Eta harria abian jarri zen

Astelehenean 50 urte beteko dira Bob Dylanek bere ibilbide luzeko aurreneko mugarria ezarri zuela. 1962ko martxoaren 19an argitaratu zuten AEBetan haren lehenengo diskoa, 'Bob Dylan'.

mikel lizarralde
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Lehenengo urratsa: Bob Dylan 1961eko urtarrilaren 24an ailegatu zen New Yorkera Minnesota estatutik, gitarra eskuetan, eta, hiriko klubetan zuzenean jotzeaz gain, Woody Guthrie bere idoloa ezagutzeko irrika aseezinarekin. Haren kantuak inspirazio handia ziren Robert Allen Zimmerman gaztearentzat (Duluth, 1941), eta iritsi eta hurrengo egunean bisitan joan zitzaion erietxera, Guthrie gaixo baitzegoen ordurako. Dylanek This Land is Your Land-en egilearen dizipulua izan nahi zuen, gerora «amerikar arimaren ahotsa» gisa definitu zuenaren seme artistiko eta espirituala. «Haurra nintzela ikusi nuen Burbanken, Kalifornian. Ez dut ikusi izana ere gogoratzen, baina jotzen entzun nuen. Nik 10 urte izango nituen. Grabatua gelditu zitzaidan hura Woody zela eta nire inguruan zeuden besteak nire inguruan zeuden besteak zirela».

Etxetik kanpo, bidea egin nahi zuen Dylanek; Minnesotan zuzeneko lehenengo saioak egin ostean, jauzia egin herri kantagintza puri-purian zegoen epizentrora. «New Yorken nengoen, nire patua zehaztuko zuen hirian. Gomorra modernoan. Abiagunean nengoen, baina ez nintzen, inondik ere, hasiberri bat».

Bigarren urratsa: 1961. urte hartan Dylanek New Yorkeko Greenwich Villageko folk zirkuituan ezagutu beharreko guztiak ezagutu zituen: Fred Neil, Odetta, Reverend Gary Davis, Pete Seeger, Dave Van Ronk... eta, haiekin batera, John Hammond ekoizle ezaguna. «Hammondek nik idatzitako bi abesti besterik ez zeukan entzunda, baina gehiago egongo ziren bihozkada zuen». Hammond AEBetako herri musikaren sustatzaile handienetakoa zen —besteak beste, Billie Holliday, Cab Calloway eta Benny Goodmanekin lan egindakoa zen—, eta Columbia diskoetxearen ateak ireki zizkion, garai hartanAEBetan zegoen zigilu garrantzitsuenetako batenak. «Folk musika bigarren mailakotzat zuten, zigilu txikientzat aproposa», idatzi zuen Dylanek Chronicles vol.1 kronika liburuan garai hura gogoratzean: «Diskoetxe handiek elitearen musika pasteurizatu eta saneatua bakarrik argitaratzen zuten. Inoiz ez lukete ni bezalako batengan jarriko interesa, salbu ohiz kanpoko egoera batean; baina John gizon aparta zen. Tradizioaren, bluesaren, jazzaren eta folkaren tradizioaren jarraitzaile ikusten ninduen».

Hirugarren urratsa: Dylan 1961eko azaroaren 20an sartu zen Columbiak New Yorken zuen estudioan, eta hiru egunetan grabatu zituen bere lehenengo diskoa osatuko zuten hamahiru kantuak eta beste lau. Nahiz eta ordurako pieza asko zituen idatziak —Hard Times in New York Town, Talkin' Bear Mountain Picnic Massacre Blues, Standing On The Highway—, diskoan haietako bi besterik ez zuen sartu, biak ala biak Woody Guthrie ondo gogoan zituzten kantuak. Talkin' New York-en, etxe orratzen hirira nola iritsi zen kontatzen du Dylanek,Guthrieren Talkin' Subway Blues kantuan oinarritua neurri batean, eta Song to Woody-k izenburutik bertatik adierazten du maisuarekiko lotura. «Harengan [Guthrierengan]pentsatzen hasi nintzen, hari buruzko galderak egiten nizkion neure buruari... eta bost minutuan idatzi nuen kantua». Kantuan zuzenean egiten dio Dylanek aipamena langileen eta baztertuen ahots bihurtu zen kantariari, eta haren jarraitzaile azaltzen da: «Hey, hey, Woody Guthrie! Kantu bat idatzi dizut / Aurrera egiten duen mundu zahar eta estrainio bati buruz / Gaixo irudi eta gose, nekatua eta zarpail dagoena / Hiltzen ari dela ematen du eta apenas jaio den».

Diskoko gainerako 11 kantuak tradizionalen —Man of Constant Sorrow, Pretty Peggy-O, House of the Rising Sun— eta aurretik blues kantariek idatzitakoen artean banatzen dira —Fixin' to die (Bukka White), See That My Grave Is Kept Clean (Blind Lemon Jefferson)—. Dylanek garai hartan entzuten zuenaren isla dira guztiak. Izan ere, estudiora sartu aurreko asteak disko zaharretan arakatzen igaro zituen. «Gau eta egun pasatzen zuen diskoak entzuten. Folkwaysek kaleratutako Anthology of American Folk Music goitik behera aztertu zuen», adierazi zuen urte batzuk geroago haren lagun Carla Rotolok. Martin Scorsesek zuzendutako No Direction Home dokumentalean Dylanek berak dioenez, «behin edo bitan» entzutea nahikoa zuen kantu bat ikasteko.

Diskoa 1962ko martxoaren 19an iritsi zen dendetara, eta lehenengo urtean nahiko oharkabean pasatu zen. 5.000 ale baino gutxiago saldu zituen, eta Columbiaren barruan baten batek aipatu ere egin zuen kantari gazte harekin zuten kontratua hautsi egin beharko zutela. Diskoetxearentzat zorionez, ez zioten kasurik egin.

Abiapuntua

Hortik aurrerako historia aski ezaguna da. 1962 osoa igaro zuen zuzenean jotzen eta kantuak idazten, eta hurrengo urteko maiatzean bigarren diskoa kaleratu zuen, The Freewheelin' Bob Dylan. Han zegoen haren kanturik enblematikoena, Blowin' in the Wind — gerora Peter, Paul and Maryren bertsioan arrakasta itzela lortu zuena—, baita denborarekin haren kantutegiko pieza garrantzitsu bilakatu ziren beste hainbat ere: Girl of the North Country, Masters of War, A Hard-Rain's A-Gonna Fall... Blowin' in the Wind bera eskubide zibilen aldeko mugimenduaren ereserki bihurtu zen. Eta Dylan, ikono.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.