonio Banderas eta Javier Bardemekin, latino molde horrekin: «Nire bideak, latinoa izanda ere, zerikusi handiagoa dauka italiarrekin, [Robert] De Nirorekin, Al Pacinorekin; ereduaz ari naiz, ez kalitateaz, noski».

Puerto Ricon bizi izan zen 13 urte zituen arte. Abokatua zuen aita, eta hark bazeukan baserri bat mendian. «Lagunak hondartzara joaten zirenean, nik han lan egin beharra neukan. Ez nuen gogoko, esaterako, zerriak haztea, baina han nekazariekin egoteak desberdin egin ninduela pentsatzen dut».

Pennsylvaniara (AEB) mugitu behar izan zuen, eta 18rekin, San Diegora (Kalifornia, AEB), unibertsitatera, salerosketa ikasketak egitera.

Pertsona ipurterrea zen. Eric Claptonek edota Carlos Santanak bezala jo nahi zuen gitarra 15 urte zituenean; Andy Warhol eta Willem De Kooning ere izan zituen idolo garai hartan, margotzen hasi zenean— «baina oso bakarrik egoten nintzen margotzen, eta ez nuen hori nahi»—, eta Magic Johnsonek moduan mugitu nahi zuen kantxan, saskibaloian polito moldatzen zelako —1,88 metro da luze —.

Hortaz, kasualitatez eman zuen izena, 18-19 urterekin, antzerki eskola batean, San Diegon, eta gero teknika findu zuen Stella Adlerrekin, maisu mitikoa hunkitzeraino. Aktore izango zen azkenean, eta estereotipoak hautsiko zituen.

Proiektu independenteetan parte hartuz aurrena —Abel Ferrararen The Funeral, Julian Schnabelen Basquiat (1996)—, eta gero erreferente bihurtuz: Javier Rodriguez Traffic-eko (2000) polizia mexikarra, ustelkeriaren kontra borrokatzen dena; 21 Grams-eko (2003) Jack Jordan, espetxetik atera berri den alkoholiko eta drogazale ohia; eta Ernesto Guevara Che-rena eginez, 2008an. Superheroien film batean lan egin berri du — «oso ondo pasatu dut»—, eta Fernando Leon de Aranoarekin A Perfect Day prestatzen ari da. Estereotipoak aspaldi hautsi zituen. 2012an berak eman zien Donostia saria John Travolta eta Oliver Stoneri. Begirada sarkorreko aktoreak, sustraiak Euskal Herrian eta Katalunian dituen latinoamerikarrak jasoko du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.