Uda batez Galeuscan

Eta hiltzea, nonbait, idazteari uztea izango da

Gemma Pasqual i Escriva (Almoines, Safor, Herrialde Katalanak, 1967) idazlea da, eta Jollibre argitaletxearen aholkularia. Zenbait komunikabidetan kolaboratu du eta kolaboratzen du oraindik ere, hala nola Serra d'Or, Llengua Nacional, Barcelona Revew, Literatures, Caràcters de la UV, El Punt Avui, Vilaweb eta La Vanguardia komunikabideetan. L'Escletxa-ko erredakzio kontseiluko kide ere izan da, eta Jornada egunkariko editore kontseilukoa ere bai. Kataluniako Pedagogia Sozietateko batzordekide da (IECen filiala), eta Katalanezko Idazleen Elkarteko presidenteordea Valentzian; Letra Katalanen Instituzioko Aholkularien Kontseiluko batzordekide ere bai, Kataluniako PENeko kide, Sambori fundazioaren patroia, baita FULL fundazioarena ere, eta Accio Cultural del Pais Valenciako presidenteordea ere bai. Hainbat sari eman dizkiote bere obragatik: besteak beste, Samaruc saria 2002an, 2003an, 2005ean eta 2015ean; Benvingut Oliver saria 2007an; Barcanova saria 2007an; eta Mallorca saria 2008an. Llibreter sarirako finalista ere izana da, 2020an, Viure perillosament obragatik.

TERE GUIX.
Gemma Pasqual i Escriva.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Eguna pasatu duenak, urteak ere bai». Kanpaiak jo eta jo. Motel ari dira, tarteak utzita, hiru edo lau batera, kolpe simetrikoak emanez. Joaldi batetik bestera, gaueko isiltasunak garbiagoa dirudi, gogorragoa. Hildakoen solemnitatea da.

Suecan jaio nintzen, 1922ko azaroaren 23an. Biharamuna, hilaren 24a, San Joan Gurutzekoaren festa zen, eta urrutiko ahaide batzuek, denak ere neskazaharrak eta karmeldarren aldekoak oso, modua egin zuten Gaztelako olerkari ospetsu haren izenaz bataiatzeko ni. Gaur egun —oraindik!—, etxeko atean letoizko plaka bat daukat, eta honela dio: «Juan de la Cruz Fuster, abogado». Behin, oilo bat lapurtutako gizon koitadu batek, hala-holako zortea baitzuen, ni eduki ninduen abokatu. Ohiko dokudrama egin nuen: nire bezeroak ez zien ezer txarrik egin oiloei, ez zuen aterik bortxatu, zabalik baitzegoen noski... Bizitzan, ai!, dena pusketak dira! Nik ez daukat abokatu izaerarik; horregatik erabaki nuen literatura egitea, eta beste izen bat hartu nuen: «Joan» izen sinple eta txepela. Bertsoak egiten hasi nintzen, eta arriskutsua izango zen Joan de la Creu izenaz sinatzea. Familiak eta herriko jendeak, ordea, Juanito deitzen didate.

Eguerdiko ordu batean jaikitzen nintzen. Beti galtzen nuen, eguzkia, bai. Batzuetan norbait etortzen zen bazkaltzera, eta, bestela, bakarrik bazkaltzen nuen. Ohitura hartu nuen egunero El Mensajero del Corazón de Jesús irakurtzeko; ikasgaiak gustatzen zitzaizkidan, gomendioak, aholkuak, santuen izendegiaren edo ilargialdien erdian. Batzuetan telebistarekin distraitzen nintzen, gutxitan, komikiaren antza hartzen zuenean... Zenbat tiro eta zenbat gerra, ene! Eta arratsaldean irakurri egiten nuen afalordura arte. Batzuetan norbait etortzen zen berriketan egitera, eta gustatzen zitzaidan. Baina gauerdian, kito. Lanerako ordua zen. Idazmakinaren aurrean esertzen nintzen goizeko sei eta erdiak arte. La Vanguardia-rako artikulu bat egiteko, lau-zazpi ordu behar izaten nituen. Kostatzen zitzaidan pixka bat, bai, betidanik eduki izan baititut mania estilistiko batzuk. Gainera, astean lau artikulu egin behar izaten nituen, eta denari adi egon behar izaten nuen. Artikulu baten moduan ikusten nuen mundua, Plak zioen bezala. Ikusten duzue zer gutxi ordaintzen ziguten! Okerrena da idazten nuenari esker bizi nintzela eta ezin nuela grebarik egin. Eleberrigile aparta izan nahi nuen, dramaturgo bikaina, goi mailako poeta lirikoa; akademiako filosofoa, gutxienez. Baina uko egin nion. Odol malkotan, ezertarako balio ez zuten orri haien gainean negar egin ondoren, uko egin nion. Idaztea —literatura egitea— zuek esaten duzuen hori guztia da, eta, gainera, mendeku hartzeko modu bat.

Ez nuen arroparik erosten. Zertarako? Bi pijamarekin nahikoa nuen. Batzuetan esaten zidaten: amerikana bat erosi behar duzu, daukazuna modaz pasatuta dago eta. Orain koadro txikitxo horiek ez daude modan, marra finak baizik. Zertarako hainbeste kezka, ez nintzen-eta etxetik ateratzen ia.

Lotsagabea ekarri ninduten mundura, eta lotsagabea naiz, ezin diot eutsi. Pla jaunak nitaz zioen sumin samarra nintzela aurpegiz, begi irtenak nituela oso miopea denaren kristal lodien atzean, eta hazpegi hori nuela, mutur beltza deitu izan duguna. Muturbeltza eta lotsagabea izatea uste dut ez zela nahikoa, zuei esan diezazueket orain, nire irudia erretzeko 1963ko martxoaren 19an. Ezerk ez du jendea batzen elkarrekin txorakerietan ibiltzeak bezainbeste. Zeremonia guztiz bat zetorren genero horretako tradizioarekin: Valentziako plaza nagusian izan zen, jende dezente bildu zen, hiriko autoritate gorenak ziren buru, erre zuten imajinak ni irudikatzen ninduen zalantzarik gabe, eta bertutezko haserre judizialak ukitutako esku batzuek piztu zuten irudi hura erretzeko sua. Tartean ez zen izan, zorionez, antzinako Ofizio Santu beneragarriaren botere itzelaren modukoa zeukan tribunalik. Egiatan, gustatuko zitzaidan nire «fede autoa» ikustea. Garaiz jakin izan banu, han egongo nintzen falta gabe. Ongiaren eta gaizkiaren kontra —bataren eta bestearen pretentsioen aurka—, defentsa bakarra daukagu: ironia.

Heriotza ate joka etorri zitzaidan 1981eko irailaren 11n, goizaldeko bost eta erdietan. Arima on batzuek nahiko indar handiko lehergai batzuk zartarazi zituzten nire etxeko burdin hesietan. Etxe erdia azpitik mugituta geratu zen, hormak suntsituta, koadroak eta liburuak hondatuta, lanerako material asko sakabanatuta edo aprobetxatu ezinik, nik zer dakit! Zeharka, bizilagunak ere izan zituen ondorioak: autoak deseginda, kristalak mila puskatan, barandaren bat edo beste bere tokitik aterata... Dena dela, «okerragoa izan zitekeen», okerragoa izatea nahi baitzuten, ia ziur, ekintza egin zutenek. Ez zen «zauriturik» izan. Miraria izan zen inork jasan ez izana aurreikusitako ondorioak: bateko edo besteko zauriak, heriotza.

Lehen aldiz halako piroteknia bat opari ekarri zidatenean, 78. urtean, ez zuen ematen kontua hain drastikoki urruti iritsiko zenik. Ez dakit bromagileak lehengo berak ziren, edo soka bereko batzuk: nik ez dakit, eta ez da inoiz jakin. Nolanahi ere, ezagun du badutela ideia bat buruan iltzatua. Eta, zorionez, «pasatu» egin nuen egun hura: esan nahi dut bonbek ez zidatela minik egin. Izorratuko ninduen zauri mingarriak egin izan balizkidate: bertan hiltzea, berriz, egokia irudituko zitzaidan. Nire adinean —nik neure buruari modu subjektiboan jartzen diodan adinean—, ia ez dago ilusiorik, eta bat pentsatzen hasten da ez ote duen eman gizaki gisa eman zezakeen guztia. Nolanahi ere, bizirik atera, eta nengoen toki berean gelditu nintzen: idazmakinaren aurrean. Ofizioak eta konbikzioek hortxe iraun zuten, beti bezala. Zergatik ez? Ez daukat besterik. Gorroto naute, eta horrek ez du garrantzirik, baina haiek gorrotatzera behartzen naute, eta horrek bai, horrek badu garrantzia.

Banekien nik ez nuela ehun urte iraungo, beti pentsatu izan dut bizitzea antihigienikoa dela, baina ez nuen espero ekainaren 21 hartan hiltzea, 69 urterekin. Nik gauza bat bakarrik eskatzen nuen: Adolf Pizcueta jauna bezala hiltzea, inor ohartu gabe, eta, hildakoan, ni kartoizko kaxa batean sartzea eta besterik gabe Erriberako arroz soro batera botatzea.

Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.