Donostia sari bat jasoko duen lehen ekoizlea bilakatuko da gaur iluntzean Esther Garcia (Cedillo de la Torre, Segovia, Espainia, 1956). Ezohikoa izan da jaialdiaren erabakia aurten alde horretatik, eta hala izan da saria jaso aurreko prentsa agerraldia ere; maiz, txalo artean egin izan baitiote harrera kazetariek saritutako aktore edo zuzendariari, baina erdi hutsik topatu baitu aretoa gaur Garciak. «Hemen egon naizen aurreko aldi guztietan zinemagintzako izen handiak laguntzen izan da, eta goraino topatu izan dut aretoa beti; gaur ez dut halako interesik sumatzen», aitortu du, irribarretsu, hala ere.
Ekoizlearena itzalpeko lana izaten baita, baina, aldi berean, lehen mailako garrantzia duena, ideia huts bat zena film bihurtuko bada. Hala uste du Garciak. «Ekoizpena zinemagintzako lanik sortzaileenetako bat da», defendatu du. «Lehen erabaki sortzailea gidoiaren aukeraketa bera da; bost ideia izan ditzakezulako mahai gainean, eta zuk hartzen duzun erabakiak ahalbidetuko duelako horietako zein bihurtuko den pelikula». Hortik aurrera, «giltzarria» zuzendariarekin sortzen den «konfiantzazko harremana» dela adierazi du: «Zuzendariak pentsa dezake bere filmarentzat aktore ezezagun bat dela aproposena, eta ekoizleak, aldiz, Antonio Banderas; edo baten ideia izan daiteke kanpoan filmatzea eta bestearena, aldiz, set batean... Erabaki horiek guztiek erabat baldintzatzen dute filma, eta erabaki horiek guztiak ekoizlearekin hartzen ditu zuzendariak».
«Lanerako gaitasuna, gogoa, jarraitutasuna, pasioa eta inoiz ez uztea bilaketa albo batera, horixe aholkatuko nieke hasiberriei»
ESTHER GARCIA Ekoizlea
Garciaren urteetako lanari lotuta dagoen zuzendaririk bada, Pedro Almodovar da hori. Ia berrogei urte egin ditu harekin eta haren anaia Agustin Almodovarrekin osatutako El Deseo ekoiztetxean lanean, eta handik ateratako filmak dira, beste askoren artean, La ley del deseo (1987), Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988), Todo sobre mi madre (1999), Volver (2006), Dolor y Gloria (2019) eta La habitación de al lado (2024), Almodovarrenak guztiak. Beste hainbat zuzendariren lanak ere ekoitzi ditu, ordea, El Deseoren bitartez, hala nola Isabel Coixet (La vida secreta de las palabras), Alex de la Iglesia (Acción mutante), Lucrecia Martel (Zama) eta Oliver Laxerenak (Sirat).
«Pedro Almodovarren pelikula bat finantzatzea erraza da», onartu du, «mundu guztiak nahi du haren pelikula bat. Baina Pedrorenak ez diren filmentzat finantzaketa topatzea zaila da baita guretzat ere». Azaldu du denbora dela sarreren salmentetatik ez dela «aski diru» jasotzen bueltan, salbuespenak salbuespen, eta ekoizleak, batez ere, «bilatzen» eta «negoziatzen» jakin behar duela nabarmendu du. «Bilaketa gauza zoragarri bat da».
«Negoziatzeko gaitasun itzela»
Lanean hasi zenean, egun baino dezentez gutxiago ziren emakumeak zinemaren industrian. Oroitu du zehazki bera hasi zenean haientzat aukerak hiru zirela: «Edo ekoizpeneko idazkaria, edo scripta edo jostuna. Muntatzailea ere bai, agian, baina lantaldearekin kasik harremanik izan gabe, eta nik ez nuen hori inolaz ere nahi. Nik, berez, kameraria izan nahi nuen, ikusten bainuen hori zela ardatza. Baina ez zen aukera bat. Pragmatikoa izan nintzen, frustrazio sentsazioa ahaztu nuen, eta lanari heldu zion: ikaragarri ikasteari eta gaur nagoen lekuraino ekarri nauen bidea jorratzeari, zeina nahikoa berandu heldu zaidan leku bat den».
Gaineratu du, bestalde, emakume profesionalen kopurua handitu bada ere, ez dela «inola ere» nahikoa. «Zuzendaritzan, musika konposizioan, gidoian, ekoizpenean... sormenari dagozkion postuetan emakumeak ikaragarri ugaritu dira, baina plataformetako eta telebistetako bulegoak oraindik ere gizonenak dira, eta erabaki handiak hartzen dira hor».
«Plataformetako eta telebistetako bulegoak oraindik ere gizonenak dira, eta erabaki handiak hartzen dira hor»
ESTHER GARCIA Ekoizlea
50 urteko ibilbidean ekoitzi dituen film guztiek, bistan da, ez dute arrakasta bera izan, eta porrota «oso gauza minkorra» dela aipatu du. «Ez bakarrik zuk pelikulan jarri duzun guztiagatik, baizik eta jende multzo handi bat eramaten duzulako atsekabe egoera handi batera. Ekoizleok zailtasun ekonomikoei buelta nola eman pentsatu behar dugu halakoetan, baina, bigarren ilara batean gaudenez, gure egoari eta gure irudiari ez die hainbesteko kalterik egiten».
Ez du zehaztu bere ibilbideko filmetatik zein izan ziren «porrotak», baina bai kontatu du «arantza» modura iltzatuta daukan filma, bere momentuan ezetz esan ziolako: Julio Medemen Vacas (1992). «Ikus dezazuen noraino sar dezakeen hanka batek».
Galdera klasiko bat ere egin diote agerraldian: zer aholkatuko liekeen zinemagile eta ekoizle hasiberriei. Bere buruari aholkatzen dion hori, erantzun du: «Lanerako gaitasuna, gogoa, jarraitutasuna, pasioa eta inoiz ez uztea bilaketa albo batera. Aldi berean, arlo pertsonalari dagokionez, egiten duzunarekin gozatzeko gogoa eta negoziatzeko gaitasun itzela, hori beste guztiaren gainetik».
Bere sariarekin, Zinemaldiak beste bide bati ekin diola iritzi dio Garciak —aktore eta zuzendariez haragoko profesionalak aitortzeari—, eta pozik agertu da horregatik. Baita urduri ere. «Hoteleko gelan pentsatu dut: nire bihotzaren taupa-taupa honekin entzungo al da nire ahotsa. Ohore handia sentitzen dut, baina ardurak ere asko pisatzen dit». Saria jasotzean, zera izan nahi luke gogoan: «Zer naizen, zein den nire jatorria, zein diren nire bizitzako zutabeak —zinemaz harago doazenak—, eskertu behar dudan jende guztia, eta ez nuke ahaztu nahi ere mikrofono bat aurrean daukazunean badirela auzi batzuk ezin dituzunak ahaztu».